Tag Archives: Joxean Mujika

Aralarko iraganera bidaiatuz

Gure iragana milioika pieza dituen puzzle bat da guretzat eta gaur egungo arkeologoek piezak horiek bilatzen jarduten dute. Horietako bat Joxean Mujika da, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta arkeologo handia.

Atzo berarekin Aralarko Ondarre harantxoan azken urteotan egin dituen indusketa lanen emaitzak bertatik bertara ikusteko aukera izan genuen. Gutxi dira Euskal Herrian historiaurreko hainbeste aztarna aurkitu diren tokiak, eta are gutxiago gaurdaino hain ondo gorde dituzten lekuak. Bazirudien denboraren makinan barneratu ginela, izan ere, kronologikoki, eraikuntza megalitiko desberdinetan zehar egin genuen aurrera; monolitoak, trikuharriak, zistak, harrespilak… bidaia interesgarria izan zen oso, ohartu baikinen zer-nolako altxorrak gordetzen dituen Aralarko lurrazpiak.

IMG_6944

Zorionak, Joxean, egiten duzun lan ikaragarriagatik eta mila esker atzo guri altxorrok erakusteagatik. Garrantzitsua da Joxemiel Barandiaranek hasitako lanari etekina atera eta horrelako emaitzak lortzea. Puzzlea ez da sekula osatuko baina piezak aurkitzeak balio handia du. Segi horrela!

 

Advertisements

Aralarko iraganean arakatzeko aukera

Ondarreko historiaurreko aztarnak

Aralarzale hori, badugu uko egin ezin diozun plan bat zuretzako. Abuztua ere badator, eta kanpora joan gabe gure ingurua sakonago ezagutzeko aukera eder bat proposatzen dizuegu. Ba al dakizu noiztik bizi den gizakia Aralarren? Nola eta non bizi ziren gure arbasoak? Non hilobiratzen zituzten gorpuzkinak? Zer sekretu gordetzen ditu Aralarko lurrazpiak?

Bada, erantzuna emango diegu galdera horiei guztiei punta-puntako ikerlari baten eskutik, Joxean Mujika arkeologoaren ahotik entzun ahal izango ditugu eta inguruotan egin dituen azken aurkikuntza arkeologikoen nondik-norakoak.

Mendirako plan ederra beraz, Lizarrustiko Parketxetik abiatuko gara oinez eta baso zein larre zabalak zeharkatuko ditugu.

Animatuko al zara? Deitu eta eman izena!

Historiaurreko Aztarnak 2017

Iraganaren puzzlean pieza berri bat

Blog honek helburutzat du zuei guztioi, Gipuzkoako natur-guneetako bisitarioi alegia, gure ondareez, naturalak zein kulturalak, gozatzeko bideak eskaintzea. Batzuetan guregana etortzen zarete, interpretazio zentro eta museoetara, eta beste batzuetan aldiz, blog honen bidez ikasten duzue zerbait. Sarrera honekin batera, proposamen bat luzatu nahi dizuegu; guk berriki Aralarren berreraiki den elementu baten berri eman nahi dizuegu, honen inguruko informazio pixkat bat emanez. Trukean, gero, elementu hori bisitatzeko erronka luzatu nahi dizuegu, bertatik bertara ikusi eta zuen bi begiekin gozatzeko aukera emanez. Damutuko ez zaretela ziurtatzen dizuegu, ingurua sekulakoa da eta jarraian azalduko dizuegun iraganaren lekuko hau, zoragarria.

DSC_0119

Ondarreko Zistaz ari gara, baina koka gaitezen lehenik inguruan. Ondarre, edo zehaztasun gehiagorekin Pikuetaondarra-Naparbide eremua, Aralarko Natura Parkean dago, honen bihotzean, Lizarrustiko Parketxetik (Ataundik) oinez joanda ordubete ingurura. Gutxi dira Euskal Herrian Historiaurreko hainbeste aztarna dituzten inguruak: trikuharriak, zistak, monolitoak, baratzak (cromlechak)… Ikerketa lanak amaitu ez direnez, ezin bazter daiteke arkeologoek oraindik aurkikuntza gehiago egitea. Hain zuzen, Aralarren aurkituriko giza-aztarna zaharrenak (Neandertalek egindako tresnak) Pikuetaondarren azaldu ziren duela ez hainbeste.

Aurkikuntza horiek guztiak EHUko arkeologia irakasle titularra den Joxean Mujikak zuzenduriko ikerketa-taldeak egin ditu, Aralarren lanean urteak daramatzanak.

