Tag Archives: joxemiel barandiaran

“Barandiaran eta mitoak”

Gogoratu gaur hitzaldi berezia daukagula Ataungo Mitoaldiaren barruanJoseba Aurkenerena izango da gonbidatu berezia eta hitzordua arratsaldeko 19:00etan izango da Barandiaran Museoan.

Joseba Aurkenerena

Josebak, besteak beste, Karmel, Maiatz, Hatsaren Poesia, Eskuz eta Begiz, Elinberri.eus,  Zu-Zeu.eus eta Kazeta.eus agerkarietan idazten du. Baditu hainbat liburu plazaraturik ere. Gai nagusiak euskal historia, etnografia eta mitologiakoak izan dira. Horietako batzuk: – Euskal sinesmen zaharrak – Harribeltzetako ipuinak – Sorgin mainguak dabiltz – Euskaldunon mundua hizpide – Axularren itzala – Gureak eta mundu zabalekoak – Iparmina – Iragana ere gaur da – Euskal Herria beti!

Izango dugu zer ikasia bere hitzetatik! animatu eta etorri Barandiaran Museora!

 

Advertisements

Leitzako jentiletik, Murkoondoko zeharrera eta Marimundukoren zain

Ataunen ospatzen den 3. Mitoaldian bete betean murgildurik gaude eta jendearen erantzuna benetan ona izaten ari da. Ostiralean hasi genuen Mitologia ardatz duen jardueraz beteriko ekitaldi handi hau Iñaki Perurenak eskainitako emanaldiarekin. Zenbat gauza interesgarri kontatu zizkigun Iñakik! Gizakia aspaldidanik hasi zen harriari erabilpena ematen (lanerako, sua egiteko, jolasteko, kirolerako…) eta Iñaki Perurenak argi utzi zigun harria bere bizia izan dela eta oraindik ere badela.

Jentilen inguruan aritu zitzaigun ere Perurena eta gaur egungo harrijasotzaileak eurekin alderatu zituen, izan ere, gaurko bizimoduan perfilen bat jentilekin alderatu nahiko bagenu, hau izango bailitzake berarentzat aproposena. Barandiaranen lanari ere keinu egin zion “ez dakigu jentil haien aita nolakoa izango zen, baina, aita izango balue Joxemiel Barandiaran beharko luke izan”.

20190705_200434_retokauta.jpg

Oso interesgarria ere atzo Jon Aizpuruak Murkoondoko zeharrean barrena eskainitako ibilaldi gidatua. Ataungo beste txoko bat sakonean ezagutzera emateaz gain, bertako baserrien izenekin, Joxe Miel Barandiaranen anekdotekin eta leku berezi honek eman dituen beste ataundar ospetsu batzuen istorioekin pasarazi zigun goiz ederra Jonek.

20190706_102026_mejorada

Gaur aldiz, Marimunduko eta beste hainbat pertsonaien ipuin eta legenda harrigarriak entzuteko irrikan gaude! Lehenengo saioari hasiera eman zaio sarrera guztiak agortuz, famili ugariz bete zaigu Barandiaran Museoa eta oso pozik gaude! BIZI MITOLOGIA!

20190707_111523

Azken plazak igandeko ipuin kontaketarako

Datorren igandean, uztailaren 7an, bi saio eskainiko dira Barandiaran Museoan Marimundukoren eskutik Euskal Herriko mito eta ipuin zaharrak entzuteko.

Lehenengo saioa 11:00etan izango da eta bigarren txanda 12:30etan, oraindik plaza batzuk libre geratzen dira, beraz, igande desberdin bat bizi nahi baldin baduzu eman izena barandiaran@gipuzkoamendizmendi.net helbidean, ez zara damutuko!

