Tag Archives: jon aizpurua

Zuretzat, Joxemiel

Igaro den igandean, uztailak 31arekin, Bidea 2016 ekimenaren 19. etapa ospatu zen Ataunen. 160 mendizale abiatu ziren Altsasutik Ataunera bidean, pagadi eta harizti ederretatik barrena. Eguraldia ez zuten bidelagun ona izan, baina ze demontre, egia aitortzeko mendi magiko hauetan behelaino eta euripean ibiltzeak badu bere xarma, misterioz betetzen baitu ingurua.

Hainbat ikuskizun kultural egin ziren biden zehar. Egun hori aprobetxatu nahi izan genuen Aralarko Parketxean (Lizarrustiko Parketxea eta Barandiaran Museoa) Joxemiel Barandiarani omenaldi txiki bat egiteko, aurten 25 urte betetzen dira eta gure artean ez dagoela, gure euskal herriko txoko berezienak ikertzen ez dituela.

Mendizale taldeak goiz-goizetik izan zuen Joxemielen berri, izan ere, Intsusburuko trikuharrian indusketa bat egiten topatu zuten Barandiaran eta bere lagun Telesforo de Aranzadi. Lau kontu esan ondoren beren bidea jarraitzera gonbidatu zituen Joxemielek, basootan kontu handiz ibiltzeko ahortaraziz.

IMG_4076

Arratsaldean, taldea Barandiaran Museora iritsitakoan, Enrike Zelaia akordeoilari altsasuarrak, pieza batzuekin arratsaldea modu alaian girotu zuen, erromeri kantak joz. Mendizale trebatuenak dantzan ere animatu ziren frontoiaren erdira. Ataungo Otsoak Dantza taldeko Rebeka Kaiero eta Sara Aramendi dantzariak aurresku bat ere eskaini zioten Joxemieli. Momentu ederra izan zen. Jarraian, Jon Aizpuruak, gure lagun eta laguntzaile nekaezina, gutun bat irakurri zuen, emozioz kargatutako gutun hunkigarri bat. Joxemieli zuzendu zitzaion eta gaur egungo Ataungo berri eman.

Zer esan, horrelako momentu eder bat bizi ondoren. Museotik, Jon, miloi bat esker zure hitzengatik, eta halaxe, Joxemielek esaten zuen moduan “Herritik jasoa, herriari emana” predikuaren adierazlerik onena zara.

Hemen duzue Jonek irakurritako gutuna:

     Hogeita bost urte joan zinela Joxemiel. Azkar doaz urteak !

     Zer moduz zabiltza ? Zer moduz dabil “ Ataungo frutue, ez  ola ohittue “ ?   

     Honez gero miatuko zenituen horko txoko eta toki ezkutuenak eta jasota izango dituzu, hor dituzten ipuin, esaunda, kontu zahar eta ohiturak.

     Tertulia ederrak egingo dituzu zure amarekin, aitarekin, Pilar ilobarekin … Ondo zaintzen al ditu Pilarrek horko loreak ? Seguru baietz !

     Ondoan izango dituzu zure senideak, gaztaroko eta zahartzaroko lagunak, Murkoondo zeharreko bizilagunak, Aranzadi, Eguren, Mateo Mujika, Manuel Lekuona eta beste hainbat adiskide. Gustura grabatuko nituzke zuen arteko solasaldiak !

     Eta hemen zer berri ?- galdetuko duzu. Ez zauzkagu ahaztuta ! Ez horixe ! Joxemarik eta Mariatxok  zintzo zaintzen dute zure Sara etxea eta zure izena duen Fundazioa ere, lan eta lan ari da eta albiste onak ditu: besteak beste,  aurten, berriro, Barandiaran Bekarako deia egin du eta Anuario Eusko Folklore aldizkariaren 50. zenbakia kaleratu du. Ez dago gaizki ezta ?

     Zure izena daraman Museoa ere, Barandiaran Museoa, etengabe ari da zure eta zure lanaren berri zabaltzen. Ehundaka haur eta bisitari igarotzen dira bertatik urtean zehar eta zure erreferentzia dutenez, kimu berriak sortzen ari dira.

