Tag Archives: sagar bilketa

Bat, bi, hiru, lau: sagarra jo, sagarra jo, sagarra jo!

Atzo goizean Aiako Satxota sagardotegiko sagastian bildu ginen Nerearen gidaritzapean. Erronka gogorra genuen aurretik: sagardoa ekoiztu ahal izateko sagar bilketa egin behar!

Sagarra bildu aurretik fruituaren heldutasuna neurtzea komeni da, ondoren makilaz sagarrondoaren adarrak astindu eta lurrera eroritako aleak kizkiaz otarrera bildu genituen. Nereak ondorengo prozesua azaldu zigun: fruitua sagardotegiko tolarera eraman eta sagarra joaz muztio goxoa aterako da. Jarraian, zukua upeletan gorde eta denboraren poderioz sagardoa bihurtuko da.

Lan neketsuaren ostean, mahai inguruan bildu eta hamaiketako goxo batekin indarrak berritu genituen: sagar mota ezberdinak dastatzeko aukera izan genuen, baita fruitu honetatik eratorritako hainbat produktu ere (zukua, sagardoa, irasagarra..). Guzti hau txalapartaren doinuez alaituta, sagardogintzarekin lotura estua duen instrumentu hau jotzera animatu baitziren bixitari batzuk. Goiz ederra pasa genuen!

Advertisements