Tag Archives: jose migel barandiaran

Joxemielek burua altxako balu…

Joxemiel Barandiaranek burua altxako balu… atzoko omenalditxoa ikusita ziur gaude esango zuenaz: “kontxo, kontxo, nik ez dut hau guztia merezi”. Oilo-ipurdia jartzeko moduko emanaldia izan zen atzokoa Barandiaran Museoan. Jon Aizpuruak bidaia harrigarria egin zigun bere bizitzan zehar, hamaika objektu pertsonal hizpide hartuta.

DSC_0036

Bertaratu zen jendetzak giro epela sortu zuen, interesez beteriko bisitariak, bai horixe! Joxemielek erabiltzen zituen garraio motez aritu ginen, teknologiarako zuen zaletasunaz, apaizgintzan izan zituen gorabeherez… Hamaika kontu ezagutu genituen euskal kulturaren oinarriak jarri zituen gizon txiki-handi honen inguruan.

Musikak tarte handia izan zuen atzoko goizan, izan ere Joxemieli hainbeste gustatzen zitzaion musika klasikoarekin hasi genuen emanaldia eta amaieran sorpresatxo txiki bat ere izan genuen. Zuzenean “Deo gratias” eta “Agur jesusen ama” abestiak entzuteko aukera izan genuen, lehena Joxemielek gabon gauez Pilar ilobari belarrira eta mususoinuaren laguntzaz abesten ziona da hain zuzen. Nikolas Goikoetxea ataundarrak jarri zuen ahots nagusia, nahiz eta bisitariek ere beren ahotsez lagundu zioten. Hunkigarria benetan.

DSC_0049

Barandiaran Museotik milioi bat esker eman nahi dizkiogu Jon Aizpuruari, bere lan diztiratsu eta apartekoagatik, Barandiaranen hedatzaile nekaezina izateagatik eta Barandiaran Museoarekin elkarlanean aritzeagatik. Eskerrak eman, nola ez, Joxemielen iloba Joxe Mari Galparsorori, urteurren honetan gure alboan egoteagatik. Eta noski, atzoko emanaldia musikaz blaitzeagatik, Nikolas Etxeberriari. Baskunes Elkarteari ere gure esker onak objektuak uzteagatik.

Joxemiel Barandiaran gogoan dugun bitartean eta bere lanen hedapenean lanean jarraitzen dugun bitartean, gure artean iraungo du.

Gogoratu, atzokoa urteurren honen ospakizunaren hasiera soilik izan zela, eta urte amaiera bitartean mitologiaren inguruko bi saio berezi antolatu ditugula. Igande honetan, azaroak 30, Ipuin kontaketa saioa izango dugu Museoan, non, Barandiaranek jasotako kodaira mitologikoak Marimunduko pertsonaiak antzeztuko dituen etxeko txikienentzako. Nahitaezkoa izango da izena ematea.

DSC_0191

Hurrengo saiorako ere, abenduaren 14an izango dena, izena ematen hasiak dira jada bisitariak. Lizarrusti inguruko basoetatik ibiliko gara, pertsonaia mitologikoak bidelagun izango ditugula, hamaika sorpresa egongo dira eta ibilaldi magikoa izango dela ziurtatzen dizuegu.

Jentilak eta Olentzero_kartela 2014

Izan zaitez Joxemiel Barandiarani eskaintzen ari gatzaion omenaldi txiki eta xume honen partaide!

Advertisements

JM Barandiaran, 125 urte jaio zela

Hemen duzue JM Barandiaranen 125. urteurrenerako Barandiaran Museoak prestatu duen egitaraua aurkezten den bideoa (Goierri Telebistak pestatutakoa). Erreserbak egitea nahitaezkoa izango da (943 18 35 35 / 688 89 50 69 edota barandiaran@gipuzkoamendizmendi.net).

Azken egunak dituzue igande honetan ospatuko dugun “Hamaika objektu, hamaika kontu” emanaldirako izena emateko!

JM Barandiaranek merezitako festa Ataunen

125 urte igaro dira Jose Migel Barandiaran jaio zenetik eta Barandiaran Museotik merezitako festa eskaini nahi diogu. Horretarako egitarau berezia prestatu dugu urte bukaera honetarako. Adin guztientzako ekimenak antolatuko ditugu:

JM Barandiaran 125. urteurrena kartela

Azaroak 23, igandea. “Hamaika objektu, hamaika kontu” emaldi berezia. Jose Migel Barandiaranen hamaika objektu bildu ditugu eta horien bitartez ibilaldi berezi-berezia egingo dugu bere bizitzan zehar. Museoko ganbarak eskaintzen duen giro goxoan hamaika kontu interesgarri entzungo ditugu Jon Aizpurua ataundarraren eskutik. Doakoa izango da emanaldia, baina aurrez izena ematea nahitaezkoa izango da.

