Tag Archives: lizarrusti

Muga ez den muga

Andoni Egañak behin Maulen halaxe kantatu zuen hegoaldetik iparraldera kotxez zihoan baten paperetik:

Itsasoa da zoragarria
apar zuri arrats gorri
ez ote gera Zumaiatikan
Hendaiaraino etorri?
Baina zuk kasu egin zaiozu
aspaldiko Xalbadorri
eta ze kristo egin behar zaio
muga ez den muga horri?

Muga hori errealitate bat da egun, ikusezina, baina nabarmena hein handi batean. Elkar ezagutzen ote dugu Euskal Herriko Iparraldeko eta Hegoaldeko bizilagunek?

Bada alderik gure artean, esaterako, eta onartu beharrekoa, iparraldean, azken 30 urte luzeetan beren haurrak euskaraz ikas dezaten lan handia egin behar izan dute, ikastolak sortu eta mantentzeko zein euskara hauspotzeko. Euskal Herriko haurrei euskarazko irakaskuntza eskaini ahal izatea ez da lan erraza leku guztietan eta are gutxiago aire libreko jardueretan, gurea kasu. Gipuzkoako Parketxeetan gure hizkuntzari dagokion lekua aitortzea gustatzen zaigu, jarduerak euskaraz eramaten ditugu aurrera; euskaratik eta euskaraz, Maialen Lujanbiok kantatu zuen moduan.

txoria

Igaro den ikasturtean iparraldeko zenbait ikastola gurera etortzeko erabakia hartu zuten, Ataun eta Aralarko aberastasun kultural zein naturalaz gozatzeko helburuarekin. Lizarrustiko aterpetxean egonaldia egin zuten gurekin, hiru egunekoa gehienetan eta aurtengoan ere gurera etorriko dira.

Eta zuetako batzuk esango duzue, eta ze berri klase da hau Gipuzkoako Parketxe Sarearen blog baterako? Tira, blog honek Parketxeen egunerokotasuna azaltzea du xede eta guretzat garrantzitsuak diren gauzak zuekin konpartitzea. Beti ez gara txoriez, saguzarrez, mitologiaz eta artzaintzaz arituko; tarteka, gure kezkak eta pozak konpartitu nahiko genituzke zuekin, eta batzuetan, hausnarketa sakonagoak egiteko beta hartu.

Zenbat ikasi duten iparraldeko ikasle hauek lurrotan, mitologiaz, Joxemiel Barandiaranen lanen garrantziaz, hemengo artzaintzaz… baina batik bat, zenbat ikasi dugun guk haiekin! Badugu komuneko hizkuntza bat, komuneko kultura bat. Berdinak gara, eta era berean, desberdinak. Horri, aberastasuna esaten zaio. Hegoaldekook Iparraldera pastorala ikustera soilik igotzen bagara, edo Larrainera Tourra pasatzen denean, emozioa eta giro ederra biziko dugu, baina Iparraldearen irudi folklorizatua baino ez dugu jasoko. Iparraldea ezagutu beharra dugu, arestian aipatutako aberastasunaz jabetuko bagara.

“Haizea dator iparraldetik” zioen Xabier Letek, eta guk, ipar haizea, biziki maite dugu.

Advertisements

Aralar biluzten

Gutxi dira Gipuzkoan Aralar bezalako tokiak eta are gutxiago Igaratza bezalako bazterrak. Aralarko zenbait historiaurreko aztarna nahiko ezagunak dira, baina Igaratzan badira altxor berezi batzuk, ez nolanahikoak gainera.

Atzo, Joxan Mujika arkeologoaren eskutik aztarna hauetako batzuk ezagutzeko aukera ederra izan genuen. Talde polit bat elkartu ginen Lizarrustiko Parketxean goizean goiz eta baso marduletatik lehenik eta zelai zabaletatik gero, Igaratzara heldu ginen eguerdirako. Han, Beaskinarteko harrespila, Aiatzioko txabolak, Igaratzako trikuharriak, menhirra eta beste hainbat aztarnen nondik norakoak azaldu zizkigun Joxanek.

Giro bikaina, kontu interesgarriak, jende jatorra eta oro har, igande zoragarria atzokoa.

Igaratza arakatzera animatuko al zara?

Igaratzako Historiaurreko altxorrak ezagutzeko ibilaldi gidatua Jose Antonio Mujikarekin. Neolitotik erromatar garaira.

Gutxi dira Gipuzkoan Aralar bezalako tokiak eta are gutxiago Igaratza bezalako bazterrak. Paisaia hunkigarriaz gainera, bisitariak aziendaren zintzarriek onduriko doinuaz goza dezake han; hitz bitan, bakea senti daitekeen txoko urri horietakoa da Igaratza, hiri-eremutik gertu, baina, era berean, oso urruti dagoen paradisu txiki bat.

