Tag Archives: luis mari zaldua

Zegama, Gipuzkoako toponimo zaharrenen artean

Atzo, Zegamako Udalak antolatutako Luis Mari Zalduaren hitzaldi arrakastatsua izan zen Anduetza parketxean. Hitzaldiarekin San Martin Feriako egitarau zabalari hasiera eman zitzaion.

Zegama eta Goierriko jende asko gerturatu zen Zegama toponimoaren jatorria, esanahia eta garrantziaren berri izateko. Oso gustura entzun genituen Luis Mari Zalduak emandako azalpenak, Zegama toponimo eta euskararen jatorriaren inguruan.

Eskerrik asko bertaratutako guztioi!

Advertisements

Zegama izenaren jatorri, esanahi eta garrantziaz

Datorren asteazkenean, azaroaren 8an, hitzaldia emango du Luis Mari Zalduak Zegama izenaren jatorri, esanahi eta garrantziaz, arratsaldeko 7etan, Anduetza Parketxean, Zegamako udalak antolatuta.

Zegama-ren aurreneko aipamenak Erdi Arokoak dira (14. gizaldikoak), baina izena asko ere zaharragoa da, duela bi mila bat urtekoa hain zuzen. Izan ere, Zegama Gipuzkoako toki-izen zaharrenetariko bat da.

Euskaldunek denbora luzez erabiliagatik, etorkiz, Zegama toponimoa ez da euskalduna, latinaren aurreko jatorri indoeuroparra duen izena baizik. Zegama-ren saileko toponimoek Gipuzkoako hegoaldean hizkuntzaren arloan eragin indoeuropar nahiko luzea egon zela iradokitzen dute, baina, gaurdaino iraun duten lekukotzak euskararen arauen arabera aldatu direnez gero, era berean, azaltzen diren tokian (sortu edo bertaratu zituzten garaian) euskaldunak bazeudela erakuste dute.

Guztiarekin, Gipuzkoako hegoaldean eta Euskal Herriko gainerako tokietan dauden datuak, Zegama bezalako adibideak alegia, ez dira aski alderdi haietan jatorrizkoa latinaren aurreko osagai indoeuroparra —eta arrotza euskalduna— zela aldarrikatzeko.

Landutako harrien bila

2bisleotarangoikoa

Saroi berri bat ezartzeko momentuan gure arbasoek, lehenengo eta behin, saroiaren neurriak zehaztuko zituen harria jartzen zuten, haustarria. Harri honetan puntu kardinalen norabideak lantzen zituzten eta bertatik hasten ziren kontatzen saroiaren zabalera. Saroien zabalera zehazteko neurri espezifikoa zuten. Gure arbasoek lurraldea baliatzeko modu eraginkorra sortu zuten, gure ondarea dena. Honenbestez, saroien azken aztarnak zaindu beharko genituzke, ahal izanez gero, berriak aurkituz.

Luis Mari Zalduak eskainitako saroien inguruko hitzaldi honekin hasiera eman genion atzo Zegaman San Martin Feriako egitarau zabalari. Bihar Mikel Urdangarinen kontzertua izango da eta larunbatean feria.

Hemen egitaraua

Saroiak: ondarearen alderdi atzenduak

zegamako-eta-partzuergoko-saroiak_hitzaldia

Zegamako eta Partzuergoko saroiotaz hitz egingo du (euskaraz) Luis Mari Zaldua Etxabek, datorren azaroaren 9an (asteazkenez), iluntzeko 7etan, Zegamako Anduetza parketxean.

Saroien izaera hirutakoa da. Lehenik eta behin, abeltzaintzarako egokiak izateagatik aukeraturiko guneak dira. Bigarrenik, eremu berezi eta berezituak dira, baina, haatik, ez dira itxitako esparruak. Azkenik, arau edo eskubidetik ere badute, behinola hemengo lurralde-antolamenduaren oinarri izan ziren haiexetatik.

Antzina garrantzitsuak izan arren, egun gure ondarearen alderdi atzendua dira, ordea. Alderik alde, bazterrik bazter, saroien izena, izana eta izakia aspaldi samar itzali zen, baina horrek ez du esan nahi euren berririk ez dugunik, ezta gutxiagorik ere, non eta Zegaman gainera. Jakin ere badakigu garai batean saroi asko zeudela Zegaman (eta Partzuergoan). Gaur, ordea, mendi-gailur batera igoz edo airetik ateratako argazkiei erreparatuz gero nekez ikusten da saroirik, ez dago eite biribila duen esparru handi askorik begi-bistan. Horregatik da hain garrantzitsua saroien azken aztarnak zaintzea, ahal izanez gero, berriak aurkituz.