Oraingoan, azken hilabete honetan egin diren Zistaren berreskuratze lanen inguruko informazioa eman nahi dizuegu. Zista bat hilobi-monumentu bat da, tamaina txikia duena, Trikuharri txiki baten modukoa. Bertan, zendua fetu-jarreran hilobiratu ohi zuten. Ondarreko zista honen aurkikuntza 2011. urtean egin zen, metro bateko bi harri luze paralelo zeuden eta ote zuriz estalirik zegoen guztia, irudian ikus daitekeen moduan.

zista6
Argazkiak: Joxean Mujika

Urte horretan bertan industu zuten gune hori Joxean Mujika eta bere lantaldeak, Brontze Aroko (4000-3500 urte) zista bat zela egiaztatuz. Gaineko estalkia kameraren barnera eroria zegoen, ehortzitakoen hezur-hondarrak zanpatuz. Inguruko hainbat harlauza ere zatikatuta eta lekualdatuta agertzen ziren. Indusketa horretan adin desberdineko lau gorpuren hondarrak aurkitu ziren, baita 7 ontzitxoen puskak eta hezurrez egindako zintzilikario bat izan daitekeena ere.

zista3
Argazkia: Joxean Mujika

Multzo horren harrizko elementuen mantentze-egoera kaxkarra dela eta, indusketaren zuzendariak eta GFAko Gordailuko zaharberritze tailerreko teknikoak zista hori finkatu, puskak elkartu eta harriak atontzea erabaki zuten.  Gainera, harlauzak jatorrizko lekuan berrezarri dituzte, betiere  indusketa fasean bildutako dokumentazio eta argibideak kontuan hartuz. Barnean metalezko egitura bat gehitu zaio, multzoaren oreka eta egonkortasuna bermatzeko. Gaineko estalkiari dagokionez, jatorrizko tamainarekin alderatuz gero hiru aldiz txikiagoa zen, denboarekin jasandako disoluzioaren eraginez. Hori horrela izanik, berreraikitze bat egitea erabaki zuten, estalkiaren jatorrizko puska horiek barneratuz. Lan hauek azken hilabete honetan amaitu dituzte eta orain iraganean izango zuen forma ikus daiteke, guztion gozagarri.

zista4
Argazkia: Joxean Mujika

Zehaztasun guzti hauek argituta, Aralarko Parketxetik Joxean Mugika eta bere lantaldeak egindako lana goraipatu besterik ezin dugu egin. Zorionak, inguru honetan egidako ikerketa guztiengatik eta mila esker gure iraganeko puzzleari beste pieza bat gehiatzearren. Jarrai ezazue Jose Migel Barandiaranek inguru hontan hasi zuen puzzlea osatzen, gu ere ez gara oso aparte ibiliko.

Orain zuek guztiok, Aralarko maitale finok, helduiozue gure erronkari eta gerturatu zaitezte Ondarreko harantxora, bertan egindako azken aurkikuntzak ikusi eta iraganera bidaia azkar bat egitera. Edozein argibide edota informazio nahi baduzue Ataungo Barandiaran Museoan edota Lizarrustiko Parketxean egongo gara zuen zain!

ARALARKO SEKRETUAK BEGIZTATUZ

40 pertsonatik gora bertaratu ziren atzo Aralarko Pikuetaondarra-Naparbide parajeko azken aurkikuntza arkeologikoak ezagutzeko Gipuzkoako Parketxe Sareak antolatutako ibilaldira.

Nahiz eta eguraldia gure alde ez egon,  harrera ezin hobea izan zuen ibilaldiak. Pausoz-pauso, Joxean Mujikaren gidaritzapean, historiaurreko aztarnak begiztatuz igaro genuen goiza, aurkikuntza antzinakoenetatik (Jentilarri trikuharria) berrienetara (lau urtetik gaurdaino aurkitutako cromlech-ak) salto eginez. Monolito ugari bisitatu genituen eta Joxeanek ederki azaldu zizkigun bakoitzaren ezaugarriak eta urte guzti hauetan zehar lur-azpian gorde dituzten sekretuak, aurrera eraman dituzten zaharberritze lanez gain noski.

20150808_122929

Esker mila bertaratutako guztiei, erakutsitako interes eta jakin-minarengatik. Baita Joxean Mujikari bere denborarengatik eta berak eta bere lantaldeak egindako lan bikainarengatik.

Gogoz itxarongo diogu hurrengo irteerari, bien bitartean, zuen lana gertutik jarraitu eta jendeari Aralarren daukagun ingurune paregabea ezagutzera ematen jarraituko dugu bertako altxorrak errespetatzen, gozatzen, maitatzen eta zaintzen erakutsiz.

OLYMPUS DIGITAL CAMERA
OLYMPUS DIGITAL CAMERA