Tag Archives: jentilbaratza

Irekita “Jentilak eta Olentzero” ibilaldi magikorako izen ematea

Ataungo Lizarrusti Parketxean abenduaren 23rako antolatu dugun “Jentilak eta olentzero” ibilaldi magikoan izena emateko zerrenda irekita dagoela jakinarazten dizuegu. Erreserba egiteko bi bide daude, telefonoz (94318 03 35) edota emailez (barandiaran@gipuzkoamendizmendi.net).

Aurrez, esan, jakin badakigula oso denbora gutxian agortuko direla lekuak, ehunka eta ehunka pertsona ari zaretelako deitzen informazioa eskatuz, eta pena handiz, baina agortu ondoren ezin izango dugula izen gehiago hartu. Egunean bertan ez da onartuko sarrerarik ez duen inor. Jarduera honen kalitatea eta segurtasuna bermatu nahi ditugu, hortaz, sentitzen dugu kanpoan geratuko zareten guziongatik, bihotzez, eta ulertuko duzuelakoan gaude. Bai Barandiaran Museoan eta baita Lizarrustiko Parketxean ere, urte osoan zehar makina bat jarduera antolatzen ditugu, hemengo ondare kulturala zein naturala hedatu asmoz eta hurrengoan izango duzue aukera berriro ere.

Bi ordu eta erdi/hiru bat orduko ibilaldia izango dela aurreikusten dugu, nahiz eta zailtasun aldetik ez den ibilaldi zaila, 5 urtetik beherakoentzat ez da gomendagarria, baldin eta haurra ez badago mendian ohitua. Ibilaldiaren hasieran eta amaieran 10-15 minutuko aldapa egongo da, baina tarteko ibilaldia baso lau batetik zehar egingo da, ia desnibelik gabekoa, pagadi eder eta magiko batetik hain zuzen, pertsonaia mitologikoen bizileku den Allekupeko basoetatik.

Lizarrustiko aparkalekua txiki geratzen zaigu horrelakoetan, hortaz, arren, ahalik eta kotxe gutxienetan etorri.

Mendiko arroparekin etor zaitezte eta noski, mundu mitologikoan murgiltzeko gogoz eta ilusioz! Olentzerori eskutitza eskura emateko aukera izango duzue, hura topatuko bagenu behintzat!

Advertisements

Hala bazan, ez bazan…

I.MITOALDIA ekimenaren barruan antolatutako “Euskal Herriko mito eta ipuin zaharrak” ipuin kontaketako bi saio ospatu ditugu gaur goizean Ataungo Barandiaran Museoan. Oilo-ipurdia jartzeko moduko ipuin, leienda eta kondairak antzeztu ditu Marimundukok, Akerbeltz, Etsai eta beste pertsoanaia mitologikoen laguntzaz. Barandiaranek lan handia egin zuen mitologiaren trasmisio soka eten ez zedin eta gaur lekuko hori hartu eta mitologia bizi egin dugula esango genuke.

P1090378

Hala bazan, ez bazan, sar deilla kalabazan eta atera deilla Ataungo plazan!

Lasai lagunak, I.MITOALDIA ez da amaitu, ostiral iluntzean, 19:00tan Toti Martinez de Lezea etorriko da Barandiaran Museora eta “Mitologiaren bidezidorretatik” solasaldia eskainiko digu. Larunbatean Jentilen Etorrera ikuskizunak emango dio amaiera mitologia aste honi. Galduko al duzu?

Bizi mitologia! 

Mitoaldia orokorra 2017_2

I. Mitoaldia, motorrak berotzen

Gaur goizean, I. MITOALDIA ekimena plazaratu asmoz prentsaurrekoa eman dugu Koldo Mitxelena kulturunean. Komunikabide ugari bertaratu dira eta proiektu honen nondik norakoak azaldu ostean ingurua girotzera atera gara kalera, Ataungo mendietatik zuzenean jaitsitako pertsonaia mitologikoen laguntzaz. Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioko eta Jentilbaratza Kultur Elkarteko kideak izan gara bertan. Honatx prentsaurrekoa:

I. MITOALDIA

IMG-20171025-WA0004

Bizi mitologia! Zatoz Atauna!

