Tag Archives: Pozontarri

Muniskuegañeko multzo megalitikora, Zilegimendietan barrena

Martxoak 9

Gutxi dira Gipuzkoan Muniskuegaña (Mulisko gaña) bezain toki kitzikagarriak. Lehenik eta behin, behinola Urumeako Zilegimendiak izan zirenen zati handia bertatik bertara ikusten da handik. Hango mendiak, basoak, larretokiak, errekak…, a zer nolako ikuskizuna!

Bigarrenik, Muniskuegañan dagoen multzo megalitikoarengatik: zutarri bikaina, zista bikoitz paregabea, hiru cromlech, zein baino zein dotoreagoak…

Gainera, bidean zuhaitz lepatuekin, saroiekin, betizuekin eta beste hainbat altxorrekin goza daiteke. Eta, jakina, ezin ahantzi bide erdian dagoen Pozontarriko lepua izeneko dolmena.

Gidariari dagokionean, Luis Mari Zaldua Etxabe urnietarra da eta urteak eman ditu alderdi hura guztia zehazkiro ezagutzeko ahalegina egiten. Onomastikaria denez gero, inguru hartako toki-izenen berri ere emango du, besteak beste.

Aukera ederra duzue, beraz, bide erraz eta egokiaz gozatuz, goiz-pasa polita egiteko. Jarduera doan da eta izena ematea ezinbestekoa.

Muniskuegaña_2019