Tag Archives: zista

Iraganaren puzzlean pieza berri bat

Blog honek helburutzat du zuei guztioi, Gipuzkoako natur-guneetako bisitarioi alegia, gure ondareez, naturalak zein kulturalak, gozatzeko bideak eskaintzea. Batzuetan guregana etortzen zarete, interpretazio zentro eta museoetara, eta beste batzuetan aldiz, blog honen bidez ikasten duzue zerbait. Sarrera honekin batera, proposamen bat luzatu nahi dizuegu; guk berriki Aralarren berreraiki den elementu baten berri eman nahi dizuegu, honen inguruko informazio pixkat bat emanez. Trukean, gero, elementu hori bisitatzeko erronka luzatu nahi dizuegu, bertatik bertara ikusi eta zuen bi begiekin gozatzeko aukera emanez. Damutuko ez zaretela ziurtatzen dizuegu, ingurua sekulakoa da eta jarraian azalduko dizuegun iraganaren lekuko hau, zoragarria.

DSC_0119

Ondarreko Zistaz ari gara, baina koka gaitezen lehenik inguruan. Ondarre, edo zehaztasun gehiagorekin Pikuetaondarra-Naparbide eremua, Aralarko Natura Parkean dago, honen bihotzean, Lizarrustiko Parketxetik (Ataundik) oinez joanda ordubete ingurura. Gutxi dira Euskal Herrian Historiaurreko hainbeste aztarna dituzten inguruak: trikuharriak, zistak, monolitoak, baratzak (cromlechak)… Ikerketa lanak amaitu ez direnez, ezin bazter daiteke arkeologoek oraindik aurkikuntza gehiago egitea. Hain zuzen, Aralarren aurkituriko giza-aztarna zaharrenak (Neandertalek egindako tresnak) Pikuetaondarren azaldu ziren duela ez hainbeste.

Aurkikuntza horiek guztiak EHUko arkeologia irakasle titularra den Joxean Mujikak zuzenduriko ikerketa-taldeak egin ditu, Aralarren lanean urteak daramatzanak.

Oraingoan, azken hilabete honetan egin diren Zistaren berreskuratze lanen inguruko informazioa eman nahi dizuegu. Zista bat hilobi-monumentu bat da, tamaina txikia duena, Trikuharri txiki baten modukoa. Bertan, zendua fetu-jarreran hilobiratu ohi zuten. Ondarreko zista honen aurkikuntza 2011. urtean egin zen, metro bateko bi harri luze paralelo zeuden eta ote zuriz estalirik zegoen guztia, irudian ikus daitekeen moduan.

zista6
Argazkiak: Joxean Mujika

Urte horretan bertan industu zuten gune hori Joxean Mujika eta bere lantaldeak, Brontze Aroko (4000-3500 urte) zista bat zela egiaztatuz. Gaineko estalkia kameraren barnera eroria zegoen, ehortzitakoen hezur-hondarrak zanpatuz. Inguruko hainbat harlauza ere zatikatuta eta lekualdatuta agertzen ziren. Indusketa horretan adin desberdineko lau gorpuren hondarrak aurkitu ziren, baita 7 ontzitxoen puskak eta hezurrez egindako zintzilikario bat izan daitekeena ere.

zista3
Argazkia: Joxean Mujika

Multzo horren harrizko elementuen mantentze-egoera kaxkarra dela eta, indusketaren zuzendariak eta GFAko Gordailuko zaharberritze tailerreko teknikoak zista hori finkatu, puskak elkartu eta harriak atontzea erabaki zuten.  Gainera, harlauzak jatorrizko lekuan berrezarri dituzte, betiere  indusketa fasean bildutako dokumentazio eta argibideak kontuan hartuz. Barnean metalezko egitura bat gehitu zaio, multzoaren oreka eta egonkortasuna bermatzeko. Gaineko estalkiari dagokionez, jatorrizko tamainarekin alderatuz gero hiru aldiz txikiagoa zen, denboarekin jasandako disoluzioaren eraginez. Hori horrela izanik, berreraikitze bat egitea erabaki zuten, estalkiaren jatorrizko puska horiek barneratuz. Lan hauek azken hilabete honetan amaitu dituzte eta orain iraganean izango zuen forma ikus daiteke, guztion gozagarri.

zista4
Argazkia: Joxean Mujika

Zehaztasun guzti hauek argituta, Aralarko Parketxetik Joxean Mugika eta bere lantaldeak egindako lana goraipatu besterik ezin dugu egin. Zorionak, inguru honetan egidako ikerketa guztiengatik eta mila esker gure iraganeko puzzleari beste pieza bat gehiatzearren. Jarrai ezazue Jose Migel Barandiaranek inguru hontan hasi zuen puzzlea osatzen, gu ere ez gara oso aparte ibiliko.

