Tag Archives: negua

“White friday” atzokoa Parketxeetan

Atzo zuriz estali zitzaizkigun Parketxeak eta horrelako irudiekin esnatu gara gaur. Ederrak ezta?

Barandiaran museoa, Ataun

Lizarrusti parketxea, Ataun

Anduetza parketxea, Zegama

Arantzazu parketxea, Oñati

Arditurri Parketxea, Oiartzun

Iturraran parketxea, Aia

Advertisements

Elur melur, ez nauk hire beldur

Elur melur, ez nauk hire beldur, etxean badiat nahiko arto eta egur.

Esaera zahar honekin batera zuek guztiokin elkarbanatu nahi dugu duela egun gutxi Berriako blogari batek argitaratutako artikulutxo eder bat.

Malkorri eta Uarrain Lizarrusti mendatetik

Aralarko Eniriok aukera ederrak eskeintzen ditu elurte handi baten ondoren. Elur-jausien arriskutik kanpo, mendi-eski nahiz elur-erraketekin ibiltzeko toki paregabea da.

Smithy / 2015-01-31

Urdinez igoerako ibilbidea eta gorriz jaitsierakoa.

Urdinez igoerako ibilbidea eta gorriz jaitsierakoa. 

Elurte baten ondoren Aizkorriko kanalak ez dira egoera onean izaten eta elur-jausien arriskua dela eta. Honegatik, elur-jausien itzalatik urrun dauden aukerak jarri behar izaten ditugu mahaiaren gainean, horien artean, neguan zehar erdi ahaztua izaten dugun Aralarren egin daitezken ibilbideak.

Goierritik Aralarrera doan edozein ibilbide elur-jausien arriskutik kanpo izaten da eta momentu ona izaten da elur-erraketak jantzi eta hankei beroaldi bat emateko. Aizkorrin gertatzen ez den bezela, erdi-bakardadean ibiltzeko aukera ere emango digu eta zorte pixkat izan ezkero, egun osoan mendizale gutxi ikusiko ditugu.

Artikulu honetan horietako ibilibide bat proposatu behar dizuet, malda gutxikoa, Aralarko paraje ederretatik doana eta Enirio ezagutzeko aukera paregabea emango diguna. Malkorri eta Uarrain mendiak igotzea aukerakoa izan daiteke, baina nire ustez, ibilbidearen erdia mendi baten gailurra izateak irteerari bere xarma ematen dio.

Irteera honetarako kotxea Lizarrusti mendatean Gipuzkoako aldean dagoen aparkalekuan utzi eta, GR-283 (Gaztaren ibilbidea) ibilbidea jarraituz, Lareoko urtegiraino iritsi ginen. Lareoko urtegiraino doan bidea egitea bakarrik plazer handia da eta leku hontako edertasunaz gozatzeko aukera ederra.

17_zpse7f389c4

Lareotik, Eniriora pasa ginen bertako Oidui bordetara iritsiz. Oiduiko bordetatik gora Malkorriraino doan ohiko ibilbidea jarraitu genuen Malkorri eta Uarrain mendiak igoz. Jaisteko, bide bera jarraitu genuen.

Azken finean, eta ibilbidea erabat laburtzeko, Beasainen urtero ehunmilak eta g2h ultratrail frogek jarraitzen duten ibilbide bera jarraitu genuen baina kontrako norantzarekin.

Segidan, ibilbidearen bideo-erreportaitxoa uzten dizuet, espero dut gustuko izatea.

 

Ederra benetan artikulua, gozatu neguko giroaz eta zatozte Aralarko zelai txurietan murgiltzera, aurreko sarrera batean esan genuen moduan… NEGUAK EDERTZEN DU UDA!

Neguak edertzen du uda

Abenduko eguna, argitu orduko iluna. Hala dio esaera zahar batek. Eta ez du arrazoi gutxi. Abenduko egunak urteko egunik laburrenak izaten dira, argi-ordu gutxi izaten ditugu alegia.