 

 

 

I. MITOALDIA. Bizi mitologia!

Ipuin edo kontu fantastiko sorta ez ezik, mitologia errealitatea esplikatzen duten argibideen multzoa da. Bizimodua arautzeko balio ez duenean baizik ez da bilakatzen mitologia kontu edo ipuin fantastiko bilduma, baina, orduan ere, ematen duen informazioa aintzat hartzeko modukoa da. Izan ere, beste azalpenik ezean, gertakari naturalei aurre egiteko nahiz euren buruak lasaitzeko, mitoak herritarrei ingurunea ulertzen lagundu dien lanabesa izan dira mendeetan zehar.

Barandiaranek lan handia egin zuen mitologiaren transmisio soka eten ez zedin. Hain zuzen, ahozko tradizioa paperean bilduz altxorra utzi zion herriari eta hura gizarteratzen jarraitzeko  ekimena jarri dute abian Jentilbaratza Kultur Elkarteak eta Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioak, I. MITOALDIA.

Mitoaldia orokorra 2017_2

Leku mugatua dagoenez, aurrez izena ematea nahitaezkoa izango da, beraz deitu Barandiaran Museora berandu baino lehen!

Bizi mitologia!

Ilunak argitu ziren atzo Ataunen

Hala idatzi zuen Joxemiel Barandiaranek Euskal Herriaren Mitologia liburuan:

“Gizakiak, unibertso fisikoaren edo neurri batean bere zerbitzura jartzea lortu duen eragile naturalaren jokaera normalei dagozkien fenomenoen ikuskeraz gainera, eta aztertuak ditugun adierazpenen ikuskera magiko eta halabeharrezkoez gainera, bada munduaren beste ikuskera bat ere, non ustez espirituak edo jainkoek biziaraziak diren numenek eta indarrek zeregin garrantzizko bat betetzen duten eta herri sineskizun eta elezahar anitzetan gardentzen diren.”

Bart, iluntzean, hitz horiek inoizko zentzu handiena hartu zuten. Munduaren beste ikuskera hori, atzo gardendu eta bizitu izan genuen Ataungo Barandiaran Museoan elkartu ginen 1500 lagun baino gehiagok.

Gau magiko eta ziraragarria izango zela agindu genuen, eta hala izan zen hasiera-hasieratik. Etzen izaki magikorik falta izan: Torto, Sorginak, Lamiak, Izugarri, Sanmartintxiki, Jentilak…

Jentilbaratzako kideoi zer esan. Iaz hitzik gabe geratu ginen, oraingoan badugu elerik. Ez da Euskal Herri osoan horrelako herri-ekimenik, herri oso bat eskutik heldu eta mundu mitologikoa hedatzeko helburuz hainbeste bilera, entsegu eta prestaketa lanik egiten duenik. Bidelagun mundialak zarete eta esker oneko hitzak besterik ez ditugu zuentzat. Beste behin, huts egin ez ezik, goititu egin zarete. Zorionak bihotzez.

Zuei, bisitari maiteoi, eskerrak eman nahi dizkizuegu, atzoko egun ederra gurekin eta familiartean bizitzera etortzeagatik. Uste baino ausart gehiago gerturatu zineten eta eskertzekoa da ibilbide osoan izandako jarrera eta pazientzia. Bidenabar ohartxo bat, sekretutxo bat, txutxu-mutxu bat… badugu sorpresa gehiago urtea amaitu aurretik, Mundu Mitologikoan murgiltzeko aukera gehiago izango duzue Barandiaran Museoan… baina momentuz ezin dizuegu askoz gehiago aurreratu… soilik mundiala izango dela… shhhhhh….

Gogoratu: Gaua Gauezkoentzat da.

Hurren arte!