Ipuin kontaketa 2019

Barandiaranen oinatzetan… Oltzan

Aurten 100 urte betetzen dira J.M. Barandiaranek Aizkorri-Aratz Natura Parkean ere lehen lanak egin zituenetik. Horregatik, eta omenaldi modura, Arantzazuko Adiskideek eta Arantzazuko Parketxeak ez dugu aukera hoberik ikusi aurtengo mendi-irteeren egitarauari amaiera emateko.

Irteera honetan abentura horren oinatzak jarraitu nahi dira, eta horretarako, Urbia eta Oltzako larreetara gerturatuko dira bisitariak. Han Euskal Historiaurrearen etapa aitzindari honetan induskatu ziren toki garrantzitsuenak aurrez-aurre izango dituzte parte-hartzaileek. Ikusiko diren megalitoen artean Pagobakoitza trikuharria eta Zorrotzarriko monolitoa egongo dira.

Irteera datorren urriaren 8an ospatuko da, igandearekin. Gidari lanak Angel Martinez de Montecelo adituak egingo ditu, geografo, arkeologo eta Euskal Herriko Unibertsitateko ikerlaria.

Parte-hartzaileak, goizeko 8:30etan elkartuko dira Arantzazuko Parketxean eta handik ekingo diote bideari. Zailtasun ertaineko ibilbidea izango da, edonori  zuzendua eta 4-5 ordu inguruko iraupena izango duena. 13:00etatik 13:30etara irteera amaitutzat emango da Urbian eta ordutik aurrera bi aukera egongo dira; Urbian bazkaltzen gelditzea edo Arantzazuko Parketxera itzulera egitea.

Lurrak hitz egiten digu, entzun nahi al diozu?

Prezioa: 3€. Aurrez izena ematea gomendatzen da. Informazio eta erreserbak: 943782894, 699335183, arantzazu@gipuzkoamendizmendi.net

6. Oltza 2017

Siguiendo los pasos de Barandiaran… en Oltza

Este año se cumple el centenario de los primeros trabajos de J.M. Barandiaran en lo que es hoy el Parque Natural Aizkorri-Aratz. Por esta razón, y como homenaje al que fue considerado patriarca de la cultura vasca, no hemos visto mejor manera de dar por concluido el calendario de excursiones de montaña de este 2017 organizado de la mano de Arantzazu Adiskideak y el Parketxe de Arantzazu.

En esta excursión, en las que nos acercaremos hasta las campas de Urbia y Oltza, se pretende seguir los pasos de aquella aventura visitando los principales lugares excavados durante aquella fase pionera de la Prehistoria Vasca, así como otros lugares de interés arqueológico investigados posteriormente. Entre otros se podrán ver el dolmen de Pagobakoitza y el monolito de Zorrotzarri.

La salida se celebrará el próximo 8 de octubre, domingo, siendo guiada por el experto Ángel Martínez de Montecelo geógrafo, arqueólogo e investigador de la Universidad del País Vasco.

Los participantes se reunirán a las 8:30 de la mañana en el Parketxe de Arantzazu. Será un recorrido de dificultad media, dirigido al público general, y con una duración de entre 4 a 5 horas. De 13:00 a 13:30 horas se dará por finalizada la salida en Urbia, siendo opcional quedarse a comer o regresar con el grupo al Parketxe de Arantzazu.

La tierra nos habla, ¿quieres escucharla?

Precio: 3€. Se recomienda dar el nombre con anterioridad. Información y reservas: 943782894, 699335183, arantzazu@gipuzkoamendizmendi.net

Badator Gau Ibilaldi Mitologikoa

Gertu dugu eguna, gertu dugu garai bateko ipuin eta leienda harrigarrien munduan sartuko garen eguna, Ataungo bihotzean eta Joxemiel Barandiaran bizi izan zen inguruan. Euskal mitologiako pertsonaia ezagunak izango ditugu bidelagun.

Ibilaldian zehar, hainbat antzezpen egingo ditugu, eta bidean aurrera egin ahala, gauari ongi etorria emateko parada ere izango dugu.

