Tag Archives: jose migel barandiaran

Amaitu da I. MITOALDIA

Igaro den astea berezia izan zen Ataungo Barandiaran Museoan. Barandiaranek hainbeste urtetan paperean jasotako altxorrak gizarteratzen jarraitzeko ekimen handi bat jarri genuen abian I. MITOALDIA izenburupean. Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioak eta Jentilbaratza Elkarteak lankidetzan eraman dugu aurrera asmo handiko proiektu hau.

Harrera ezin hobea izan zuen hasiera-hasieratik herritarren artean eta mitologiaren transmisio-soka sendotzeko bidean beste pausu txiki bat eman dugunaren sentsazioa dugu antolatzaileok, familia ugarik hala adierazi digute eta. Denetariko bisitariak izan ditugu: ikasleak, familiak, helduak, taldeak…

Mitoaldia orokorra_collage

Aurtengoan lehen alea erein dugu, baina bide luze baten hasiera besterik ez da hau, aurtengoa LEHENENGO MITOALDIA izan bada ere, datozen urteetan sorpresa gehiagorekin itzuliko da ekimena.

Mila esker bihotzez gurera gerturatu zineten bisitari guztioi. Laster berri gehiago izango dituzue, urte amaiera bitartean bi jarduera berezi izango ditugu eta Aralarko Parketxean: LIZARRUSTIKO TXONDORRA piztuko dugu abenduaren 3an eta hura itzaltzearekin batera, abenduaren 23an, JENTILAK ETA OLENTZERO ibilaldi magikoa ospatuko dugu.

Izango duzue gure berri! Bizi mitologia Ataunen!

Advertisements

Aralar, ingurumen hezkuntzaren eszenatoki

Ikasturtea amaitzear den honetan, atzera begira jarri eta Aralarko Parketxean esperientzia ederrak bizi izan ditugula ohartu gara. 1.500 ikasletik gora igaro dira ikasturte honetan Ataundik eta makina bat jarduera egin ditugu haiekin, tartean Aralarko Natura Parkearen sekretuak ezagutzeko mendi-ibilaldiak, gure arbasoen ohitura-zaharrak berreskuratzeko elikadura tailerrak, mundu mitologikoan murgiltzeko tailer magikoak, arkeologo baten lana azalean sentitzeko jarduerak, baserriko mundua barrutik ezagutzeko jolasak, eta askoz ere gehiago!

Etorkizuneko lur hauetako zaindariak izango dira ikasle hauek eta orain landatutako haziak etorkizun batean baso bilakatuko direlakoan gaude.

2017 ikasturtea

Amaitu ditugu beraz ikasturte hontako ikastetxeetako egonaldi eta ingurumen-hekzuntza jarduerak eta orain atseden apur bat hartu eta indarberrituta hasiko dugu 2017-2018 ikasturtea, berriro ere inguruotako ondare natural zein kulturala lau haizetara zabaltzeko prest!

 

Ataun, bizi ala iraun?

Ba al du mundu mitologikoak gaur egungo bizimoduan kabidarik?

Gure baitan dago galdera horren erantzuna. Iraganean pisu handia zuen mitologiak euskal kulturan, gure arbasoen egunerokotasunean habe garrantzitsua izanik. Baina argi dago azken hamarkadetan habe hori eroriz joan dela eta kondaira zein mitoak ezezagunagoak bihurtu direla, leku askotan ia desagertzeraino ere. Eta “ia” diogu, izan zelako mundu horren azken arnasa iristear zegoela arazoaz jabetu eta konponbide bat bilatzea erabaki zuen gizon bat, gizon ataundar bat, duela 25 urte utzi gintuen gizon bat.

Jose Migel Barandiaran jabetu zen, eta ondo jabetu ere, arbasoen kondaira, ipuin, mito eta kontakizunak idatziz jaso ezean, urte gutxitan inork ez zuela Torto, Marimunduko edo Etsairen berririk izango. Eta hala egin zuen, kontuok liburuetan zintzo-zintzo jaso zituen urte mordo eta luzeetan zehar. Iraunarazi egin zituen. Baina iraun eta bizi kontu bi dira.

Berak iraunarazi egin zituen. Orain, kondaira horiek bizi eta biziarazteko erantzunkizuna dugu guk.