Barandiaran Museoa

 

 

Badator Gau Ibilaldi Mitologikoa

Gertu dugu eguna, gertu dugu garai bateko ipuin eta leienda harrigarrien munduan sartuko garen eguna, Ataungo bihotzean eta Joxemiel Barandiaran bizi izan zen inguruan. Euskal mitologiako pertsonaia ezagunak izango ditugu bidelagun.

Ibilaldian zehar, hainbat antzezpen egingo ditugu, eta bidean aurrera egin ahala, gauari ongi etorria emateko parada ere izango dugu.

2017ko GAU IBILALDI MITOLOGIKORAKO GOMENDIOAK:

  • Aurrez izena eman beharrik ez dago.
  • Jende kopuruaren arabera, ibilaldia bi taldeetan egin daiteke.
  • Ibilaldia hasi aurretik, Barandiaran Museoa irekita egongo da. Beraz, museoa, errotatxo eta zerrategia bisitatzeko aukera ere egongo da.
  • Ibilaldia hasi haurretik eta ondoren mokadutxo bat jateko aukera egongo da.
  • Ibilbidea herribide zaharretik izango da, beraz OINETAKO EGOKIA erabiltzea gomendatzen dugu.
  • Kotxeak San Martin auzoan (ibilbide amaiera) edo San Gregorio auzoan (ibilbide hasiera) utzi daitezke. Antolakuntzako jendea egongo da bi auzoetan laguntzeko.
    • Kotxeak San Martinen utziz gero autobusez igo daiteke San Gregorioa 19:00tatik aurrera. GARAIZ autobusa hartzea gomendatzen dugu.
    • Kotxeak San Gregorion utziz gero, antolakuntzak ibilaldi amaieran TXOFERRAK igoko ditu beraien kotxeen bila. Topagunea San Martingo udaletxe aurrean.
  • Haur txikiekin etorriz gero motxilan eramatea gomendatzen dugu.
  • Ibilbidean zehar antortxak banatuko dira EZ UTZI HAURREN ESKUETAN ANTORTXAK.
  • Gidarien aholku eta aginduei kasu egin beharko zaie.


Gau_Mitologikoa_2017

ibilaldiaren rutometroa

Eta amets egin genuen…

Atzo, igandez, gauza oso bitxiak gertatu  ziren Lizarrustiko basoan. Goiz misteriotsua izan zen, hasiera-hasieratik amaierara arte. Misteriotsua, magikoa eta… mitologikoa.

500 pertsonatik gora elkartu ginen Aralarko Parketxean, Lizarrustiko baso berezitik ibilaldi eder bat egin asmoz. Eskuak hotzez, baina arnasa bero.

dsc_0084

Hantxe abiatu ginen maldan gora, goizeko 10:00ak aldera, eta hara non, jentil bat ikusi genuen mailoan gora igota, laino artean adarra joz. Lurralde magikoaren zaintzaileak dira eta gainontzeko jentilei abisu ematen ari zen, jende arrotza ari zela basoan sartzen eta adi ibiltzeko gurekin. Haurrak ezin sinetsirik zeuden.

dsc_0089

Laster, asto bat topatu genuen, bakar-bakarrik arrantzaka. Ze arraio ari zen gertatzen? Norena ote zen asto hori? Haurrek dagoeneko begiak erne zituzten, eta belarriak adi. Askok, Olentzeorena izango zela pentsatuko zuten, baina isil-isilik geratu ziren, zer gerta ere.

dsc_0097

Pausu batzuk aurrera, Martin Beltzekin egin genuen topo. Ikazkinak, ikatza urre bihurtzen zuela esan zigun eta baita urrezko txanponak erakutsi ere. Baso honetan ongietorriak ez ginela ere esan zigun, lurralde arriskutsua zela hau, basahuntz eta otsoez gain, sorginak, basajaunak eta torto bera ere inguruotan bizi zirela eta azti ibiltzeko!

