Tag Archives: lizarrustiko parketxea

BIHAR, GOIZEKO 10:00ETAN, IREKIKO DA “JENTILAK ETA OLENTZERO” IBILALDI MAGIKORAKO IZEN EMATEA

Ataungo Lizarrusti Parketxean abenduaren 23rako antolatu dugun “Jentilak eta olentzero” ibilaldi magikoan izena emateko zerrenda bihar ostirala (abenduak 14) goizeko 10:00etan irekiko dela jakinarazten dizuegu. Erreserba egiteko bi bide daude, telefonoz (94318 03 35) edota emailez (barandiaran@gipuzkoamendizmendi.net).

Aurrez, esan, jakin badakigula oso denbora gutxian agortuko direla lekuak, urtero bezala ehunka eta ehunka pertsona ari zaretelako deitzen informazioa eskatuz, eta pena handiz, baina agortu ondoren ezin izango dugula izen gehiago hartu.

Hainbat ohar garrantzitsu:

  • Egunean bertan ez da onartuko sarrerarik ez duen inor. Jarduera honen kalitatea eta segurtasuna bermatu nahi ditugu, hortaz, sentitzen dugu kanpoan geratuko zareten guziongatik, bihotzez, eta ulertuko duzuelakoan gaude. Bai Barandiaran Museoan eta baita Lizarrustiko Parketxean ere, urte osoan zehar makina bat jarduera antolatzen ditugu, hemengo ondare kulturala zein naturala hedatu asmoz eta hurrengoan izango duzue aukera berriro ere.
  • Bi ordu eta erdi/hiru bat orduko ibilaldia izango dela aurreikusten dugu, nahiz eta zailtasun aldetik ez den ibilaldi zaila, 3 urtetik beherakoentzat ez da gomendagarria, baldin eta haurra ez badago mendian ohitua.
  • Ibilaldiaren hasieran eta amaieran 10-15 minutuko aldapa egongo da, baina tarteko ibilaldia baso lau batetik zehar egingo da, ia desnibelik gabekoa, pagadi eder eta magiko batetik hain zuzen, pertsonaia mitologikoen bizileku den Allekupeko basoetatik.
  • Lizarrustiko aparkalekua txiki geratzen zaigu horrelakoetan, hortaz, arren, sarrerak eskuratzea lortzen duzuenok ahalik eta kotxe gutxienetan etorri.
  • Mendiko arropa eta oinetako egokiak beharrezkoak izango dira eta noski, mundu mitologikoan murgiltzeko gogoz eta ilusioz etortzea!

Zorte on eta laster arte!

Jentilak eta Olentzero_2018

Advertisements

Egonaldiak Aralarko natura parkean!

Astea bikain hasi dugu Aralarko Parketxean. Eguraldia lagun, Arteako Eskola etorri zaigu bisitan oraingoan eta makina bat gai landu ditugu ikasle jator hauekin: mitologia, arkeologia, Joxemiel Barandiaran, errota, mendia, zerealak, taloa… guztia jolasean eta giro paregabean!

Egonaldi ugari ditugu udaberri honetarako, Euskal Herriko bazter guztietatik datozenak, eta ia lekurik ez dugu Lizarrustiko Aterpetxean, baina datorren ikasturterako erreserbak egiten hasiak gara dagoeneko, beraz lekurik gabe geratu nahi ez baduzue, jarri gurekin harremanetan eta egin ezazue erreserba berandu baino lehen!

Hona hemen egunotako argazki batzuk.

Zuen zain gaude!

943 18 03 35

barandiaran@gipuzkoamendizmendi.net

Iztueta baserria ezagutu nahi al duzu?

Iztueta Baserrian belaunaldietako esperientzia dute esne behiekin lan egiten. Beren animalien ongizatea eta elikadura zaintzen dituzte, ingurugiroa eta jasangarritasuna oinarri hartuta. Iztueta Baserriarekin elkarlanean, bere abereak, ikuilua, zelaiak, esnetegia eta baserria erakutsi nahi dizkizuegu bertaratzen zareten familiei.

Ez ezazue aukera hau galdu eta eman izena, plazak azkar beteko dira eta!

Iztueta Baserria Otsailak 18

Ni bizi naiz baserrian…

Egunerokoan jaten ditugun elikagaiak nondik eta nola datozen ikusi eta ikasi asmoz, Gipuzkoako Parketxe Sareak ekimen berri bat jarri du abian: baserrietara bisitak. Bisita eskeintza hau bai eskolentzat baita aisialdian gehiago ikasi nahi duten familia eta helduentzat bideratuak daude.

Familientzako bisitak

 

Ikastetxeentzako bisitak

Etorri eta animatu gure lehen sektorea eta geografia gertutik ezagutzera, ezagutzetik baloratuko bait dugu jaten duguna ere.