Hortan dihardugu urte osoan zehar Barandiaran Museoan. Jose Migelek egindako lan guztia ezerezean gera ez dadin hamaika ahalegin egiten ditugu eta gaur, beste behin, egindako ahaleginarekin ezin gustorago gaude. Bide honetan bada Ataunen bidelagun dugun elkarte bat, Jentilbaratza izenekoa. Herritar xumeak, baina Barandiaranen kemenaz eginak. Gaurkoan familiei zuzendutako Euskal Herriko mito eta ipuin zaharren kontaketa saio bat egin dugu Museoan eta gure artean egon dira Marimunduko, Torto, Etsai eta beste pertsonaia batzuk ere. Zorionak egindako saioagatik, ikusten diren eta ikusten ez diren inurri lanengatik. Eta batez ere, gaur egungo gazteei mundu mitologikoan sinestarazteagatik.

dsc_0046

100 pertsonatik gora etorri dira gaur Barandiaran Museora, bi saiotan banatuak. Eskerrikasko gerturatutako guztioi eta Marimundukok esan dizuen moduan, segi zuen haurrei ipuinak kontatzen! Gogoan izan… “Direnik ez da sinistu behar, ez direnik ez da esan behar”. Abendurako beste sorpresa “magiko” bat prestatzen ari gara, aurrerago emango dizuegu honen berri!

Gaurkoan norbait etorri ezinik geratu bada, datorren larunbat arratsaldez beste aukera bat izango du Zegamako Anduetza Parketxean ipuin kontaketa ikusteko. Deitu erreserba egiteko (943 802 187).

Barandiaran Museoan egindako ipuin kontaletaren bideoa duzue hemen, Goierri Telebistak eginikoa: http://www.gitb.eus/azken-berriak/9042-ipuin-kontaketa-antzeztua-ataunen-aita-barandiaran-omentzeko

Zenbat eta beteago, orduan eta apalago

Aurten, 25 urte betetzen dira Jose Migel Barandiaran gure artean ez dagoela. 25 urte igaro dira gure Euskal Herriko txoko sekretuenak ikertzen ez dituela eta 25 urte badira bere ahotik kondaira eta kontu zaharrak entzuten ez ditugula.heriotzaren-25-urteurrena_logo

Baina, bere lorratzak bizirik eta diztiratsu dirau Ataungo Barandiaran Museoan.

Behin, latineko azterketa ederki egin eta bi ikasturte urte bakarrean gainditu zituela jakitean, Joxemiel gaztea etxera harro-harro itzuli zen, etxafuegoak botatzen. Semearen harrokeria baretzeko, amak baserriko atarira eraman zuen eta fruituen pisuaren eraginez adarrak makurtuta zeuzkaten bi sagarrondoren aurrean hala esan zion: “Zenbat eta beteago, orduan eta apalago”. Hark ere horrelakoxea izan behar zuela erakutsi zion amak. Lezio hori balio handikoa izan zen beretzat eta eragin handia izan zuen bere bizitza luzean zehar, pertsona umila eta apaltasunez beterikoa izan baitzen.

Pasadizo honen harira eta 25. urteurrenarekin batera, omenaldi xume bat egin nahi izan diogu Barandiaran Museoan, non “Ataungo fruituak” izan diren protagonistak, herriko gaztetxoak alegia. Ataungo Eskolako 240 ikasleei, zikloka, gai desberdinak lantzeko eskatu genien (mitologia, arkeologia, bizitza pertsonala, etnografia…) eta ateratako ondorioekin esaldi eta marrazkiak paperezko sagar batean idaztea gero. Aste honetan zehar, egunero, Ataungo ikasleak Museotik pasa dira, bertan dagoen sagarrondo eder batean fruituok zintzilikatzera. Hori horrela, haiek izan dira omanaldi honetan protagonista nagusiak eta Joxemielen lanen garrantzia, beste behin, azpimarratu dutenak.

dsc_0101

Mila esker Ataungo Eskolari egindako lanagatik eta gurekin batera omenaldi honetan horren gogotsu parte hartzeagatik. Harro legoke Joxemiel! Gainera, Imanol Urbieta ere omendu dugu, ikasleak Imanolek Joxemieli 100 urte bete zituenean eskainitako bertsoak ikasi dituzte eta Museoan denon artean abestu ditugu, momentu zoragarria izan da!

