Tag Archives: lizarrusti parketxea

Mendiko larreen bioaniztasuna ezagutzeko ibilaldi gidatua Aralarren

20181021_114902Life Oreka Mendian, larreen kudeaketa jasangarria bultzatzeko 2016. urtean sortzen den proiektua da. Goi mendietako larre hauek Europako toki edo zonifikaziorik mehatxatuenak kontsideratzen dira eta estrategia amankomun bat garatu nahi da Natura 2000 Sarearen barruan aurkitzen direnak kontserbatzeko. Abeltzaintzaren eta artzaintzaren gainbeherak larre hauen erabilera falta ekarri du, eta, asko ez dira kontserbatzio egoera onean aurkitzen.

Proiektu honek Europa mailan oso mehatxatuta dauden mendiko larreak kudeatu eta kontserbatzeko oinarriak ezartzen ditu, beraz, habitat ezberdinen eta bertan bizi diren espezieen babesa bermatuz. Mendiko larreetan kudeaketa integratu eta jasangarrirako lur-jabeak, erabiltzaileak, naturguneetako kudeatzaileak, adituak eta tokiko eragileak inplikatu nahi dira.

Aurten HAZI-rekin lankidetzan Gipuzkoako Natura Parke guztietan ibilaldi gidatu bana eskaintzen ari da Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioa, larre hauek balioan jartzeko eta euren bioaniztasuna ezagutzera emateko. Ibilaldi gidatu hauek doakoak dira, eta Aitor Salaberria adituaren azalpenak entzun ahal dira guztietan. Lehendabizikoa Pagoeta Natura Parkean gauzatu zen pasa den igandean eta hurrengo hitzordua Aralarren izango da, maiatzaren 19an Lizarrustiko Parketxetik abiatuz.

Ibilaldiak 10:00etan hasten dira eta 3-4 orduko iraupena izaten dute. Hamaiketakoa, ura eta oinetako egokiak eramatea beharrezkoa da.  Hona hemen egingo diren ibilaldi guztien zehaztasunak eta harremanetarako kontaktuak, aldez aurretik izena ematea beharrezkoa baita.

OREKA MEDIAN2019

Advertisements

Irekita “Jentilak eta Olentzero” ibilaldi magikorako izen ematea

Ataungo Lizarrusti Parketxean abenduaren 23rako antolatu dugun “Jentilak eta olentzero” ibilaldi magikoan izena emateko zerrenda irekita dagoela jakinarazten dizuegu. Erreserba egiteko bi bide daude, telefonoz (94318 03 35) edota emailez (barandiaran@gipuzkoamendizmendi.net).

Aurrez, esan, jakin badakigula oso denbora gutxian agortuko direla lekuak, ehunka eta ehunka pertsona ari zaretelako deitzen informazioa eskatuz, eta pena handiz, baina agortu ondoren ezin izango dugula izen gehiago hartu. Egunean bertan ez da onartuko sarrerarik ez duen inor. Jarduera honen kalitatea eta segurtasuna bermatu nahi ditugu, hortaz, sentitzen dugu kanpoan geratuko zareten guziongatik, bihotzez, eta ulertuko duzuelakoan gaude. Bai Barandiaran Museoan eta baita Lizarrustiko Parketxean ere, urte osoan zehar makina bat jarduera antolatzen ditugu, hemengo ondare kulturala zein naturala hedatu asmoz eta hurrengoan izango duzue aukera berriro ere.

Bi ordu eta erdi/hiru bat orduko ibilaldia izango dela aurreikusten dugu, nahiz eta zailtasun aldetik ez den ibilaldi zaila, 5 urtetik beherakoentzat ez da gomendagarria, baldin eta haurra ez badago mendian ohitua. Ibilaldiaren hasieran eta amaieran 10-15 minutuko aldapa egongo da, baina tarteko ibilaldia baso lau batetik zehar egingo da, ia desnibelik gabekoa, pagadi eder eta magiko batetik hain zuzen, pertsonaia mitologikoen bizileku den Allekupeko basoetatik.

Lizarrustiko aparkalekua txiki geratzen zaigu horrelakoetan, hortaz, arren, ahalik eta kotxe gutxienetan etorri.

Mendiko arroparekin etor zaitezte eta noski, mundu mitologikoan murgiltzeko gogoz eta ilusioz! Olentzerori eskutitza eskura emateko aukera izango duzue, hura topatuko bagenu behintzat!