Tag Archives: mahai-ingurua

Etorkizunaz hausnartzen

Atzo, Gipuzkoako Parketxe Sareak antolatuta, Aralarko abeltzaintzaren inguruko mahai-ingurua ospatu zen Ordiziako Barrena Jauregian.

DSC_0128

“Abeltzaintza Aralarren: ekartzen duena eta eskatzen duena” izenburupean aurkeztu genuen saioa. Ez da planteamendu makala. Hasteko, EHUko irkasle eta ikerlari den Arantza Aldezabalek Aralarren aspalditxotik gauzatzen ari den ikerketaren ondorioak azaldu zizkigun, larre eta abererik gabeko eskenatoki bat irudikatuz. Zer gertatuko litzateke Aralarren abeltzaintzarik ez balego?

Hori abiapuntutzat hartuta mahai-inguruko parte hartzaileek hainbat galderei erantzun zieten, zer zailtasun dituen abeltzain batek bere lana burutzeko, zer baliabide eta azpiegitura behar dituen,  nolako etorkizuna espero den Aralarren, nola bila daitekeen oreka bat baliabide eta azpiegituron eta ingurumena zaintzearen artean…

Bertaratu zirenek ere izan zuten zer esana. Beren kezkak azaltzeko parada izan zuten, eztabaida interesgarria sortuz.

Soka luzeko gaia da planteatu duguna, mendiotan egunerokotasunean dauden kezka eta eztabaidak leku batean elkartzea izan da gure asmoa.

Eskerrak eman nahi dizkiegu atzoko saioan parte hartu zuten Arantza Aldezabal, Garokoitz Nazabal, Xabier Iraola, Javier Jauregi eta Iñaki Gorostidiri, egindako lan bikainagatik.

Balorazio oso positiboa egiten dugu Aralarko Parketxean atzoko mahai-inguruaz, saiook ezinbestekoak direla uste dugu eta horregatik, lan honetan jarraituko dugu!

Advertisements

Abeltzaintza Aralarren, nora goaz?

Gauza jakina da, ekonomia eta enpleguaren arloan ez ezik, abeltzaintzak ekarpen garrantzitsua egiten diola gizarteari, besteak beste, ingurumenaren nahiz kultur paisaien kudeaketan eta hobekuntzan.

Alabaina, etorkizuna izan dezan, gainerako ekonomia-alorrek bezala, abeltzaintzak ezinbestekoak ditu lan baldintza egokiak eta horretarako beharrezkoak diren baliabideak, azpiegiturak barne.

Horretaz guztiaz eztabaidatzeko Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioak mahai-ingurua antolatu du otsailaren 19rako Ordizian.

Gonbidatuak zaudete!

Abeltzaintza Aralarren_kartela