Sarrera dohain izango da.

Denboran zehar bidaiatu genuen atzo Aralarren

Bazirudien astean zehar eguraldi iragarpenak ez zeudela gure alde, baina azkenean goiz ezinhobea izan zen atzokoa Aralarren, zentzu guztitan. Eguraldia, mendian ibiltzeko paregabea, eta Ondarrera gerturatu zen jendea, jatorra eta jakinminez betea.

Hortaz, faktore guzti horiek aldeko izanda, zer gehiago eska geniezaioke abuztuko goiz bati?… Jendeari azalpen egokiak ematea eta kultur ondarea helaraztea, noski. Lan hori ezinhobeto burutu zuen Luis Mari Zalduak. Berak egin zituen atzo gidari lanak eta denboran zehar bidaia interesgarri bat proposatu zigun Aralarko mendietatik barrena.

DSC_0135

Ondarre inguruko monolito, trikuharri, zista, bizileku, saroi zein cromlechak bisitatu genituen eta baita bakoitzaren sekretuak deskubritu ere. Irteerara bertaratu zirenak interes handia azaldu zuten aztarna hauen inguruan eta Zalduak galdera eta kezkak ezinhobe ebatzi zituen.

Zalantza izpirik gabe Ondarre inguruak aztarna asko ezkutatzen ditu oraino eta Jose Antonio Mujikaren gidaritzapean lanean diharduten adituek sekretu asko lurrazaleratu eta plazaratuko dituzte datozen urteetan. Gure asmoa zein eginkizuna jendeari Aralarko mendiguneak erakustea, ezagutaraztea eta maitatzen laguntzea denez, adi egongo gara azken aurkikuntzekin eta atzokoa irteera ezin interesgarriagoa izan zenez, gehiago antolatuko ditugu aurrerantzean.

Zenbat sekretu ezkutatzen ote ditu Aralarrek oraindik? Batek daki…

Atzoko irteerako argazkiak ikusteko klikatu hemen.

Aralarreko historiaurreko aztarnak ezagutu

Ondarreko Historiaurreko aztarnak ezagutzeko ibilaldi gidatua antolatu dugu Abuztuaren 9rako. Ondarreko harantxoa Aralarko Natur Parkean dago, Lizarrustiko parketxetik (Ataundik) oinez joanda ordubete ingurura. Bidea erraza bezain ederra da.

Historiaurreko Aztarnak

Bertan Historiaurreko hamaika aztarna aurkitu dira oraintsu (Aralarko giza aztarnarik antzinena Ondarren topatu da) eta lanean dihardute oraindik adituak, beraz ezin bazter daiteke oraindik aztarna gehiago topatzea.

Abuztuaren 9ko irteeran Ondarre inguruko trikuharriak, zista bat, cromlechak eta bestelako megalitoak bertatik beratara ezagutu eta ulertzeko aukera izango du bisitariak, Luis Mari Zaldua adituaren eskutik.

Bi abiapuntu izango dira irteera gidaturako: 9:00etan Lizarrustiko parketxetik eta 10:30etan Errekabletzeko langatik. Itzulera orduak 12:30ak eta 14:00ak izango dira, hurrenez hurren. Adin guztietako bisitariei dago zuzendua txangoa. Izena emateko edo informazio gehiago jasotzeko: barandiaran@gipuzkoamendizmendi.net / 943 180 335 / 688 895 069

 

Saroien ibilaldia bertan behera geratzen da

Kaixo lagunak!

Igande honetarako, uztailak 6, Aralarren antolatuta genuen Saroien inguruko ibilaldia bertan behera uzteko erabakia hartu dugu. Eguraldi iragarpenak ez daude gure alde eta egun osoko irteera denez gero, baldintza egokiagoak suertatzen diren arte utziko dugu irteera hau. Baina lasai, izango duzue ibilaldi honen berri aurrerago.

euria

 

Amezketako Saroiak Aralarren

Uztailaren 6an, igandez, ibilaldi bat egingo dugu Aralarren, Amezketak bertan dituen saroiak ezagutzeko. Gidari aditua Luis Mari Zaldua izango da, Buruntzuntzin Mendi Elkartearen eskutik. Ibilaldi hau Maiatzean egiten saiatu baginen ere, eguraldiagatik bertan behera utzi behar izan genuen. Beraz, orain duzu aukera berria parte hartzeko!

Amezketako saroiak Aralarren. Aralarko Parketxea