Tag Archives: jentilak eta olentzero

Irekita “Jentilak eta Olentzero” ibilaldi magikorako izen ematea

Ataungo Lizarrusti Parketxean abenduaren 23rako antolatu dugun “Jentilak eta olentzero” ibilaldi magikoan izena emateko zerrenda irekita dagoela jakinarazten dizuegu. Erreserba egiteko bi bide daude, telefonoz (94318 03 35) edota emailez (barandiaran@gipuzkoamendizmendi.net).

Aurrez, esan, jakin badakigula oso denbora gutxian agortuko direla lekuak, ehunka eta ehunka pertsona ari zaretelako deitzen informazioa eskatuz, eta pena handiz, baina agortu ondoren ezin izango dugula izen gehiago hartu. Egunean bertan ez da onartuko sarrerarik ez duen inor. Jarduera honen kalitatea eta segurtasuna bermatu nahi ditugu, hortaz, sentitzen dugu kanpoan geratuko zareten guziongatik, bihotzez, eta ulertuko duzuelakoan gaude. Bai Barandiaran Museoan eta baita Lizarrustiko Parketxean ere, urte osoan zehar makina bat jarduera antolatzen ditugu, hemengo ondare kulturala zein naturala hedatu asmoz eta hurrengoan izango duzue aukera berriro ere.

Bi ordu eta erdi/hiru bat orduko ibilaldia izango dela aurreikusten dugu, nahiz eta zailtasun aldetik ez den ibilaldi zaila, 5 urtetik beherakoentzat ez da gomendagarria, baldin eta haurra ez badago mendian ohitua. Ibilaldiaren hasieran eta amaieran 10-15 minutuko aldapa egongo da, baina tarteko ibilaldia baso lau batetik zehar egingo da, ia desnibelik gabekoa, pagadi eder eta magiko batetik hain zuzen, pertsonaia mitologikoen bizileku den Allekupeko basoetatik.

Lizarrustiko aparkalekua txiki geratzen zaigu horrelakoetan, hortaz, arren, ahalik eta kotxe gutxienetan etorri.

Mendiko arroparekin etor zaitezte eta noski, mundu mitologikoan murgiltzeko gogoz eta ilusioz! Olentzerori eskutitza eskura emateko aukera izango duzue, hura topatuko bagenu behintzat!

Advertisements

Eta amets egin genuen…

Atzo, igandez, gauza oso bitxiak gertatu  ziren Lizarrustiko basoan. Goiz misteriotsua izan zen, hasiera-hasieratik amaierara arte. Misteriotsua, magikoa eta… mitologikoa.

500 pertsonatik gora elkartu ginen Aralarko Parketxean, Lizarrustiko baso berezitik ibilaldi eder bat egin asmoz. Eskuak hotzez, baina arnasa bero.

dsc_0084

Hantxe abiatu ginen maldan gora, goizeko 10:00ak aldera, eta hara non, jentil bat ikusi genuen mailoan gora igota, laino artean adarra joz. Lurralde magikoaren zaintzaileak dira eta gainontzeko jentilei abisu ematen ari zen, jende arrotza ari zela basoan sartzen eta adi ibiltzeko gurekin. Haurrak ezin sinetsirik zeuden.

dsc_0089

Laster, asto bat topatu genuen, bakar-bakarrik arrantzaka. Ze arraio ari zen gertatzen? Norena ote zen asto hori? Haurrek dagoeneko begiak erne zituzten, eta belarriak adi. Askok, Olentzeorena izango zela pentsatuko zuten, baina isil-isilik geratu ziren, zer gerta ere.

dsc_0097

Pausu batzuk aurrera, Martin Beltzekin egin genuen topo. Ikazkinak, ikatza urre bihurtzen zuela esan zigun eta baita urrezko txanponak erakutsi ere. Baso honetan ongietorriak ez ginela ere esan zigun, lurralde arriskutsua zela hau, basahuntz eta otsoez gain, sorginak, basajaunak eta torto bera ere inguruotan bizi zirela eta azti ibiltzeko!

Allekuazpiko behatokitik gertu, txondor eder baten ondoan, bi gizonekin egin genuen topo, nagusia eta morroia. Martin Beltzi zakua lapurtu zioten, baina, urrezko txanponak ikatz-errautsez eginak zeudela konturatu ziren gero. Arraioa! Hauek, Aralarko azken gaizkile eta kontrabandistak izango ziren, ziur asko…

bdr

Pagadi berde sakonetik jarraitu genuen guk eta neskatxa ilegorri batekin egin genuen topo. Zuhaitz-enbor batean eserita zegoen, ilea orrazten, patxada ederrean. Hark esan zigunez, Pagomari zen bere izena eta ikusitako astoa, Martin Beltzen andregaia zela argitu zigun. Ikustekoak izan ziren haurren harridura aurpegiak!