Aralar, ingurumen hezkuntzaren eszenatoki

Ikasturtea amaitzear den honetan, atzera begira jarri eta Aralarko Parketxean esperientzia ederrak bizi izan ditugula ohartu gara. 1.500 ikasletik gora igaro dira ikasturte honetan Ataundik eta makina bat jarduera egin ditugu haiekin, tartean Aralarko Natura Parkearen sekretuak ezagutzeko mendi-ibilaldiak, gure arbasoen ohitura-zaharrak berreskuratzeko elikadura tailerrak, mundu mitologikoan murgiltzeko tailer magikoak, arkeologo baten lana azalean sentitzeko jarduerak, baserriko mundua barrutik ezagutzeko jolasak, eta askoz ere gehiago!

Etorkizuneko lur hauetako zaindariak izango dira ikasle hauek eta orain landatutako haziak etorkizun batean baso bilakatuko direlakoan gaude.

2017 ikasturtea

Amaitu ditugu beraz ikasturte hontako ikastetxeetako egonaldi eta ingurumen-hekzuntza jarduerak eta orain atseden apur bat hartu eta indarberrituta hasiko dugu 2017-2018 ikasturtea, berriro ere inguruotako ondare natural zein kulturala lau haizetara zabaltzeko prest!

 

“Jentilak eta Olentzero”, izen-ematea zabalik

Abenduaren 18an, igandez, “Jentilak eta Olentzero” ibilaldi magikoa ospatuko dugu Aralarko Parketxean, inguruotako mundu mitologikoa hedatzea helburu izango duena.

Izen-ematea zabalik egongo da gaurtik aurrera, eta antolakuntzatik erreserba berandu baino lehen egitea gomendatzen dizuegu, plazak mugatuak izango direnez, hauek azkar beteko direla aurreikusten baitugu.

Ausartuko al zara?

jentilak-eta-olentzero_2016

Ezpainetatik belarrietara, belarrietatik bihotzera

Ezpainetatik belarrietara, belarrietatik bihotzera. Hori da mundu mitologikoa gal ez dadin Barandiaran Museoan darabilgun formula.

Jose Migel Barandiaranek lan nekeza bezain garrantzitsua egin zuen gure Euskal Herriko hamaika bazterretan, hemengo eta hango kondaira mitologikoak jasoz. Lan hori iraganeko eta gaur egungo munduen arteko katebegi nagusia izan da eta galtzear zeuden kondaira, mito eta ohiturak jasotzeko lan hori ezerezean gera ez dadin ahaleginak egiten ditugu Ataunen.

Hori dela eta, atsegin handiz gonbidatzen zaituztegu, azaroaren 20ean, igandez, antolatuko dugun Euskal Herriko mito eta ipuin zaharren IPUIN KONTAKETARA. Bi saio egingo ditugu, 11:00etan lehena eta 12:30etan bigarrena.

Marimunduko izango da protagonista, Jentilbaratza Elkarteko kidea, baina Etsai ere gure artean egongo da. Familian igande goiza giro goxo eta magiko batean igarotzeko plan ederra beraz!

Aurreratzen dizuegu aurrez izena ematea nahitaezkoa dela, eta lehenbaitlehen erreserba egitea gomendatzen dizuegu, plaza mugatuak izango dira eta.

barandiaran_ipuin-kontaketa-2016

Artzaintza gaur egungo erara

Ez da makala Aralarren artzaintzak gaur egun duen garrantzia, iraganeko tradizioaren gordeleku paregabea baitira mendigune hauek. Baina, benetan ezagutzen al dugu lanbide honen barneko lana? Ardiak larretu, zaindu, jetzi, gazta egin…

Bada, ohorezko gidari baten eskutik sekretuok ezagutzeko aukera luzatu nahi dizuegu. Joseba Insausti Aralarko artzain eta gaztagile gazte bezain eskarmentatuak bere lana erakutsiko digu, bere mendiko etxolan bisita egingo diogu eta bere ahotik entzun ahal izango ditugu azalpenak. Josebak Espainiako Gazta Onenaren Saria jaso berri du eta beraz, zein, Joseba baino hobe sekretu guztiak azaleratzeko?

Aralarko artzaintza 2016 kartela

Ibilaldian parte hartzeko erreserba egin behar da, horretarako jarri gurekin harremanetan 943 18 03 35 / 688 89 50 69 telefonoetan edota barandiaran@gipuzkoamendizmendi.net helbidean.

Ez ezazu aukera hau galdu!

Aralar: naturala, kulturala

Aralarzaleok!

Bi plan eder proposatzen dizkizuegu Aralarko Parketxetik. Bata, igande honetan, Aralarko ondare naturalaren ingurukoa, bestea, datorren igandean, ondare kulturalari buruzkoa.

Aralarko narrasti eta anfibioak ezagutzeko irteera, Maiatzak 15, igandea:

Barandiaran_Narrastiak 2016 ELEBI

Aralarko tradizioaren lekuko den ogibide baten inguruko irteera, Aralarko artzaintza eta gazta. Joseba Insausti artzain eta gaztagile gazteari bisita egingo diogu bere mendiko etxolan:

Aralarko artzaintza 2016 kartela

Zein da zure aukera? Egin ezazu erreserba berandu baino lehen, plaza mugatuak izango dira eta.

Aralarren ikusiko dugu elkar!