2012. urtetik aurrera, Euskal Herriko Unibertsitateko Jose Antonio Mujika irakasleak zuzenduriko ikerketa-taldeak, miaketa lanaren ondorioz Igaratzan idorotako zenbait elementutan nahiz lehendik (batez ere Barandiaranen lanari esker) ezagutzen ziren beste egitura batzuetan arkeologikoki esku hartu du, behin baino gehiagotan emaitza harrigarriak lortuz, Beaskinarte eta Aiatzio izeneko guneetan egindako aurkikuntzak lekuko.

Lehendik ezagutzen ziren altxorrak hobe ulertzen laguntzeko eta, bereziki, berriki aurkitu direnak aurkezteko, ibilaldi gidatua antolatu dugu Igaratzara irailaren 30ean (igandearekin), Jose Antonio Mujikaren gidaritzapean antolatu ere.

Aurrez izena eman beharko da eta plazak mugatuak izango dira.

Historiaurreko Aztarnak IGARATZA2018 (2)

Igaratzako altxorrak

Igaratzako Historiaurreko altxorrak ezagutzeko ibilaldi gidatua Jose Antonio Mujikarekin. Neolitotik erromatar garaira.

Gutxi dira Gipuzkoan Aralar bezalako tokiak eta are gutxiago Igaratza bezalako bazterrak. Paisaia hunkigarriaz gainera, bisitariak aziendaren zintzarriek onduriko doinuaz goza dezake han; hitz bitan, bakea senti daitekeen txoko urri horietakoa da Igaratza, hiri-eremutik gertu, baina, era berean, oso urruti dagoen paradisu txiki bat.

2012. urtetik aurrera, Euskal Herriko Unibertsitateko Jose Antonio Mujika irakasleak zuzenduriko ikerketa-taldeak, miaketa lanaren ondorioz Igaratzan idorotako zenbait elementutan nahiz lehendik (batez ere Barandiaranen lanari esker) ezagutzen ziren beste egitura batzuetan arkeologikoki esku hartu du, behin baino gehiagotan emaitza harrigarriak lortuz, Beaskinarte eta Aiatzio izeneko guneetan egindako aurkikuntzak lekuko.

Lehendik ezagutzen ziren altxorrak hobe ulertzen laguntzeko eta, bereziki, berriki aurkitu direnak aurkezteko, ibilaldi gidatua antolatu dugu Igaratzara uztailaren 21ean (larunbatarekin), Jose Antonio Mujikaren gidaritzapean antolatu ere.

Aurrez izena eman beharko da.

Historiaurreko Aztarnak IGARATZA2018

 

Aralarko eguzkipetik

Atzo, eguzkiaren izpi atseginez gozatu genuen Aralarko Parketxean elkartu ginen 50etik gora lagunok. Baina ez ginen goxotasun horri probetxua atera genion bakarrak izan. Udaberria igaro den moduan igaro denez, narrastiak ere giro atseginagoen irrikitan daude. Atzo, horietako batzuk gertutik ikusteko aukera izan genuen (sugeek ihes egin ziguten, baina) anfibio ugariz gain.

Narrasti eta anfibio espezieak desberdintzen ikasi genuen eta gainera, horietako asko gertutik eta bertatik bertara ikusi ahal izan genituen. Narrastiei historikoki eman zaien ospe txarra eta hamaika mito baztertu genituen eta errespetua besterik ez diegula zor ikasi genuen.

Goiz polita izan zen, Aralarrek ezkutatzen dituen altxorren erakusleiho bikaina.

DSC_0303

 

 

Nahi duenak beste aukera bat izango du igande honetan, ibilaldia errepikatuko dugu eta, oraingoan Listorretan (Errenteria). Horretarako Arditurriko Parketxearekin jarri behar zarete harremanetan (943495069).

Atzoko irteeran erakutsitako Euskal Herriko anfibio eta narrastien posterrak, ikusgai eta deskargatzeko aukerarekin, dituzue Ander Izagirreren blogean:  http://naturzalia.blogspot.com.es/p/posterrak.html.

 

Ezagutu nahi al duzu Aralarko herpetofauna?

Herpetofaunak narrasti eta anfibioei egiten die erreferentzia. Ezagutzen al ditugu gure inguruko narrasti eta anfibio espezieak?

Bada, igande honetan aukera ederra eskaintzen dugu Aralarko Parketxean, Ander Izagirre adituaren eskutik. 10:00etan elkartuko gara Lizarrustiko Parketxean, Lareoko urtegira oinez joango gara eta bertan bilatuko ditugu animaliok.