dsc_0135

Basoa arraro sumatu genuen, oilarrak kukurrukuka eguerdiz, otsoak uluka goizez…

Halako batean, galdutako neska txiki bat ikusi genuen, negarrez. Kobaren ataritik Torto agertu zen, neskatxari lagundu asmoz. Tortok pauso bat aurrera ematen zuen aldiro, haurrek, pausu bat atzera. Ez da ez makala, ez, begibakarra…

dsc_0159

Orbelezko sakonune batean, sorgin taldetxo bat aurkitu genuen, datorkigun negu latza igarotzeko egurra biltzen. Marimunduko ere bertan zen eta Pagomariri gertatutakoa kontatu zigun, ezusteko ederra… Sanmartin Txikirekin ere egin genuen topo, aurretik ikusitako gauza batzuk argitu zizkigun eta aurreraxeago gaztaiñerre usaia zegoela ohartarazi zigun. Haurrak urduri zeuden, susmatzen baitzuten nondik etor zitekeen usai hura…

dsc_0185

Allekuazpiko basoan aurrera, gaiztaiñerre usaiari jarraituz, hara non, Olentzero eta Mari Domingi! Ezin sinetsi. A ze zorte gurea. Haiekin kontu batzuk egin ondoren, gaztainak banatu zituzten, gutunen truk. Elkarrekin abestu genuen guztiok eta hantxe utzi genituen, opariak ekarriko dituen astoarekin batera, gaztainak erre eta ikatza eginez. Igandera arte, Olentzero!

dsc_0220

dsc_0230
Ederra izan zen ibilaldia, paregabea, hemen jarritakoez gain beste hamaika sorpresaz betea. Etzi Jose Migel Barandiaran hil zela 25 urte beteko dira, eta hari zor dizkiogu atzo ikusitakoak. Hark bildu zituen atzo bertatik-bertara gozatutako kondaira eta leiendak eta guk, bizia eman besterik ez diegu egin kondairoi. Ataunen bizirik dago mitologia, inoiz baino biziago.

dsc_0142

Aralarko Parketxetik, Barandiaran Museo eta Lizarrustitik, miloi bat esker eman nahi dizkiegu atzo Lizarrustira gerturatu ziren familia guztiei, izandako jarreragatik eta sortutako giro goxoagatik! Jentilbaratza Elkarteari, beste behin, zorionak, bikain aritu zineten, eta egindako lanaren ondorio dira atzoko haurren ilusio aurpegiak. Gauza ederragorik ba ote dago?

Sinesten dugun artean biziko dira sorginak, lamiak, torto, basajaunak, jentilak eta Marimunduko. Segi dezagun beraz ametsetan! Hurren arte!

 

 

“Jentilak eta Olentzero” ibilaldia BETETA

Aralarko Parketxean abenduaren 18an, igandez, ospatuko dugun “Jentilak eta Olentzero” ibilaldi magikorako plaza guztiak BETETA ditugu dagoeneko. Goizean zehar bete dira plaza guztiak.

jentilak-eta-olentzero_2016-beteta

Mila esker izena eman duzuen guztioi, egun magikoa izango dela ziurtatzen dizuegu!

Jende ugari ari zarete deitzen eta pena handiz plazak beteta daudela esaten ari gatzaizue.

Dena den, Olentzeroren inguruan beste jarduera bat proposatzen dizuegu, oraingoan Aralartik Aizkorrira salto eginez, Zegamako Anduetza Parketxean. Informazio gehiagorako sakatu hemen.

Lizarrustiko ibilaldi magikoa BETETA

Abenduaren 19rako antolatutako ibilaldi magikoa BETETA dagoela jakinarazten dizuegu.

Mila esker beste behin ere izena eman duzuenoi,  datorren larunbatean ikusiko dugu elkar Lizarrustin, eta lekurik gabe geratu zaretenoi zuen helbide elektronikoak uztea gomendatzen dizuegu, hurrengo jardueretan zuzenean hauen berri izan dezazuen (bidali email bat barandiaran@gipuzkoamendizmendi.net helbidera).

Jentilak, Olentzero_2015, BETETA

“Jentilak eta Olentzero” ibilaldia BETETA

Kaixo lagunok,

Abenduaren 14an Aralarko Natur Parkeko Lizarrustiko Parketxetik abiatuz “Jentilak eta Olentzero” ibilaldi magikoa egingo dugu. Dagoeneko plaza guztiak bete dira. Erreserba zerrendan jartzea nahiko bazenukete Barandiaran Museora idatzi edo deitu dezakezue (943180335 edota barandiaran@gipuzkoamendizmendi.net).

Lehenik eta behin mila esker izena eman duzuen guztioi eta interesa azaldu dezuenoi, oso pozik gaude jarduera honek izandako harrerarekin. Izena eman duzuenoi esan, jarriko garela zuekin harremanetan egun horretarako txandak zehazteko. Ezin izan duzuenontzat, jakin, urte osoan zehar jarduera ugari antolatzen ditugula, eta hauen informazioa jaso nahiko bazenukete zuen emaila utzi besterik ez duzue egin behar, Barandiaran Museora emaila idatziz.

Gogorarazi nahi dizuegu aurrez izena eman gabe ez dugula egunean bertan sarrera onartuko.

Jentilak eta Olentzero_kartela BETETA