Allekuazpiko behatokitik gertu, txondor eder baten ondoan, bi gizonekin egin genuen topo, nagusia eta morroia. Martin Beltzi zakua lapurtu zioten, baina, urrezko txanponak ikatz-errautsez eginak zeudela konturatu ziren gero. Arraioa! Hauek, Aralarko azken gaizkile eta kontrabandistak izango ziren, ziur asko…

bdr

Pagadi berde sakonetik jarraitu genuen guk eta neskatxa ilegorri batekin egin genuen topo. Zuhaitz-enbor batean eserita zegoen, ilea orrazten, patxada ederrean. Hark esan zigunez, Pagomari zen bere izena eta ikusitako astoa, Martin Beltzen andregaia zela argitu zigun. Ikustekoak izan ziren haurren harridura aurpegiak!

dsc_0135

Basoa arraro sumatu genuen, oilarrak kukurrukuka eguerdiz, otsoak uluka goizez…

Halako batean, galdutako neska txiki bat ikusi genuen, negarrez. Kobaren ataritik Torto agertu zen, neskatxari lagundu asmoz. Tortok pauso bat aurrera ematen zuen aldiro, haurrek, pausu bat atzera. Ez da ez makala, ez, begibakarra…

dsc_0159

Orbelezko sakonune batean, sorgin taldetxo bat aurkitu genuen, datorkigun negu latza igarotzeko egurra biltzen. Marimunduko ere bertan zen eta Pagomariri gertatutakoa kontatu zigun, ezusteko ederra… Sanmartin Txikirekin ere egin genuen topo, aurretik ikusitako gauza batzuk argitu zizkigun eta aurreraxeago gaztaiñerre usaia zegoela ohartarazi zigun. Haurrak urduri zeuden, susmatzen baitzuten nondik etor zitekeen usai hura…

dsc_0185

Allekuazpiko basoan aurrera, gaiztaiñerre usaiari jarraituz, hara non, Olentzero eta Mari Domingi! Ezin sinetsi. A ze zorte gurea. Haiekin kontu batzuk egin ondoren, gaztainak banatu zituzten, gutunen truk. Elkarrekin abestu genuen guztiok eta hantxe utzi genituen, opariak ekarriko dituen astoarekin batera, gaztainak erre eta ikatza eginez. Igandera arte, Olentzero!

dsc_0220

dsc_0230
Ederra izan zen ibilaldia, paregabea, hemen jarritakoez gain beste hamaika sorpresaz betea. Etzi Jose Migel Barandiaran hil zela 25 urte beteko dira, eta hari zor dizkiogu atzo ikusitakoak. Hark bildu zituen atzo bertatik-bertara gozatutako kondaira eta leiendak eta guk, bizia eman besterik ez diegu egin kondairoi. Ataunen bizirik dago mitologia, inoiz baino biziago.

dsc_0142

Aralarko Parketxetik, Barandiaran Museo eta Lizarrustitik, miloi bat esker eman nahi dizkiegu atzo Lizarrustira gerturatu ziren familia guztiei, izandako jarreragatik eta sortutako giro goxoagatik! Jentilbaratza Elkarteari, beste behin, zorionak, bikain aritu zineten, eta egindako lanaren ondorio dira atzoko haurren ilusio aurpegiak. Gauza ederragorik ba ote dago?

Sinesten dugun artean biziko dira sorginak, lamiak, torto, basajaunak, jentilak eta Marimunduko. Segi dezagun beraz ametsetan! Hurren arte!

 

 

Ataun, bizi ala iraun?

Ba al du mundu mitologikoak gaur egungo bizimoduan kabidarik?

Gure baitan dago galdera horren erantzuna. Iraganean pisu handia zuen mitologiak euskal kulturan, gure arbasoen egunerokotasunean habe garrantzitsua izanik. Baina argi dago azken hamarkadetan habe hori eroriz joan dela eta kondaira zein mitoak ezezagunagoak bihurtu direla, leku askotan ia desagertzeraino ere. Eta “ia” diogu, izan zelako mundu horren azken arnasa iristear zegoela arazoaz jabetu eta konponbide bat bilatzea erabaki zuen gizon bat, gizon ataundar bat, duela 25 urte utzi gintuen gizon bat.