Orain zuek guztiok, Aralarko maitale finok, helduiozue gure erronkari eta gerturatu zaitezte Ondarreko harantxora, bertan egindako azken aurkikuntzak ikusi eta iraganera bidaia azkar bat egitera. Edozein argibide edota informazio nahi baduzue Ataungo Barandiaran Museoan edota Lizarrustiko Parketxean egongo gara zuen zain!

Denboran zehar bidaiatu genuen atzo Aralarren

Bazirudien astean zehar eguraldi iragarpenak ez zeudela gure alde, baina azkenean goiz ezinhobea izan zen atzokoa Aralarren, zentzu guztitan. Eguraldia, mendian ibiltzeko paregabea, eta Ondarrera gerturatu zen jendea, jatorra eta jakinminez betea.

Hortaz, faktore guzti horiek aldeko izanda, zer gehiago eska geniezaioke abuztuko goiz bati?… Jendeari azalpen egokiak ematea eta kultur ondarea helaraztea, noski. Lan hori ezinhobeto burutu zuen Luis Mari Zalduak. Berak egin zituen atzo gidari lanak eta denboran zehar bidaia interesgarri bat proposatu zigun Aralarko mendietatik barrena.

DSC_0135

Ondarre inguruko monolito, trikuharri, zista, bizileku, saroi zein cromlechak bisitatu genituen eta baita bakoitzaren sekretuak deskubritu ere. Irteerara bertaratu zirenak interes handia azaldu zuten aztarna hauen inguruan eta Zalduak galdera eta kezkak ezinhobe ebatzi zituen.

Zalantza izpirik gabe Ondarre inguruak aztarna asko ezkutatzen ditu oraino eta Jose Antonio Mujikaren gidaritzapean lanean diharduten adituek sekretu asko lurrazaleratu eta plazaratuko dituzte datozen urteetan. Gure asmoa zein eginkizuna jendeari Aralarko mendiguneak erakustea, ezagutaraztea eta maitatzen laguntzea denez, adi egongo gara azken aurkikuntzekin eta atzokoa irteera ezin interesgarriagoa izan zenez, gehiago antolatuko ditugu aurrerantzean.

Zenbat sekretu ezkutatzen ote ditu Aralarrek oraindik? Batek daki…

Atzoko irteerako argazkiak ikusteko klikatu hemen.

Aralarreko historiaurreko aztarnak ezagutu

Ondarreko Historiaurreko aztarnak ezagutzeko ibilaldi gidatua antolatu dugu Abuztuaren 9rako. Ondarreko harantxoa Aralarko Natur Parkean dago, Lizarrustiko parketxetik (Ataundik) oinez joanda ordubete ingurura. Bidea erraza bezain ederra da.

Historiaurreko Aztarnak

Bertan Historiaurreko hamaika aztarna aurkitu dira oraintsu (Aralarko giza aztarnarik antzinena Ondarren topatu da) eta lanean dihardute oraindik adituak, beraz ezin bazter daiteke oraindik aztarna gehiago topatzea.

Abuztuaren 9ko irteeran Ondarre inguruko trikuharriak, zista bat, cromlechak eta bestelako megalitoak bertatik beratara ezagutu eta ulertzeko aukera izango du bisitariak, Luis Mari Zaldua adituaren eskutik.

Bi abiapuntu izango dira irteera gidaturako: 9:00etan Lizarrustiko parketxetik eta 10:30etan Errekabletzeko langatik. Itzulera orduak 12:30ak eta 14:00ak izango dira, hurrenez hurren. Adin guztietako bisitariei dago zuzendua txangoa. Izena emateko edo informazio gehiago jasotzeko: barandiaran@gipuzkoamendizmendi.net / 943 180 335 / 688 895 069