Tag Archives: jentilak eta olentzero ibilaldi magikoa

BIHAR, GOIZEKO 10:00ETAN, IREKIKO DA “JENTILAK ETA OLENTZERO” IBILALDI MAGIKORAKO IZEN EMATEA

Ataungo Lizarrusti Parketxean abenduaren 23rako antolatu dugun “Jentilak eta olentzero” ibilaldi magikoan izena emateko zerrenda bihar ostirala (abenduak 14) goizeko 10:00etan irekiko dela jakinarazten dizuegu. Erreserba egiteko bi bide daude, telefonoz (94318 03 35) edota emailez (barandiaran@gipuzkoamendizmendi.net).

Aurrez, esan, jakin badakigula oso denbora gutxian agortuko direla lekuak, urtero bezala ehunka eta ehunka pertsona ari zaretelako deitzen informazioa eskatuz, eta pena handiz, baina agortu ondoren ezin izango dugula izen gehiago hartu.

Hainbat ohar garrantzitsu:

  • Egunean bertan ez da onartuko sarrerarik ez duen inor. Jarduera honen kalitatea eta segurtasuna bermatu nahi ditugu, hortaz, sentitzen dugu kanpoan geratuko zareten guziongatik, bihotzez, eta ulertuko duzuelakoan gaude. Bai Barandiaran Museoan eta baita Lizarrustiko Parketxean ere, urte osoan zehar makina bat jarduera antolatzen ditugu, hemengo ondare kulturala zein naturala hedatu asmoz eta hurrengoan izango duzue aukera berriro ere.
  • Bi ordu eta erdi/hiru bat orduko ibilaldia izango dela aurreikusten dugu, nahiz eta zailtasun aldetik ez den ibilaldi zaila, 3 urtetik beherakoentzat ez da gomendagarria, baldin eta haurra ez badago mendian ohitua.
  • Ibilaldiaren hasieran eta amaieran 10-15 minutuko aldapa egongo da, baina tarteko ibilaldia baso lau batetik zehar egingo da, ia desnibelik gabekoa, pagadi eder eta magiko batetik hain zuzen, pertsonaia mitologikoen bizileku den Allekupeko basoetatik.
  • Lizarrustiko aparkalekua txiki geratzen zaigu horrelakoetan, hortaz, arren, sarrerak eskuratzea lortzen duzuenok ahalik eta kotxe gutxienetan etorri.
  • Mendiko arropa eta oinetako egokiak beharrezkoak izango dira eta noski, mundu mitologikoan murgiltzeko gogoz eta ilusioz etortzea!

Zorte on eta laster arte!

Jentilak eta Olentzero_2018

Advertisements

Ibilaldi magikoa atzokoa Lizarrustin

Aralarko Parketxeak Jose Migel Barandiaranen 125. urteurrenaren egitarauaren barruan “Jentilak eta Olentzero” ibilaldi magikoa egin zuen atzo, Jentilbaratza Kultur Elkartearen  laguntzaz.

Harrera ezinhobea izan zuen ibilaldiak Parketxeak jakinaraztera eman zuenetik eta familia ugarik eman zuten izena. Parte-hartzaile kopurua mugatu behar izan genuen ekitaldiaren kalitatea ziurtatzeko eta horren ondorioz pertsona asko geratu ziren erreserba zerrendan. Horiei guztiei ere gure esker onak adierazi nahi dizkiegu eta jakinarazi 2015ean ere jarduera ugari eta mota askotakoak antolatzen jarraituko dugula. Jende andana ikusita, hiru txanda egitea erabaki genuen atzokoan. Goizeko 10:00etan abiatu zen lehen taldea eta ordu erdiko aldearekin hurrengo biak.

DSC_0078

Ibilbideak hasiera-hasieratik barneratu zituen bisitariak giro magiko eta harrigarrian, pagadi ederrean sartu ziren unetik. Allekupeko baso-biran zehar ibili ginen, eta etxeko txikiek ilusio, jakinmin, urduritasun eta, zenbaitetan, beldur pixka batekin ere, hasi ziren Aralarko mundu magikoan sartzen. Parketxetik abiatu eta segituan Jentil bat ikusi genuen harkaitz batean igota, adarra jotzen ari zen, gainontzeko jentilei jende ezezaguna hurbiltzen ari zela abisatuz. Hortik aurrera, pertsonaia mitologiko ugarirekin egin genuen topo, Mateo Txistu ikusteko aukera izan genuen eta San Martintxikiren eskutik ere paraje eder bat ezagutu genuen. Torto, Marisorgin eta beste hainbat izakik susmo txarren bat zutela esan ziguten. Txikiek, urduritasun eta ilusio handiz, Olentzero mendi aldetik jaisten ikusi zuten, bere kezka eta ezinegonak kontatu zizkigun Olentzerok, eta haurrak bizkar gaineko zakuari zeharka begiratzen ziotela ikusita, barruan zeramana argitu zien. Jentilen akabera eta Kixmiren etorrera kontakizun mitologikoetan jasota dagoen moduan azaldu eta antzeztu zuten Jentilbaratza Kultur Elkarteko kideek, Olentzero jentil ikazkina Jentilen akabera eta Kixmiren etorreraren berri zabaltzeko gelditu zela azalduz. Zorionak Jentilbaratzako kideei atzo egindako lanagatik.

DSC_0107DSC_0141

Haur eta helduen ilusio aurpegiak ikusita, ezin gusturago gaude antolakuntzakook, Euskal Kulturako leienda zaharrak ezagutzera eman ditugu eta gureaz gain, Aralarko mendietan beste mundu magiko bat existitzen dela ohartu da jendea…

Gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu atzo bertaratutako jendetzari, izandako jarreragatik eta partehartzeagatik. Etorri ezin izan zinatenoi ere, esan, izango duzuela gure berri 2015ean ere! Aralarko Parketxe Hedatutik (Barandiaran Museo zein Lizarrustiko Parketxetik) eskerrak eman nahi dizkiegu baita ere aurtengoan bertaratu diren bisitari guztiei, Aralar eta Ataungo ondare natural eta kulturalaren hedapenean bidelagun izateagatik. Ea datorren urtea ere joandakoa bezain ona izaten laguntzen diguzuen!

Gogoratu nahi dugu, asteburu honetan (abenduaren 18, 19 eta 20) izango dela aurtengo azken aukera Barandiaran Museoan Jose Migel Barandiaranen “Hamaika objektu” erakusketa bisitatzeko.

Atzoko “Jentilak eta Olentzero” ibilaldiko argazkiak ikusteko klikatu hemen.