     Joxemiel Barandiaran hemen al dabil ? Benetakoa al da Barandiaran ?- galdetu zidan duela gutxi neska koxkor batek. Bai, hemen dabil eta benetakoa da !- erantzun nion. Izena duen guztia dela, esaten zenuen zuk eta horixe esan diot nik ere: Basajaun, Torto begi-bakarra, Marimunduko, Samartin Txiki, jentil, sorgin eta lamiekin batera, zu ere hemen zabiltzala ! Pozik geratu zen neskatoa !

     Oraintxe bertan ere, zu gogoan zaitugula, lagun-sail haundia  elkartu gara San Gregorio auzoko Zelai pilotalekuan. Donostia, Europako Hiriburu Kulturala da aurten eta hori dela, Altsasutik Atauna mendi-ibiladia egin duten 160 bat lagun gaude hemen zuri gorazarre egiten. Duela 26 urte eman zizun Donostiak bere Urrezko Domina eta badituzu bertan zuren izena daramaten kalea eta ikastetxea.

     Lasai Joxemiel ! Orain 100 urte egin zenuen lehen indusketa Jentilabaratzan eta orain 100 urte argitaratu zenuen zure lehenbiziko artikulua: “ Ataun en la Edad media. El antiguo castillo.”   Orain 100 urte aurkitu zenuen lehen trikuharria, Argarbi, Nikasio Garayalde lagun zenuela.

    Lasai beraz ! Zuk bidea ireki zenuen eta jende asko dabil bide horretan.

   Ez dugu ikusten baina bada lokarri bat, garai bateko mundua eta gaurkoa lotzen dituena eta lokarri hori zu zara Joxemiel !   

   Hartzazu besarkada handi bat eta goraintziak !

 Jon Aizpurua, Ataunen,  2016ko uztailaren 31n

Advertisements

JM Barandiaran, 125 urte jaio zela

Hemen duzue JM Barandiaranen 125. urteurrenerako Barandiaran Museoak prestatu duen egitaraua aurkezten den bideoa (Goierri Telebistak pestatutakoa). Erreserbak egitea nahitaezkoa izango da (943 18 35 35 / 688 89 50 69 edota barandiaran@gipuzkoamendizmendi.net).

Azken egunak dituzue igande honetan ospatuko dugun “Hamaika objektu, hamaika kontu” emanaldirako izena emateko!

Barandiaran “11 objektu, 11 kontu”

125 urte igaro dira euskal kulturaren aita izan den Jose Migel Barandiaran jaio zenetik. Ataundarra jaiotzez eta bihotzez, arkeologo eta etnografo garrantzitsuenetako bat izan da zalantzarik gabe, bai Euskal Herrian bai hemendik at. Euskaldunok badugu zer eskertu gizon txiki bezain handi honi eta 125. urteurren hontan, Barandiaran Museotik gure hondar alea jarri nahi dugu berak jasotako ondarea zabaltzen laguntzeko.

barandiaran aralar

Ekintza ugari antolatuko ditugu udazken honetan, Joxemielek merezi duen omenalditxoa egin asmoz.

Lehen saioa azaroan egingo dugu, “11 objektu, 11 kontu” deitu diogun saio eder batekin. Barandiaran zenaren objektu zaharrak ekarriko ditugu Museora eta horien bidez bere bizitzaren hainbat pasarte esanguratsu eta egindako lanaren zertzelada batzuk aurkeztuko ditugu. Emanaldi hau Jon Aizpurua ataundarraren eskutik izango da, berak ezinhobeto ezagutzen baitu Joxemielen bizitza zein lana. Aukera ezinhobea eskaintzen dizuegu, beraz, ez galdu saio hau eta egin erreserba lehen baitlehen.

Bigarren saioaz gozatzeko abenduan Lizarrustira etorri beharko duzue. Barandiaranek hainbeste landu zuen gaia oinarritzat hartuz, mitologia alegia, Lizarrustiko Parketxetik abiatuz “Jentilak Aralarren” deituriko ibilaldi zoragarri bat egingo dugu pagadi ilunetatik, eta pertsonaia mitologikoak bidelagun izango ditugu bidaia magiko horretan.

Adi egon zaitezte, hauez gain, sorpresa gehiago ere izango ditugu eta 125. urteurren hau ospatzeko!