2017ko GAU IBILALDI MITOLOGIKORAKO GOMENDIOAK:

  • Aurrez izena eman beharrik ez dago.
  • Jende kopuruaren arabera, ibilaldia bi taldeetan egin daiteke.
  • Ibilaldia hasi aurretik, Barandiaran Museoa irekita egongo da. Beraz, museoa, errotatxo eta zerrategia bisitatzeko aukera ere egongo da.
  • Ibilaldia hasi haurretik eta ondoren mokadutxo bat jateko aukera egongo da.
  • Ibilbidea herribide zaharretik izango da, beraz OINETAKO EGOKIA erabiltzea gomendatzen dugu.
  • Kotxeak San Martin auzoan (ibilbide amaiera) edo San Gregorio auzoan (ibilbide hasiera) utzi daitezke. Antolakuntzako jendea egongo da bi auzoetan laguntzeko.
    • Kotxeak San Martinen utziz gero autobusez igo daiteke San Gregorioa 19:00tatik aurrera. GARAIZ autobusa hartzea gomendatzen dugu.
    • Kotxeak San Gregorion utziz gero, antolakuntzak ibilaldi amaieran TXOFERRAK igoko ditu beraien kotxeen bila. Topagunea San Martingo udaletxe aurrean.
  • Haur txikiekin etorriz gero motxilan eramatea gomendatzen dugu.
  • Ibilbidean zehar antortxak banatuko dira EZ UTZI HAURREN ESKUETAN ANTORTXAK.
  • Gidarien aholku eta aginduei kasu egin beharko zaie.


Gau_Mitologikoa_2017

ibilaldiaren rutometroa

Beste behin ere, magikoa

Laugarren aldiz ospatu genuen atzo Ataunen Gau ibilaldi mitologikoa, eta beste behin ere, magikoa izan zen.

Sorginak, Torto, Lamiak, Joxemiel Barandiaran tartean, Sanmartintxiki, Jentilak… gure tradizio eta kulturaren zutabe handi bat izan den, eta oraino den, mitologiaren magiaren lekuko izan ginen atzo iluntzean Barandiaran Museora bertaratu ginenok. Eta ez ginen gutxi izan, 1.000 pertsona inguruk gozatu genuen atzoko esperientziaz eta. Bi taldetan ekin genion ibilaldiari eta nahiz eta bide estuetatik ibili, pazientziaz hartu eta martxa polit batean osatu genuen ibilbidea, pertsonaiak non ikusi zain, bi begiak erne eta zentzumenak adi-adi, etxeko txikienek batez ere.

Gure altxorra da mitologia, euskaldunon altxorra. Baina ez da isilpean gorde beharrekoa, ez da liburuetan soilik gorde behar den altxorra, ez horixe. Joxemielek “Mitologia Vasca” liburua idatzi zuen arte belaunaldiz-belaunaldi ahoz-aho trasmititzen genituen kondaira eta leienda hauek, baina ohitura hori makaltzearekin batera hauen ezagutza ere urritu da. Jentilbaratza Kultur Elkarte zein Barandiaran Museoaren helburu nagusia mundu mitologikoa lau haizetara hedatzea da, gure sustrai zein ohiturei eutsi eta Euskal Herri osoko haur eta helduei ezagutza hauek berreskuratzen laguntzea.

Atzokoa horren adibide garbia dugu. Ibilbidean zehar hainbat pertsonaia mitologiko ezagutu genituen, kondaira zaharrak antzeztu eta mundu mitologikoan barneratu zigutenak, Ataungo herri-bideak eskaintzen duen eszenatoki paregabean.

DSC_0084

Beste behin ere Jentilbaratza Elkarteko kide guztiak zoriondu nahi ditugu Barandiaran Museotik, beste behin ere lan bikaina egin zutelako eta beste behin ere herriko tradizio eta kulturaren hedapenari bultzada handia eman ziotelako. Beste behin, ZORIONAK!

