Tag Archives: ipuin kontaketa

Marimundukoren ipuin harrigarriak

Urtero legez, Anduetza Parketxean Marimundukoren ipuinak izango ditugu udazken honetan. Hitzordua azaroaren 18an da, larunbatean, eta bi saio izango dira: 16:30etan (lehen emanaldia) eta 18:00etan (bigarren emanaldia).

Euskal Herriko ipuin eta mitoetara gerturatuko gara Marimunduko (Maitane Aizpurua) gonbidatuaren eskutik. Maitane Aizpurua, Ataungo Jentilbaratza Kultur Elkarteko kidea da eta Joxe Miel Barandiaranek bildutako hainbat ipuin eta kontakizun harrigarri azalduko ditu. Hainbat pertsonai mitologiko etorriko dira Anduetza Parketxera Marimundukoren eskutik eta urtero bezala pertsonai berriren bat izango da.

Haurrei zuzendua badago ere, adin guztiko bisitariek primeran pasako dute kontakizun berezi hauek entzuten. Emanaldia euskaraz izango da eta aurrez izena ematea ezinbestekoa da. Prezioa: 2.50€.

943 80 21 87 / 688 62 36 09

anduetza@gipuzkoamendizmendi.net

Advertisements

Ataun, bizi ala iraun?

Ba al du mundu mitologikoak gaur egungo bizimoduan kabidarik?

Gure baitan dago galdera horren erantzuna. Iraganean pisu handia zuen mitologiak euskal kulturan, gure arbasoen egunerokotasunean habe garrantzitsua izanik. Baina argi dago azken hamarkadetan habe hori eroriz joan dela eta kondaira zein mitoak ezezagunagoak bihurtu direla, leku askotan ia desagertzeraino ere. Eta “ia” diogu, izan zelako mundu horren azken arnasa iristear zegoela arazoaz jabetu eta konponbide bat bilatzea erabaki zuen gizon bat, gizon ataundar bat, duela 25 urte utzi gintuen gizon bat.

Jose Migel Barandiaran jabetu zen, eta ondo jabetu ere, arbasoen kondaira, ipuin, mito eta kontakizunak idatziz jaso ezean, urte gutxitan inork ez zuela Torto, Marimunduko edo Etsairen berririk izango. Eta hala egin zuen, kontuok liburuetan zintzo-zintzo jaso zituen urte mordo eta luzeetan zehar. Iraunarazi egin zituen. Baina iraun eta bizi kontu bi dira.

Berak iraunarazi egin zituen. Orain, kondaira horiek bizi eta biziarazteko erantzunkizuna dugu guk.

Hortan dihardugu urte osoan zehar Barandiaran Museoan. Jose Migelek egindako lan guztia ezerezean gera ez dadin hamaika ahalegin egiten ditugu eta gaur, beste behin, egindako ahaleginarekin ezin gustorago gaude. Bide honetan bada Ataunen bidelagun dugun elkarte bat, Jentilbaratza izenekoa. Herritar xumeak, baina Barandiaranen kemenaz eginak. Gaurkoan familiei zuzendutako Euskal Herriko mito eta ipuin zaharren kontaketa saio bat egin dugu Museoan eta gure artean egon dira Marimunduko, Torto, Etsai eta beste pertsonaia batzuk ere. Zorionak egindako saioagatik, ikusten diren eta ikusten ez diren inurri lanengatik. Eta batez ere, gaur egungo gazteei mundu mitologikoan sinestarazteagatik.

dsc_0046

100 pertsonatik gora etorri dira gaur Barandiaran Museora, bi saiotan banatuak. Eskerrikasko gerturatutako guztioi eta Marimundukok esan dizuen moduan, segi zuen haurrei ipuinak kontatzen! Gogoan izan… “Direnik ez da sinistu behar, ez direnik ez da esan behar”. Abendurako beste sorpresa “magiko” bat prestatzen ari gara, aurrerago emango dizuegu honen berri!

Gaurkoan norbait etorri ezinik geratu bada, datorren larunbat arratsaldez beste aukera bat izango du Zegamako Anduetza Parketxean ipuin kontaketa ikusteko. Deitu erreserba egiteko (943 802 187).

Barandiaran Museoan egindako ipuin kontaletaren bideoa duzue hemen, Goierri Telebistak eginikoa: http://www.gitb.eus/azken-berriak/9042-ipuin-kontaketa-antzeztua-ataunen-aita-barandiaran-omentzeko

Ataungo ipuin kontaketa saioa BETETA

Igande honetan Ataungo Barandiaran Museoan ospatuko dugun Euskal Herriko mito eta ipuin zaharren saiorako lekuak bete direla jakinarazten dizuegu.

barandiaran_ipuin-kontaketa-2016-beteta

Datorren larunbatean, hilak 26, arratsaldez beste aukera bat izango duzue Zegamako Anduetza Parketxean kontaketa honekin gozatzeko. Horretarako, jar zaitezte harremanetan Anduetza Parketxearekin 943 802 187 telefonoan edota anduetza@gipuzkoamendizmendi.net helbidera idatziz. Animatu!

IPUIN KONTAKETA ARRAKASTATSUA ATAUNEN!