Azaroak 29-abenduak 31. “Hamaika objektu, hamaika kontu” objektuen erakusketa. Jose Migelen objektu zaharrak ikusgai egongo dira Museoan. Prezioa: 2€-koa izango da, Museoko sarrera barne duela.

Azaroak 30, igandea. “Euskal Herriko mito eta ipuin zaharrak” ipuin kontaketa. Jose Migel Barandiaranek lan izugarria egin zuen Euskal Herriko kondaira eta ipuinak biltzen. Horietako batzuk ezagutzeko aukera eskainiko da Museoan, Marimunduko pertsonaiaren eskutik eta Jentilbaratza Kultur Elkartearen laguntzaz. Prezioa: 2€-koa izango da.

Abenduak 14, igandea. “Jentilak eta Olentzero Aralarren” ibilaldi magikoa. Urteroko legea bihurtu den ibilaldi berezi hau, berrikuntza ugarirekin dakarkizuegu aurtengoan. Barandiaranek hain ondo ezagutzen zituen basoetatik zehar ibiliko gara, haur eta heldu, pertsona zein izaki mitologiko. Jentilbaratza Kultur Elkarteko kideen laguntzaz magikoa bihurtuko dugu Aralarko Natur Parkea. Prezioa: 3€ helduak eta 2€ 12 urte azpiko haurrak. Goiz magikoa igarotzeko aukera duzue, ausartzen zarete?

Ekimen hauetan guztietan Jose Migel Barandiaranen figura presente egongo da, bere izaera eta lanak hobeto ulertu eta ezagutuko ditugu eta Barandiaran Museotik figura honen bultzatzaileak izan nahi dugu.

Ekimenetan parte hartzeko, nahitaezkoa izango da aurrez izena ematea, plaza mugatuak egongo dira eta. Erreserbak egiteko  943 18 03 35 / 688 89 50 69 telefonoetara deitu dezakezue edota barandiaran@gipuzkoamendizmendi.net helbidera idatzi.

Izan zaitez 125. urteurren honen partaide eta eman diezaiogun Jose Migel Barandiarani merezitako festa!

Bertsoak JM Barandiarani

Aurten 125 urte betetzen dira Jose Migel Barandiaran jaio zela. Euskaldunok badiogu zer eskertu bere txikitasunean handi zen ikertzaile ataundar honi, euskal kulturaren hastapen lanak egin izanagatik. Ikasturtea hastear dago eta Barandiaran Museoan pozik gaude (eguzkiak laguntzen du…), eta gogotsu ikasturte berri bati ekiteko, Barandiaranen figura, ikerketak eta oro har, euskal kultura hedatuz. Beraz, gure poztasuna zuek guztiokin elkarbanatzeko 1986. urtean Mikel Mendizabal bertsolariak Jose Migel Barandiarani jarritako bertso batzuek dakarzkizuegu hemen, gozatu:

JMBi Mikel Mendizabal

Hemen bertso hauek ikus-entzunezkoan ikusteko aukera duzue (Barandiaran Fundazioak prestatutakoa).

Udazken honetarako egitarau oso berezia prestatuko dugu Barandiaran Museoan 125. urteurren hau ospatzeko, jarduera ugari eta errepikaezinak eskainiko dizkizuegu, burubelarri gabiltza prestaketa lanetan, beraz, adi egon zaitezte!

Gau magikoa atzokoa Ataunen….

Atzo, GAUA GAUEZKOENTZAT ibilaldi magikoa ospatu genuen Ataunen eta 700 pertsona baino gehiago hurbildu ziren gurera Euskal Herriko bazter guztietatik. Ilargi betea bidelagun, gaueko mundu magiko eta harrigarrian murgildu ginen, heldu zein haur, gizaki zein pertsonaia mitologiko.

Gaua gauezkoentzat 2014

Guztiok batera, Jose Migel Barandiaran gertutik, oso gertutik, ezagutzeko aukera izan genuen eta berak jasotako hainbat kondaira mitologikoren antzezpenekin gozatzeko aukera ere izan genuen. Ustekabean topatu genituen Agauntza erreka-bazterretan Torto, Sorginak, Sanmartintxiki, Jentilak…

Benetan gau magikoa izan zen atzokoa, partehartzaileen aurpegietan ederki ikusi ahal izan genuen hori, eta hau guztia, noski, ez zen posible izango Ataungo herritarren parte-hartzea gabe. Eta noski, betiko moduan, Jentilbaratza Kultur Elkartearen lan bikaina zoriontzekoa da, beraz mila esker atzoko gaua magikoa izaten lagundu zenuten guztioi!

Atzoko ibilaldiko argazkiak ikusi nahi badituzue klikatu hemen.

Jarraian ibilaldiko bideoa duzue, gozatu!

Eta gogoratu… direnik ez da sinistu behar, ez direnik ez da esan behar… Ataunen ikusiko dugu elkar…