Hementxe Goierriko Hitzak atzo egindako bideoa:

Gaurtik abenduaren 21era bitartean (Joxemiel zendu zen eguna hain zuzen), edonork izango du aukera sagarrondoan sagar bat zintzilikatzeko eta nahi duen esaldia jartzeko. Modu honetan, omenaldi irekia egingo diogu. Zatoz Barandiaran Museora eta parte hartu!

Eta gogoan izan, “zenbat eta betago, orduan eta apalago”.

Omenaldi honen harira, komunikabideetan agertutako berriak ikus ditzakezue jarraian:

     Diario Vasco (2016/11/12): “Barandiaran, Ataungo fruitua”

     Diario Vasco (2016/11/18): “Ataungo umeek Barandiaran gogoan dute

     Noticias de Gipuzkoa (2016/11/17): “El legado de Barandiaran

     Goierriko Hitza (2016/11/18): https://www.youtube.com/watch?v=DDAbW8GsZTk

dav

Oraindik Barandiaran Museoa ezagutu gabe?

Aurten, 25 urte betetzen dira Jose Migel Barandiaran gure artean ez dagoela. 25 urte igaro dira gure Euskal Herriko txoko sekretuenak ikertzen ez dituela eta 25 urte badira bere ahotik kondaira eta kontu zaharrak entzuten ez ditugula.

Baina, bere lorratzak bizirik eta diztiratsu dirau Ataungo Barandiaran Museoan.

Bere bizitza zein lanan garrantziaz gehiago jakin nahi baduzu, Barandiaran Museoko ateak zabalik dituzu. Gonbidapena, Museoko atean jarri dugun bertso baten bidez doakizu.

Zure zain gaude.

dav

 

Zuretzat, Joxemiel

Igaro den igandean, uztailak 31arekin, Bidea 2016 ekimenaren 19. etapa ospatu zen Ataunen. 160 mendizale abiatu ziren Altsasutik Ataunera bidean, pagadi eta harizti ederretatik barrena. Eguraldia ez zuten bidelagun ona izan, baina ze demontre, egia aitortzeko mendi magiko hauetan behelaino eta euripean ibiltzeak badu bere xarma, misterioz betetzen baitu ingurua.

Hainbat ikuskizun kultural egin ziren biden zehar. Egun hori aprobetxatu nahi izan genuen Aralarko Parketxean (Lizarrustiko Parketxea eta Barandiaran Museoa) Joxemiel Barandiarani omenaldi txiki bat egiteko, aurten 25 urte betetzen dira eta gure artean ez dagoela, gure euskal herriko txoko berezienak ikertzen ez dituela.

Mendizale taldeak goiz-goizetik izan zuen Joxemielen berri, izan ere, Intsusburuko trikuharrian indusketa bat egiten topatu zuten Barandiaran eta bere lagun Telesforo de Aranzadi. Lau kontu esan ondoren beren bidea jarraitzera gonbidatu zituen Joxemielek, basootan kontu handiz ibiltzeko ahortaraziz.

IMG_4076

Arratsaldean, taldea Barandiaran Museora iritsitakoan, Enrike Zelaia akordeoilari altsasuarrak, pieza batzuekin arratsaldea modu alaian girotu zuen, erromeri kantak joz. Mendizale trebatuenak dantzan ere animatu ziren frontoiaren erdira. Ataungo Otsoak Dantza taldeko Rebeka Kaiero eta Sara Aramendi dantzariak aurresku bat ere eskaini zioten Joxemieli. Momentu ederra izan zen. Jarraian, Jon Aizpuruak, gure lagun eta laguntzaile nekaezina, gutun bat irakurri zuen, emozioz kargatutako gutun hunkigarri bat. Joxemieli zuzendu zitzaion eta gaur egungo Ataungo berri eman.

Zer esan, horrelako momentu eder bat bizi ondoren. Museotik, Jon, miloi bat esker zure hitzengatik, eta halaxe, Joxemielek esaten zuen moduan “Herritik jasoa, herriari emana” predikuaren adierazlerik onena zara.

