Tag Archives: sandrati

Sandratiko erraiak

Zalantzarik gabe, Aizkorri-Aratz parke naturalean aurkitzen den txoko magikoenetako batean aurkitzen da San Adrian edo Sandrati izenez ere ezaguna den koba zaharra, 980 metrora dagoen Lizarrate lepoaren inguruetan. Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologia sailak 2008. urtean aztarnategi bat martxan jarri zuen koban, eta aurten ere uztaileko bigarren hamabostaldian bertan izan dira indusketa lanak egiten. Dagoeneko goi-paleolitotik  hasita XX. mende arteko material arkeologikoak aurkitu dituzte; silexezko tresnak, hezur- eta fauna-hondarrak, txanponak eta arma-zatiak eta antzinako eraikinak…

Uztailean bisita gidatuak egin ditugu indusketa gunera, lehena uztailaren 22an izan bazen, bigarrena pasa den larunbatean, uztailaren 29an burutu zen. Azken honi dagokionez, eguraldi paregabeak lagunduta, Aldaola parkinetik atera zen goizeko 10etan 20 laguneko taldea Sandratiko kobetara bidea eginez. Ibilbidearen erdi inguruan, Mikeleteentzat egin zen eraikin berriaren oinean, Anduetza parketxeko hezitzailearen azalpen batzuekin batera lehen atsedenalditxo bat egin zen.

IMG_20170729_105629

Bideari berrekin eta ordu laurden batean egin zioten harrera taldeari dagoeneko koban zain zeuden Aranzadiko arkeologo adituek. Sandratiko pasoak historian zeharreko garai ezberdinetan izan duen garrantziaz, aurkituriko aztarna eta ebidentziez, arkeologiako metodologia, metodo eta lan teknikei buruz zein aintzinako mito eta sineskerei buruz, besteak beste, jardun zitzaizkigun Jesus Tapia eta Alfredo Moraza arkeologo, Aranzadiko kide eta indusketa lanen arduradunak.

Hau honela, ingurune natural paregabe batez gozatuz, adituen azalpen aberats eta interesgarrien laguntzaz eta bertan zeudenen arteko giro atsegin eta lagunkoiari esker, goiz benetan polit bat igaro zuten bertan parte hartu zutenek!

Advertisements