Horrek aldaketa ugari ekartzen du gure aldartera, goibel sentitzen gara eta oro har, ganora gutxiago izaten dugu aire libreko jardueraren bat burutzerakoan. Baina ez gara, gu gizakiok, aldaketa hau sumatzen dugun bakarrak, izaki bizidun orok usaitzen du negua. Urte sasoi honen nortasun agiri dira egun larburrak, gau luzeak eta tenperatura baxuak. Honen hurbilerarekin naturaren koloreek beren diztira galtzen dute, dena ilunago bihurtzen da eta geldikortasuna, sosegua, nagusitzen da. Hotzerako, elurrerako, eguraldi goibelerako prestatzen hasten gara naturako elementu guztiok. Azken finean, negua, baldintza gogorren aurrean dugun egokitze-ahalmena jartzen du azterketapean.

negua zuhaitzaZuhaitzek, guk ez bezala, beren jantzi eta maskarak galtzen dituzte eta biluzik egiten diote aurre neguari. Izaki bizidun orok, biziraute teknika bat ala beste garatu besterik ezin du egin, biziraun nahi badu. Baserrietan neguari aurre egiteko gure altxor kuttunenak ganbaratan gordetzen ditugu, udazkenean jasotako uzta kasu (artoa, garia, gaztainak, intxaurrak, urrak…). Landare eta animalien erreinuek, urtaro gogor honi aurre egiteko beren aktibitatea gutxitzen dute, batzuk ia aktibitate deusa izan arte, esaterako  anfibio eta narrastiak, edota lozorroan sartzen diren hainbat ugaztun (muxarra, saguzaharra, trikua…).

Beste teknika eraginkor bat (milurteak badaramatzate mundu honetan, eraginkorra izango da…) azalpean koipeak batzea da, odol beroa dugunon artean bederen. Zuhaitzen kasuan, hazkuntza gelditu eta fotosintesi prozesua mantsotu egiten dute, energia aurreztu asmoz. Egokitzapen prozesu hauek mota askotakoan dira, zein baino zein interesgarriagoa. Naturaren behatzaile zaretenok, jakin badakizue lotura zuzena dutela izakien jokamoldeek eta urtaroek. Hau da, urtaroaren aldaketarekin batera izaki hauen jokatzeko modua ere aldatu egingo da eta honi bira erdi bat ematen badiogu, izaki bizidunen jokamoldeari erreparatuta urtaro aldaketa bat ondoriozta daiteke. Urte sasoien iragarle direla esan dezakegu. Zientzia honi fenologia deritzo.

Lotura eta harreman hau ulertzea ez da lan samurra. Ondo ezagutu beharra daude ingurua eta bertan bizi diren izakiak. Halabaina, interes pixka bat jarrita lotura hauek aisa egin ditzakegu gure kabuz. Norberak zientzia hau garatzen hasteko adibide bat jarriko dizuegu: kurruiloak azaro aldera euskal lurraldeko turista bilakatzen dira, iparraldeko guneetako negua sumatzen hasten denean hain zuzen. Hortaz, kurruiloak gure zeruetatik hegaka ikusten ditugunean, neguaren atarian guadela ondorioztatu behar dugu.  Badira honekin lotutako makina bat esaera zahar: Berriz ere negua atarian edo Antzarrak pasatu, negua etorri. Hori da gure arbasoek egin izan dutena beti, natura behatu, ondorioak atera eta ondorio horiek jakintza bilakatu. Fenologia urte askotako zientzia dela esan daiteke.

kurruilo

Parketxe Saretik, naturaren behatzaile izateko interesa bultzatu nahi dugu, eta negua ate joka dugunez, nahiz eta askok usaitu duten jada, inguruan gertatzen diren aldaketokin gozatzera animatu nahi zaituztegu. Hurbildu zaitezte gure natur guneetara, begiak zabaldu eta ea zer sekretu lapurtzen diogun naturari… Goza ezazue neguko giroaz, neguak edertzen baitu uda.