Tag Archives: olentzero

Eta amets eginez gabonetan murgildu gara…

Goiz magikoa gaurkoa Aralarko paraje ederretan… 600 lagun abiatu dira gogotsu Olentzero eta Maridomingiren bila aurtengo gutuna eskura emateko asmoz, eta, a zer nolako sorpresak topatu dituzten bidean zehar! mendiotan bizi diren jentilak, sorginak, Akerbeltz, Tartalo, San Martin Txiki, Zezengorri, galtzagorrik eta makina bat pertsonai desberdin!

Azkenik, ibilaldiaren amaiera aldera basoan murgildurik topatu dituzte hain maitatuak diren Olentzero eta Maridomingi galtzagorri ttiki eta bihurri batzuen laguntzari esker. Ilusioz bete zaizkie aurpegiak haurrei eta hitz batzuk esan ahal izan dizkiete aurrez aurre; lasai ederrean egingo dute lo etxeko txikienek Gabon gauaren zain!

3

Eskerrak eman nahi dizkizuegu gure jardueretan parte hartu duzuen bisitari guztioi, Jentilbaratzako kideei, egiten duten lanagatik izango ez balitz hau ezinezkoa izango litzatekeelako, eta blog honetako jarraitzaile guztioi ere. Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioaren partez GABON ZORIONTSUAK OPA DIZKIZUEGU! Eta… jarrai ezazue amets egiten!

2

4

5

7

8

9

Bete dira Jentilak eta Olentzero ibilaldi magikorako txandak

Jakinarazten dugu BETETA dagoela Jentilak eta Olentzero 2019 ibilaldi mitologikoa. Izena ematerako egon den eskaera izugarria izan da eta web orrialdea momentu batzuetan erorita egon da. Prozesua amaitzea lortu dezuenok 2 korreo elektroniko jasoko zenituzten zuen emailean. Konfirmaziorik jaso ez baldin badezute, pena handiz,  ez dituzue sarrerak lortu.

Jarduerak dituen ezaugarriengatik ez da posible jende gehiago hartzea ekintza beraren segurtasuna eta kalitatea ziurtatzeko. Ulertuko duzuelakoan mila esker beste behin guztioi.

Jentilak eta Olentzero ekitaldirako izen-ematea nola egin

Hemen aurkitu ditzakezue Jentilak eta Olentzero ibilaldi magikorako izen ematea egiteko xehetasun guztiak: http://jentilbaratza.eus/jentilak-eta-olentzero-ekitaldirako-izenematea-nola-egin/

Ondo irakurri pausu guztiak izen-ematea abenduaren 4ean ireki baino lehen, prozesu guztia bere osotasunean bete behar da, bestela ez baita erreserba ondo erregistratuko!

Jentilak eta Olentzero_2019

 

Hemen da, badator…“Jentilak eta Olentzero” ibilaldi magikoa!

Aurtengo “Jentilak eta Olentzero” ibilaldi magikoa abenduaren 22an ospatuko da, ohikoa den bezala Lizarrustiko Parketxetik abiatuz.

Izena emateko abenduaren 4ean “www.jentilbaratza.eus” web-orrian erreserba egin beharko da (goizeko 9:00etatik aurrera). Erreserba honen bitartez eskuratzen den agiria, ibilaldiaren egunean bertan Lizarrustiko Parketxean sarrerarengatik aldatu beharko da (prezioa 3€ izango da pertsonako).

Aurrez, esan, jakin badakigula oso denbora gutxian agortuko direla lekuak, urtero bezala ehunka eta ehunka pertsona ari zaretelako deitzen informazioa eskatuz, eta pena handiz, baina agortu ondoren ezin izango dugula izen gehiago hartu.

Kontutan izateko hainbat ohar garrantzitsu:

  • Adierazitako webgunea da modu bakarra sarrerak eskuratzeko.
  • Egunean bertan ez da onartuko sarrerarik ez duen inor. Jarduera honen kalitatea eta segurtasuna bermatu nahi dira, hortaz, sentitzen dugu kanpoan geratuko diren guziongatik, bihotzez, eta ulertuko duzuelakoan gaude.
  • Bi ordu eta erdi / hiru bat orduko ibilaldia izango dela aurreikusten da, nahiz eta zailtasun aldetik ez den ibilaldi zaila 3 urtetik gorako aurrentzat da soilik egokia.
  • Ibilaldiaren hasieran eta amaieran 10-15 minutuko aldapa egongo da, baina tarteko ibilaldia baso lau batetik zehar egingo da, ia desnibelik gabekoa, pagadi eder eta magiko batetik hain zuzen ere, pertsonaia mitologikoen bizileku den Allekupeko basoetatik.
  • Lizarrustiko aparkalekua txiki geratzen da horrelakoetan, hortaz, arren, sarrerak eskuratzea lortzen duzuenok ahalik eta kotxe gutxienetan etorri.
  • Mendiko arropa eta oinetako egokiak beharrezkoak izango dira eta noski, mundu mitologikoan murgiltzeko gogoz eta ilusioz etortzea!

Ausartzen al zarete gurera etortzen?

Jentilak eta Olentzero_2019

Aralar, lurralde mitologiko hori

Magiaz eta ilusioz bete zen atzo Aralar. Mendez mende, ahoz aho transmititu eta Barandiaran, Arin edo Arratibeli esker idatziz jasotako leienda eta istorio ederrak bizi genituen Aralarko natur ingurune zoragarrian.

