Tag Archives: Murgisarri

Zuhaitz gazte eta lepatuen artean

Aurreko igandean, martxoak 24, “Murgisarri, zuhaitz lepatuen basotxoa” ezagutzeko ibilaldia izan zen Zegaman. Talde polita izan zen pago gazte eta lepatu hauen artean Foru Aldundiko teknikari adituaren esanak entzuten. Pago gazte hauetan egin den lepatze teknikaren inguruan hitz egiteaz gain, Euskal Herriko basoen historia eta etorkizuna izan ziren ardatz.

Ondoren Anduetza parketxera bueltatuz, zuhaitzen barrunbeak ezagutzeko xilotekan tailer dibertigarri eta hezitzailea izan zen. Egitarau hau Basoen Nazioarteko Eguna ospatzeko antolatu zen Anduetza parketxetik; datorren urtean beste proposamen batzuekin bueltatuko gara!

Murgisarri, zuhaitz lepatuen basotxoa

Datorren igandean, martxoaren 24ean, “Murgisarri, zuhaitz lepatuen basotxoa” ezagutzeko ibilaldia antolatu da Basoen Nazioarteko Eguna ospatzeko helburuarekin. Eguraldi bikaina izango dugu zuhaitz lepatuen jatorriaren, mozketa tekniken eta egur ustiaketa jasangarriaren inguruan besteak beste xehetasun ikasteko.

Ondoren zuhaitzen barrunbeak ezagutzeko Anduetza parketxeko xilotekan tailerra izango dugu. Eman izena lehenbailehen Basoen Nazioarteko Eguna basotxo berezi honetan ospatzeko!

Basoen Nazioarteko Eguna

 

Martxoaren 21ean, Basoen Nazioarteko eguna ospatzen da mundu osoan. Hori dela eta, martxoaren 24ean, igandez, “Murgisarri, zuhaitz lepatuen basotxoa” ezagutzeko ibilaldia antolatu du Zegamako Anduetza parketxeak. Murgisarri, Zegama Udalaren jabetzakoa den mendixka da, non 2018ko apirilean zehar pago gazte batzuk lepatu ziren. Zailtasun gabeko ibilaldi hau, goizeko 10:00etan irtengo da Anduetza parketxetik eta publiko orokorrari zuzendua izango da. Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikari batek azalpenak emango ditu.

“Murgisarri, zuhaitz lepatuen basotxoa” bisitatu eta gero, 12:00ak aldera, Anduetza parketxera bueltatu eta bertan dagoen xiloteka ezagutzera emango da. Xiloteka bat, egur edo zur bilduma bat da, Anduetza parketxean dagoena 1.500 xafla dituelarik. Zuhaitzen barrunbeak ezagutzeaz gain, bost zentzumenak egurraren gainean jarriko dira “Jaten den egurrik ba al dago?” tailerraren bitartez. Etorri egun berezi hau gurekin ospatzea!