Ziur gaude lami eder bat harro dagoela dagoen lekuan, atzoko ikuskizuna berari eskaini zitzaiola ikusita, zuregatik Irantzu!

Eta mila esker Euskal Herriko bazter guztietatik etorri zineten guztioi, izandako jarreragatik eta gurekin batera mitologiaz gozatzeko erakutsi zenuten prestutasunagatik. Joxemiel Barandiaranek esango lukeen bezala, mitologia, hizkuntza, ezagutza, tradizioa… ZABALDU, ZABALDU eta ZABALDU!

Ibilaldiko argazkiak ikusteko sakatu hemen.

Barandiaran “11 objektu, 11 kontu”

125 urte igaro dira euskal kulturaren aita izan den Jose Migel Barandiaran jaio zenetik. Ataundarra jaiotzez eta bihotzez, arkeologo eta etnografo garrantzitsuenetako bat izan da zalantzarik gabe, bai Euskal Herrian bai hemendik at. Euskaldunok badugu zer eskertu gizon txiki bezain handi honi eta 125. urteurren hontan, Barandiaran Museotik gure hondar alea jarri nahi dugu berak jasotako ondarea zabaltzen laguntzeko.

barandiaran aralar

Ekintza ugari antolatuko ditugu udazken honetan, Joxemielek merezi duen omenalditxoa egin asmoz.

Lehen saioa azaroan egingo dugu, “11 objektu, 11 kontu” deitu diogun saio eder batekin. Barandiaran zenaren objektu zaharrak ekarriko ditugu Museora eta horien bidez bere bizitzaren hainbat pasarte esanguratsu eta egindako lanaren zertzelada batzuk aurkeztuko ditugu. Emanaldi hau Jon Aizpurua ataundarraren eskutik izango da, berak ezinhobeto ezagutzen baitu Joxemielen bizitza zein lana. Aukera ezinhobea eskaintzen dizuegu, beraz, ez galdu saio hau eta egin erreserba lehen baitlehen.

Bigarren saioaz gozatzeko abenduan Lizarrustira etorri beharko duzue. Barandiaranek hainbeste landu zuen gaia oinarritzat hartuz, mitologia alegia, Lizarrustiko Parketxetik abiatuz “Jentilak Aralarren” deituriko ibilaldi zoragarri bat egingo dugu pagadi ilunetatik, eta pertsonaia mitologikoak bidelagun izango ditugu bidaia magiko horretan.

Adi egon zaitezte, hauez gain, sorpresa gehiago ere izango ditugu eta 125. urteurren hau ospatzeko!

Bertsoak JM Barandiarani

Aurten 125 urte betetzen dira Jose Migel Barandiaran jaio zela. Euskaldunok badiogu zer eskertu bere txikitasunean handi zen ikertzaile ataundar honi, euskal kulturaren hastapen lanak egin izanagatik. Ikasturtea hastear dago eta Barandiaran Museoan pozik gaude (eguzkiak laguntzen du…), eta gogotsu ikasturte berri bati ekiteko, Barandiaranen figura, ikerketak eta oro har, euskal kultura hedatuz. Beraz, gure poztasuna zuek guztiokin elkarbanatzeko 1986. urtean Mikel Mendizabal bertsolariak Jose Migel Barandiarani jarritako bertso batzuek dakarzkizuegu hemen, gozatu:

JMBi Mikel Mendizabal

Hemen bertso hauek ikus-entzunezkoan ikusteko aukera duzue (Barandiaran Fundazioak prestatutakoa).

Udazken honetarako egitarau oso berezia prestatuko dugu Barandiaran Museoan 125. urteurren hau ospatzeko, jarduera ugari eta errepikaezinak eskainiko dizkizuegu, burubelarri gabiltza prestaketa lanetan, beraz, adi egon zaitezte!