Tag Archives: tradizioaren gordeleku

Artzaintza gaur egungo erara

Ez da makala Aralarren artzaintzak gaur egun duen garrantzia, iraganeko tradizioaren gordeleku paregabea baitira mendigune hauek. Baina, benetan ezagutzen al dugu lanbide honen barneko lana? Ardiak larretu, zaindu, jetzi, gazta egin…

Bada, ohorezko gidari baten eskutik sekretuok ezagutzeko aukera luzatu nahi dizuegu. Joseba Insausti Aralarko artzain eta gaztagile gazte bezain eskarmentatuak bere lana erakutsiko digu, bere mendiko etxolan bisita egingo diogu eta bere ahotik entzun ahal izango ditugu azalpenak. Josebak Espainiako Gazta Onenaren Saria jaso berri du eta beraz, zein, Joseba baino hobe sekretu guztiak azaleratzeko?

Aralarko artzaintza 2016 kartela

Ibilaldian parte hartzeko erreserba egin behar da, horretarako jarri gurekin harremanetan 943 18 03 35 / 688 89 50 69 telefonoetan edota barandiaran@gipuzkoamendizmendi.net helbidean.

Ez ezazu aukera hau galdu!

Advertisements

Tradizioari ate joka

Atzo, eguraldi zoragarri batez lagunduta, tradizioari ate joka joan gintzaion Aralarren. Joseba Insausti artzain eta gaztagileari bisitatxo bat egin genion bere Esnaurretako bordan. Gazta egiten topatu genuen eta bertatik bertara ikusi ahal izan genuen bai helduok eta baita haurrek ere nolakoa den prozesu berezi hori.

Txikienek harrituta begiratzen zioten ardietatik goizean goiz jetzitako esneari eta ikusmira handiz jabetzen ziren nola ari zen esne hori gazta bihurtzen.

Artzaintza eta gazta Aralarren

Josebak bere ukuilua eta gaztategia erakutsi zigun eta bere etxe barrura ere sartu ginen, berak egindako gazta goxo-goxoa dastatzera. Mendiko gazta deritzona egiten du Josebak, Idiazabal denominazioaren barruan eta honen inguruko hamaika berezitasun azaldu zizkigun.

Irailaren azken asteburuan berak egindako gazta desberdinen dastaketa bat egingo dugu Aralarko Parketxean, gogoan izan eta egon zaitezte adi!

Mila esker Joseba zure lanbide honen berri ematearren eta zure etxera sartzen uzteagatik. Aralarko oinarrizko pieza zarete artzainok! Eutsi horri!