Aukera ederra da familian mundu ezagun hau gertuagotik ezagutzeko.

Eman ezazue izena eta animatu abentura honetan!

Narrastiak kartel orokorra 2018

Magiaz beteriko goiza atzokoa Ataunen

Gaur egungo munduaren eta mundu mitologikoaren arteko zubia igaro genuen atzo. Tentuz, urduri eta zer suma ekin genion bideari Lizarrustiko Parketxean elkartu ginen 500dik gora abenturazaleok. Giroa hotza, behelainoz arindua eta Allekupeko mendia, arraro.

Bidean aurrera egin ahala ulertu genuen giro misteriotsu horren zergatia. Zorionekoak gu, hainbat pertsonaia mitologikorekin topo egiteko zortea izan genuelako. Gainera, Olentzero ikusteko aukera ere izan genuen eta ez edozein lekutan! Txondorrean ikatza ateratzen topatu genuen, lan eta lan. Hiru astez piztuta egon ondoren atzo itzali genuen Lizarrustiko Txondorra. Goiz borobila beraz atzo bizitakoa.

P1100553

dav

Lan handia egin du Jentilbaratza Elkarteak atzoko ikuskizuna aurrera eramateko, mila miloi esker botatako izerdi guztiagatik. Haurren aurpegiak izan genituen ordainetan atzo. Eskerrik asko atzokoan etorri zineten familia guztiei ere, eta plazarik gabe geratu zareten ehundaka eta ehundaka pertsonei zeresanik ez, mila esker azaldutako interesagatik.

Izango dira aukera gehiago hurrengo urtean! Ondo amaitu dezazuela urtea eta magiaz betetakoa izan dadila datorrena guztiontzako, Aralarko Parketxeak Urte Berri ona opa dizue!

Lizarrustiko txondorraren piztuera-ekitaldia bertan behera geratzen da eguraldi iragarpenagatik

Zuritu zaizkigu Aralarko mendiak eta baita Lizarrusti ingurua ere. Larunbat honetan txondorraren piztuerarekin batera hainbat ekitaldi gauzatzeko asmoa bagenuen ere, eguraldi iragarpen txarrak direla eta, jakinarazi nahi dizuegu piztu, piztuko dugula, baina ez dela jendaurreko ekitaldirik egingo.

Ekitaldiok abenduaren 23ra atzeratuko dira, txondorra itzaliko den egunera alegia. Abenduaren 23an “Jentilak eta Olentzero” ibilaldia ospatuko da, txondorra itzaltzearekin batera. Parte hartzeko izena ematea nahitaezkoa izango da, baina zerrendak ireki gabe daude oraindik, emango dugu honen berri aurrerago.

Dena den, txondorra piztuta egongo den hiru asteetan zehar Lizarrustira igo eta hura ikusteko gonbidapena luzatzen dizuegu. Talde handia izanez gero, jar zaitezte gurekin harremanetan 943 18 03 35 telefonoan.

DSC_0243

Gure etxeko ateak zabalik dituzue.

Lizarrustiko Parketxea

 

Egun bat aurreratuko da txondorraren piztuera

Kaixo lagunak,

Duela egun gutxi iragarri genuen Lizarrustiko txondorra abenduaren 3an piztuko genuela, baina azken orduko aldaketa batzuk tarteko, aurreko egunean, abenduaren 2an, larunbatez, piztuko dela jakinarazten dizuegu, egitarau eta ordutegi berarekin.

Zuen zain egongo gara, zatozte Ataunera ikazkinen lanbidea bertatik bertara ezagutzera!

Oharra: jende ugari ari da gurekin harremanetan jartzen abenduaren 23ko ibilaldian izena emateko, baina oraindik ez ditugu zerrendak ireki, abenduaren hasieran irekiko ditugu. Gure blog honetan eta sare sozialetan iragarriko dugu. Mila esker!

Txondorra Aralarren 2017

 

Txondorra piztuko dugu Aralarren!

Kaixo Aralarzaleok!

Berri ona dugu, abenduaren 3an piztuko dugu txondorra Aralarko Lizarrustiko Parketxean. Musika, txokolate beroa, jolasak, kablearen erakustaldia, argazki erakusketa… goiz bete-betea izango dugu!

Ataungo eskolako ikasleek girotuko digute txondorraren piztuera. Etorriko al zara? Basogintzaz eta ikazkintzaz gehiago ezagutzeko aukera paregabea eskaintzen dizugu.

Talde eta ikastetxeentzako eskaintza berezia izango dugu piztu eta ondorengo hiru asteetan zehar, deitu eta informa zaitez (943 18 03 35).

Gure etxeko ateak zabalik dituzue, zatozte Lizarrustira abenduaren 3an!

Txondorra Aralarren 2017