Jose Migel Barandiaran jabetu zen, eta ondo jabetu ere, arbasoen kondaira, ipuin, mito eta kontakizunak idatziz jaso ezean, urte gutxitan inork ez zuela Torto, Marimunduko edo Etsairen berririk izango. Eta hala egin zuen, kontuok liburuetan zintzo-zintzo jaso zituen urte mordo eta luzeetan zehar. Iraunarazi egin zituen. Baina iraun eta bizi kontu bi dira.

Berak iraunarazi egin zituen. Orain, kondaira horiek bizi eta biziarazteko erantzunkizuna dugu guk.

Hortan dihardugu urte osoan zehar Barandiaran Museoan. Jose Migelek egindako lan guztia ezerezean gera ez dadin hamaika ahalegin egiten ditugu eta gaur, beste behin, egindako ahaleginarekin ezin gustorago gaude. Bide honetan bada Ataunen bidelagun dugun elkarte bat, Jentilbaratza izenekoa. Herritar xumeak, baina Barandiaranen kemenaz eginak. Gaurkoan familiei zuzendutako Euskal Herriko mito eta ipuin zaharren kontaketa saio bat egin dugu Museoan eta gure artean egon dira Marimunduko, Torto, Etsai eta beste pertsonaia batzuk ere. Zorionak egindako saioagatik, ikusten diren eta ikusten ez diren inurri lanengatik. Eta batez ere, gaur egungo gazteei mundu mitologikoan sinestarazteagatik.

dsc_0046

100 pertsonatik gora etorri dira gaur Barandiaran Museora, bi saiotan banatuak. Eskerrikasko gerturatutako guztioi eta Marimundukok esan dizuen moduan, segi zuen haurrei ipuinak kontatzen! Gogoan izan… “Direnik ez da sinistu behar, ez direnik ez da esan behar”. Abendurako beste sorpresa “magiko” bat prestatzen ari gara, aurrerago emango dizuegu honen berri!

Gaurkoan norbait etorri ezinik geratu bada, datorren larunbat arratsaldez beste aukera bat izango du Zegamako Anduetza Parketxean ipuin kontaketa ikusteko. Deitu erreserba egiteko (943 802 187).

Barandiaran Museoan egindako ipuin kontaletaren bideoa duzue hemen, Goierri Telebistak eginikoa: http://www.gitb.eus/azken-berriak/9042-ipuin-kontaketa-antzeztua-ataunen-aita-barandiaran-omentzeko

Gau magikoa atzokoa Ataunen

Zer esan, hitzik gabe uzten duen atzokoa bezalako gau baten ondorengo ajez. Hitz asko datozkigu burura; liluragarria, ikusgarria, txundigarria, harrigarria, magikoa… eta guztiak motz geratzen zaizkigu atzo Ataunen bizi genuena adierazteko.

V. Gau Ibilaldi Mitologikoa ospatu genuen bart, Joxemiel Barandiaranek jasotako kondaira eta esaunda zaharrak munduari zabaltzea helburu zuena.

Urteroko legez eta inoiz baino ozenago, Barandiaran Museotik gure eskerrik beroenak eta zorionik zintzoenak Jentilbaratzako kideei, hilabeteetan egindako lan izugarriagatik. Atzokoa iraupen-karrera baten azken txanpa izan bazen ere, atzetik datorren lanaren emaitza izan zen azken finean. Zorionak. Luxu handia da Joxemielen eta mundu mitologikoa hedatzeko lanetan horrelako bidelagunak edukitzea.

Eta nola ez, mila esker ere, atzoko egunez Ataunera etorritako familia eta partehartzaile guztiei (1.000 pertsonatik gora elkartu ginen), izandako jarreragatik, pazientziagatik eta gure ondare kulturalaz gozatzeko egindako ahaleginagatik!

Joxemielek hau ikusiko balu!…

Hona hemen atzoko argazki batzuk.