DSC_0160

Lizarrustiko parketxetik abiatuta, 600 lagun, hiru taldetan banatuta, Allekuko baso ederrean murgildu ziren. Izaki mitologikoak eta ipuinetako pertsonai ugari azaldu ziren ibilaldian zehar ipuin eta istorio ederrak kontatuz: Mateo txistu, Maribelar, Sorginmari, Martin beltz,  Aker beltz, Maridomingi, Sanmartin txiki, basagizona, lapurrak, haurrak, jentilak, Torto, Basajaun… eta nola ez, baita Olentzero ere!

Ataungo Jentilbaratza kultur elkarteko lagunek eskainitako ikuskizuna zoragarria izan zen. Eskerrik asko bihotzez egindako lanagatik eta mila esker hurbildutako guztiei. Lekurik gabe gelditutakoei adierazi nahi diegu, lanean jarraituko dugula guztiontzat aukera berriak sortzeko.

2019rako… Zaku bete plan, egitasmo eta ilusio

Eskerrik asko guregana hurbildu zareten guztioi 2018 honetan zehar, eta, hainbeste une eder gurekin batera partekatzeagatik; 2019an ere lanean jarraituko dugu gure artean gustura jarrai dezazuen.

EGUBERRI ETA URTEBERRI ON Gipuzkoako Parketxe Sareko lantalde guztiaren partez!

Olentzero

Olentzero gure artean

Asteburu honetan, Zegamako Anduetza parketxean, Olentzero egon da haur eta helduekin taloak egiten. Adi-adi entzun zituzten haurrek Olentzeroren hitzak, ondoren elkarrekin taloa egin genuen eta bukatzeko jan ere.

Datorren astebururako saioak beteta daudela jakinarazi nahi dizuegu. Anduetza parketxeak ezin ditu saio gehiago eskaini baina datorren urterako, eskaera handi honi erantzuna emateko modua hausnartzen hasiak gara. Sentitzen dugu haurrak kanpoan utzi izana eta espero dugu datorren urtean zehar elkar ikustea!

BETETA DAGO “JENTILAK ETA OLENTZERO” IBILALDI MAGIKOA

Jakinarazten dugu BETETA dagoela Jentilak eta Olentzero 2018 ibilaldi mitologikoa. Badakigu, pena handiz,  asko eta asko geratu zaretela sarrerarik gabe, baina, jarduerak dituen ezaugarriengatik ez da posible jende gehiago hartzea ekintza beraren segurtasuna eta kalitatea ziurtatzeko. Ulertuko duzuelakoan mila esker beste behin bihotz-bihotzez guztioi, izena eman duzuenoi eta lekurik gabe geratu zaretenoi ere.

Jentilak eta Olentzero_2018Beteta

BIHAR, GOIZEKO 10:00ETAN, IREKIKO DA “JENTILAK ETA OLENTZERO” IBILALDI MAGIKORAKO IZEN EMATEA

Ataungo Lizarrusti Parketxean abenduaren 23rako antolatu dugun “Jentilak eta olentzero” ibilaldi magikoan izena emateko zerrenda bihar ostirala (abenduak 14) goizeko 10:00etan irekiko dela jakinarazten dizuegu. Erreserba egiteko bi bide daude, telefonoz (94318 03 35) edota emailez (barandiaran@gipuzkoamendizmendi.net).

Aurrez, esan, jakin badakigula oso denbora gutxian agortuko direla lekuak, urtero bezala ehunka eta ehunka pertsona ari zaretelako deitzen informazioa eskatuz, eta pena handiz, baina agortu ondoren ezin izango dugula izen gehiago hartu.

Hainbat ohar garrantzitsu:

  • Egunean bertan ez da onartuko sarrerarik ez duen inor. Jarduera honen kalitatea eta segurtasuna bermatu nahi ditugu, hortaz, sentitzen dugu kanpoan geratuko zareten guziongatik, bihotzez, eta ulertuko duzuelakoan gaude. Bai Barandiaran Museoan eta baita Lizarrustiko Parketxean ere, urte osoan zehar makina bat jarduera antolatzen ditugu, hemengo ondare kulturala zein naturala hedatu asmoz eta hurrengoan izango duzue aukera berriro ere.
  • Bi ordu eta erdi/hiru bat orduko ibilaldia izango dela aurreikusten dugu, nahiz eta zailtasun aldetik ez den ibilaldi zaila, 3 urtetik beherakoentzat ez da gomendagarria, baldin eta haurra ez badago mendian ohitua.
  • Ibilaldiaren hasieran eta amaieran 10-15 minutuko aldapa egongo da, baina tarteko ibilaldia baso lau batetik zehar egingo da, ia desnibelik gabekoa, pagadi eder eta magiko batetik hain zuzen, pertsonaia mitologikoen bizileku den Allekupeko basoetatik.
  • Lizarrustiko aparkalekua txiki geratzen zaigu horrelakoetan, hortaz, arren, sarrerak eskuratzea lortzen duzuenok ahalik eta kotxe gutxienetan etorri.
  • Mendiko arropa eta oinetako egokiak beharrezkoak izango dira eta noski, mundu mitologikoan murgiltzeko gogoz eta ilusioz etortzea!

Zorte on eta laster arte!

Jentilak eta Olentzero_2018

Olentzerorekin taloak egitera…

Urtero legez Olentzero etorriko da Zegamara, Anduetza Parketxera, haur eta helduekin taloak egitera. Taloak egiten hasi baino lehenago, Olentzerorekin egoteko tartetxo bat izango dugu. Aurten, Olentzerok, bere lanbidearen inguruko istorioa kontatuko du; ikazkintza antigoaleko lanbidea hain zuzen ere. Ondoren, berarekin taloak egin eta jango ditugu goxo-goxo Anduetza parketxean bertan.

Hartu txanda lehenbailehen!