Hemen duzue Jonek irakurritako gutuna:

     Hogeita bost urte joan zinela Joxemiel. Azkar doaz urteak !

     Zer moduz zabiltza ? Zer moduz dabil “ Ataungo frutue, ez  ola ohittue “ ?   

     Honez gero miatuko zenituen horko txoko eta toki ezkutuenak eta jasota izango dituzu, hor dituzten ipuin, esaunda, kontu zahar eta ohiturak.

     Tertulia ederrak egingo dituzu zure amarekin, aitarekin, Pilar ilobarekin … Ondo zaintzen al ditu Pilarrek horko loreak ? Seguru baietz !

     Ondoan izango dituzu zure senideak, gaztaroko eta zahartzaroko lagunak, Murkoondo zeharreko bizilagunak, Aranzadi, Eguren, Mateo Mujika, Manuel Lekuona eta beste hainbat adiskide. Gustura grabatuko nituzke zuen arteko solasaldiak !

     Eta hemen zer berri ?- galdetuko duzu. Ez zauzkagu ahaztuta ! Ez horixe ! Joxemarik eta Mariatxok  zintzo zaintzen dute zure Sara etxea eta zure izena duen Fundazioa ere, lan eta lan ari da eta albiste onak ditu: besteak beste,  aurten, berriro, Barandiaran Bekarako deia egin du eta Anuario Eusko Folklore aldizkariaren 50. zenbakia kaleratu du. Ez dago gaizki ezta ?

     Zure izena daraman Museoa ere, Barandiaran Museoa, etengabe ari da zure eta zure lanaren berri zabaltzen. Ehundaka haur eta bisitari igarotzen dira bertatik urtean zehar eta zure erreferentzia dutenez, kimu berriak sortzen ari dira.

     Joxemiel Barandiaran hemen al dabil ? Benetakoa al da Barandiaran ?- galdetu zidan duela gutxi neska koxkor batek. Bai, hemen dabil eta benetakoa da !- erantzun nion. Izena duen guztia dela, esaten zenuen zuk eta horixe esan diot nik ere: Basajaun, Torto begi-bakarra, Marimunduko, Samartin Txiki, jentil, sorgin eta lamiekin batera, zu ere hemen zabiltzala ! Pozik geratu zen neskatoa !

     Oraintxe bertan ere, zu gogoan zaitugula, lagun-sail haundia  elkartu gara San Gregorio auzoko Zelai pilotalekuan. Donostia, Europako Hiriburu Kulturala da aurten eta hori dela, Altsasutik Atauna mendi-ibiladia egin duten 160 bat lagun gaude hemen zuri gorazarre egiten. Duela 26 urte eman zizun Donostiak bere Urrezko Domina eta badituzu bertan zuren izena daramaten kalea eta ikastetxea.

     Lasai Joxemiel ! Orain 100 urte egin zenuen lehen indusketa Jentilabaratzan eta orain 100 urte argitaratu zenuen zure lehenbiziko artikulua: “ Ataun en la Edad media. El antiguo castillo.”   Orain 100 urte aurkitu zenuen lehen trikuharria, Argarbi, Nikasio Garayalde lagun zenuela.

    Lasai beraz ! Zuk bidea ireki zenuen eta jende asko dabil bide horretan.

   Ez dugu ikusten baina bada lokarri bat, garai bateko mundua eta gaurkoa lotzen dituena eta lokarri hori zu zara Joxemiel !   

   Hartzazu besarkada handi bat eta goraintziak !

 Jon Aizpurua, Ataunen,  2016ko uztailaren 31n

Gau magikoa atzokoa Ataunen

Zer esan, hitzik gabe uzten duen atzokoa bezalako gau baten ondorengo ajez. Hitz asko datozkigu burura; liluragarria, ikusgarria, txundigarria, harrigarria, magikoa… eta guztiak motz geratzen zaizkigu atzo Ataunen bizi genuena adierazteko.

V. Gau Ibilaldi Mitologikoa ospatu genuen bart, Joxemiel Barandiaranek jasotako kondaira eta esaunda zaharrak munduari zabaltzea helburu zuena.

