Tag Archives: tejo

Hagin baso misteriotsuak Pagoetan

blog-erako

2015/01/24

Antxon Gomez Basozainaren eskutik denboran zehar bidaitatu genuen eta haginek sortutako baso laberintikoetan galduta ibili ginen, handik eta elfo batzuek topatu gintuzten arte.

Jurasikotik gaur-egunera iritsi zaizkigu Guipuzkoako armarrian agertzen diren haginak eta pasa den larunbatean bitxikeri ugari ikasteko aukera izan genuen.

 

 

 

Pagoetako haginei balioa ematen

2015-01-24

Iberiar penintsulako hagin populazio handiena Pagoetan dugu

– Noiz: Urtarrilaren 24an,larunbata, 10:00etatik 13:00etara.
– Iraupena: 3 ordu.
– Gidaria: Antton Gomez Pagoeta Parke Naturaleko basozaina.
– Hizkuntza: euskara emango dituzte azalpenak.
– Prezioa: Helduek 5 euro eta 3-12 urte bitarteko haurrek 3 euro.
– Izen-ematea: Aldez aurretik eman behar da izena 943-835389 telefono zenbakira hots eginda eta iturraran@gipuzkoamendizmendi.net helbidean.

Haginari merezi duen balioa emateko asmoz irteera gidatua antolatu da Iturraran Parketxean larunbaterako. Eskualdeko herritarren artean ezaguna da hagina, baina gutxik dakite Pagoetako parkean Iberiar Penintsulako hagin kopuru handiena biltzen dela; Europako hagin populaziorik handienetakoa da gainera. Hagina zuhaitz zaharra eta berezia izanik babestuta dago eta Gipuzkoako Foru Aldundia kontaketa egiten ari da, Pagoetako Parke Naturalean eta inguruan 12.000-15.000 hagin inguru egon daitezkeela uste dute teknikariek. «Zenbaketa zaila da, txindurri lana. Izan ere, parkean haginak baso mistoetan daude gehienbat, beste zuhaitz espezieekin nahastuta daude eta horrek zaildu egiten du kontaketa prozesua» azaldu du Antton Gomez Pagoeta parkeko basozainak.

Hagina balio handiko zuhaitza denez, Pagoeta parkeko basozainak parkean sakabanatuta dauden haginak ugaritzeko garbiketa egiten ari dira. «Hagin baten ondoan metro eskasera beste zuhaitz batzuk egon daitezke, askotan exotikoak izaten dira, gizakiak landatutakoak. Horiek mozten ari gara haginei lasai hazten uzteko; bestela beste zuhaitzek gainditu egiten baitituzte eta ihartu egiten dira».

Hagin multzoak «matriarkatuak» direla esaten dute adituek. Haginak arrak edo emeak izan daitezke eta emeen inguruan hagin txikiak hazten dira askotan. Izan ere, «haginak fruituetatik zabaltzen dira. Hegaztiek zuhaitzetatik haginaren fruitu gorrixka jaten dute; haziak ernaltzeko digerituak izan behar dute eta hegazkiek zuhaitz inguruan zirina egiten dutenean lurrera erori eta bertatik hagin berriak sortzen dira». Horrela hagin basoetan hagin zahar bat eta inguruan hagin txiki ugari aurkitu daitezkela azaldu du Gomezek.

Pagoeta Parke Naturalekoa hagin populazioa hazten ari da gainera, eta «hori ez da Iberiar penintsulan beste inon gertatzen ari. Hagin txiki piloa dago». Kantauriko Kostako klima haginentzat aproposa da, hezetasun handiko eremua delako, baina askotan «gizakiaren eraginez atzeraka» egin dutela dio Gomezek. Asturiaseko Sueve mendilerroan esaterako 9.000 hagineko basoa aurkitzen da, baina ez da erregeneraziorik gertatzen ari. «60 hamarkadan adarzabalak askatu zituzten bertan; poblazioa oso handia da eta horiek hagin gazte guztiak jan dituzte azken 50 urtetan; horregatik, basoa kolapsatuta dago, ez da berritzen ari. Hagin zahar oso handiak daude, baina ez dago gazterik. Adarzabalak kentzen ez badituzten pixkanaka desagertu egingo da basoa».

Antton Gomez basozainaren esanetan Pagoetan penintsulako beste hainbat basoetan baino hagin gehiago egotea Gipuzkoako Foru Aldundiaren erabakia izan  zen; izan ere, foru aldundia parkea kudeatzen hasi zenean eta beste hainbat espezie landatu zituztenean haginak ez mozteko agindua eman zuen orduko arduradunak. Horregatik hagin zaharrak ere aurkitu daitezke Pagoeta parkean, 500 urte inguru dituztenak.

Zuhaitz preziatua
Haginek balio ekologiko handia izateaz gain, historian zehar ere oso preziatuak izan dira. Paleolitikoan hasita ehizarako eta gerrarako armak egiten ziren haginen egurrarekin, haginez egindako arkuak potentzia handikoak eta indartsuak baitziren. Frantziarren eta Ingelesen arteko Ehun Urteko Gerran esaterako, ingelesei beren hagin basoak amaitu zitzaizkien eta Kantauriko kostaldea gertu zutenez euskal basoetatik hartu zuten armak egiteko hagin egurra.

Egun bestelako erabilera du haginak. Haginaren azalean dagoen onddo batek sortzen du taxanoa izeneko sustantzia eta hori oso garrantzitsua da bularreko minbiziaren aurkako sendagaia egiteko. «Zuhaitz bakoitzean oso kantitate txikian aurkitzen da taxanoa eta hori dela-eta Ameriketako Estatu Batuetako eta Kanadako hagin baso erraldoiak uztiatu dituzte sustantzia hori lortzeko, oraindik ez baitute lortu molekua hori laboratorian sortzerik».

 

 

2015a ikusiz, ikasiz eta dastatuz hasiko dugu Iturraranen – Ver, aprender y degustar… buen comienzo para el 2015 en Iturraran

2015/01/17 Talo tailerra – Taller de talos

2015/01/24 Haginari balioa ematen

Erreserba egiteko – Para reservar: iturraran@gipuzkoamendizmendi.net

urtarrileko-ekintzak-batera