Tag Archives: monolito

Denboran zehar bidaiatu genuen atzo Aralarren

Bazirudien astean zehar eguraldi iragarpenak ez zeudela gure alde, baina azkenean goiz ezinhobea izan zen atzokoa Aralarren, zentzu guztitan. Eguraldia, mendian ibiltzeko paregabea, eta Ondarrera gerturatu zen jendea, jatorra eta jakinminez betea.

Hortaz, faktore guzti horiek aldeko izanda, zer gehiago eska geniezaioke abuztuko goiz bati?… Jendeari azalpen egokiak ematea eta kultur ondarea helaraztea, noski. Lan hori ezinhobeto burutu zuen Luis Mari Zalduak. Berak egin zituen atzo gidari lanak eta denboran zehar bidaia interesgarri bat proposatu zigun Aralarko mendietatik barrena.

DSC_0135

Ondarre inguruko monolito, trikuharri, zista, bizileku, saroi zein cromlechak bisitatu genituen eta baita bakoitzaren sekretuak deskubritu ere. Irteerara bertaratu zirenak interes handia azaldu zuten aztarna hauen inguruan eta Zalduak galdera eta kezkak ezinhobe ebatzi zituen.

Zalantza izpirik gabe Ondarre inguruak aztarna asko ezkutatzen ditu oraino eta Jose Antonio Mujikaren gidaritzapean lanean diharduten adituek sekretu asko lurrazaleratu eta plazaratuko dituzte datozen urteetan. Gure asmoa zein eginkizuna jendeari Aralarko mendiguneak erakustea, ezagutaraztea eta maitatzen laguntzea denez, adi egongo gara azken aurkikuntzekin eta atzokoa irteera ezin interesgarriagoa izan zenez, gehiago antolatuko ditugu aurrerantzean.

Zenbat sekretu ezkutatzen ote ditu Aralarrek oraindik? Batek daki…

Atzoko irteerako argazkiak ikusteko klikatu hemen.

Aralarreko historiaurreko aztarnak ezagutu

Ondarreko Historiaurreko aztarnak ezagutzeko ibilaldi gidatua antolatu dugu Abuztuaren 9rako. Ondarreko harantxoa Aralarko Natur Parkean dago, Lizarrustiko parketxetik (Ataundik) oinez joanda ordubete ingurura. Bidea erraza bezain ederra da.

Historiaurreko Aztarnak

Bertan Historiaurreko hamaika aztarna aurkitu dira oraintsu (Aralarko giza aztarnarik antzinena Ondarren topatu da) eta lanean dihardute oraindik adituak, beraz ezin bazter daiteke oraindik aztarna gehiago topatzea.

Abuztuaren 9ko irteeran Ondarre inguruko trikuharriak, zista bat, cromlechak eta bestelako megalitoak bertatik beratara ezagutu eta ulertzeko aukera izango du bisitariak, Luis Mari Zaldua adituaren eskutik.

Bi abiapuntu izango dira irteera gidaturako: 9:00etan Lizarrustiko parketxetik eta 10:30etan Errekabletzeko langatik. Itzulera orduak 12:30ak eta 14:00ak izango dira, hurrenez hurren. Adin guztietako bisitariei dago zuzendua txangoa. Izena emateko edo informazio gehiago jasotzeko: barandiaran@gipuzkoamendizmendi.net / 943 180 335 / 688 895 069