Urteroko legez eta inoiz baino ozenago, Barandiaran Museotik gure eskerrik beroenak eta zorionik zintzoenak Jentilbaratzako kideei, hilabeteetan egindako lan izugarriagatik. Atzokoa iraupen-karrera baten azken txanpa izan bazen ere, atzetik datorren lanaren emaitza izan zen azken finean. Zorionak. Luxu handia da Joxemielen eta mundu mitologikoa hedatzeko lanetan horrelako bidelagunak edukitzea.

Eta nola ez, mila esker ere, atzoko egunez Ataunera etorritako familia eta partehartzaile guztiei (1.000 pertsonatik gora elkartu ginen), izandako jarreragatik, pazientziagatik eta gure ondare kulturalaz gozatzeko egindako ahaleginagatik!

Joxemielek hau ikusiko balu!…

Hona hemen atzoko argazki batzuk.

 

Joxemielek burua altxako balu…

Joxemiel Barandiaranek burua altxako balu… atzoko omenalditxoa ikusita ziur gaude esango zuenaz: “kontxo, kontxo, nik ez dut hau guztia merezi”. Oilo-ipurdia jartzeko moduko emanaldia izan zen atzokoa Barandiaran Museoan. Jon Aizpuruak bidaia harrigarria egin zigun bere bizitzan zehar, hamaika objektu pertsonal hizpide hartuta.

DSC_0036

Bertaratu zen jendetzak giro epela sortu zuen, interesez beteriko bisitariak, bai horixe! Joxemielek erabiltzen zituen garraio motez aritu ginen, teknologiarako zuen zaletasunaz, apaizgintzan izan zituen gorabeherez… Hamaika kontu ezagutu genituen euskal kulturaren oinarriak jarri zituen gizon txiki-handi honen inguruan.

Musikak tarte handia izan zuen atzoko goizan, izan ere Joxemieli hainbeste gustatzen zitzaion musika klasikoarekin hasi genuen emanaldia eta amaieran sorpresatxo txiki bat ere izan genuen. Zuzenean “Deo gratias” eta “Agur jesusen ama” abestiak entzuteko aukera izan genuen, lehena Joxemielek gabon gauez Pilar ilobari belarrira eta mususoinuaren laguntzaz abesten ziona da hain zuzen. Nikolas Goikoetxea ataundarrak jarri zuen ahots nagusia, nahiz eta bisitariek ere beren ahotsez lagundu zioten. Hunkigarria benetan.

DSC_0049

Barandiaran Museotik milioi bat esker eman nahi dizkiogu Jon Aizpuruari, bere lan diztiratsu eta apartekoagatik, Barandiaranen hedatzaile nekaezina izateagatik eta Barandiaran Museoarekin elkarlanean aritzeagatik. Eskerrak eman, nola ez, Joxemielen iloba Joxe Mari Galparsorori, urteurren honetan gure alboan egoteagatik. Eta noski, atzoko emanaldia musikaz blaitzeagatik, Nikolas Etxeberriari. Baskunes Elkarteari ere gure esker onak objektuak uzteagatik.

Joxemiel Barandiaran gogoan dugun bitartean eta bere lanen hedapenean lanean jarraitzen dugun bitartean, gure artean iraungo du.

Gogoratu, atzokoa urteurren honen ospakizunaren hasiera soilik izan zela, eta urte amaiera bitartean mitologiaren inguruko bi saio berezi antolatu ditugula. Igande honetan, azaroak 30, Ipuin kontaketa saioa izango dugu Museoan, non, Barandiaranek jasotako kodaira mitologikoak Marimunduko pertsonaiak antzeztuko dituen etxeko txikienentzako. Nahitaezkoa izango da izena ematea.

DSC_0191

Hurrengo saiorako ere, abenduaren 14an izango dena, izena ematen hasiak dira jada bisitariak. Lizarrusti inguruko basoetatik ibiliko gara, pertsonaia mitologikoak bidelagun izango ditugula, hamaika sorpresa egongo dira eta ibilaldi magikoa izango dela ziurtatzen dizuegu.

Jentilak eta Olentzero_kartela 2014

Izan zaitez Joxemiel Barandiarani eskaintzen ari gatzaion omenaldi txiki eta xume honen partaide!