Gaur arratsaldean Barandiaran Museoa misterioz bete zaigu. Ez zegoen plan hoberik gaurko egunerako, famili giroan, ganbararen epeltasunean, hainbeste gustuko ditugun kondairak entzutea.

ipuin kontaketa1

Bi emanaldiak bete ditugu arrakasta handiz eta hemendik esker mila eman nahi dizkizuegu gurera etorri zareten guztioi eta nola ez, Jentilbaratza Kultur Elkarteko kideei, beste behin, momentu on hauek pasarazteagatik. Eskerrik asko Maitane, Tomax, Monika eta Juanjo!

ipuin kontaketa 2

Bestalde… gaurko saioak galdu dituzuela? Ez larritu! Zegaman beste 2 aukera izango dituzue eta abenduaren 12an… ez denborarik galdu eta eman izena lehen bait lehen plazak mugatuak dira eta!

Ipuin kontaketa 2015 Ataun+Zegama

Ipuin kontaketak gaua misterioz bete zuen Arantzazun

Larunbat iluntzea ez zen ohikoa izan Arantzazun. Amaia Zinkunegik  Patxi Zubizarretaren “Atxiki sekretua” ipuinaren kontaketa egin zuen. Ohiturak erakutsi digu umeentzat izan ohi direla era honetako kontaketak, baina  helduak ere hauetaz gozatzeko gai direla ikusi zen.

Dekorazioak lagundutako giro goxoan eta Amaiaren interpretazio bikainarekin, bertaratutakoek Graziana sorginaren sekretuak deskubritu zituzten.

IMGP7197

Goiz magikoa Barandiaran Museoan

Gaur goiz magikoa izan dugu Barandiaran Museoan. Euskal Herriko mito eta ipuin zaharrak entzuteko aukera izan dugu, ganbarak eskaintzen duen giro goxoan. Familia ugari gerturatu dira Jose Migel Barandiaranek jasotako kondairen antzezpenak ikustera, 100 pertsonatik gora. Ataungo mundu mitologikoan barneratzeko aukera ederra izan da.

DSC_0112

Zorionak Jentilbaratza Elkarteari eta bereziki Maitane Aizpuruari, antzezlanetan egindako saioagatik. Eta nola ez, mila esker gerturatu zareten familia guztiei, ez daitezela galdu gure arbasoen kondaira eta mito eder hauek!

Ipuin Kontaketa Arantzazun / Relato de Cuento en Arantzazu

Ipuin kontaketa Arantzazun. KartelaArantzazu Gaur Fundazioak eta Arantzazu Parketxeak  ipuin-kontaketa antolatu dute. Ekimena azaroaren 29, larunbatean izango da eta Amaia Zinkunegi ipuin kontalariak Patxi Zubizarretaren “Atxiki Sekretua” ipuinaren moldaketa bat kontatuko du. Historiako arterik zaharrenetako bat berpizteko asmotan, magia eta misteriozko mundura murgiltzeko aukera izango dugu.

“Graziana sorginak sekretu bat du konpartitzeko eta entzuleei eskatuko die isilpean gordetzeko…”

Bi saio izango dira, lehena, 16:30etan Arantzazu Parketxeko museoko “basoan” izango da eta  12-16 urte arteko gazteentzat egongo da zuzendua bereziki. Bigarren saioa 18:00etan Gandiaga Topagunean egingo da eta helduei zuzendua izango da. Prezioa 2 € eta 3€ izango da hurrenez hurren.

Plaza mugatuak izango dira beraz erreserbatzea komeni da.

Kontakturako datuak: 943 716 575

info@arantzazugandiaga.com


La Fundación Arantzazu Gaur y el Parketxe de Arantzazu  han organizado este evento para el sábado 29 de noviembre. La cuentacuentos Amaia Zinkunegi nos adentrará en un ambiente de magia y misterio mediante el relato del cuento “Atxiki Sekretua” del escritor Patxi Zubizarreta.

“La bruja Graciana tiene un secreto para compartir…Y los espectadores tendrán que mantenerlo en secreto”

Habrá dos sesiones, la primera, dirigida al público joven de entre 12 y 16 años, será a las 16:30 en el “bosque” del museo del Parketxe de Arantzazu y la segunda, dirigida a los adultos, será en el edificio Gandiaga Topagunea. Los precios serán de 2€ y 3€ respectivamente.

Las plazas son limitadas, con lo que conviene reservar plaza.

Datos de contacto:    943 716 575

info@arantzazugandiaga.com

JM Barandiaranek merezitako festa Ataunen

125 urte igaro dira Jose Migel Barandiaran jaio zenetik eta Barandiaran Museotik merezitako festa eskaini nahi diogu. Horretarako egitarau berezia prestatu dugu urte bukaera honetarako. Adin guztientzako ekimenak antolatuko ditugu:

JM Barandiaran 125. urteurrena kartela

Azaroak 23, igandea. “Hamaika objektu, hamaika kontu” emaldi berezia. Jose Migel Barandiaranen hamaika objektu bildu ditugu eta horien bitartez ibilaldi berezi-berezia egingo dugu bere bizitzan zehar. Museoko ganbarak eskaintzen duen giro goxoan hamaika kontu interesgarri entzungo ditugu Jon Aizpurua ataundarraren eskutik. Doakoa izango da emanaldia, baina aurrez izena ematea nahitaezkoa izango da.

Azaroak 29-abenduak 31. “Hamaika objektu, hamaika kontu” objektuen erakusketa. Jose Migelen objektu zaharrak ikusgai egongo dira Museoan. Prezioa: 2€-koa izango da, Museoko sarrera barne duela.

Azaroak 30, igandea. “Euskal Herriko mito eta ipuin zaharrak” ipuin kontaketa. Jose Migel Barandiaranek lan izugarria egin zuen Euskal Herriko kondaira eta ipuinak biltzen. Horietako batzuk ezagutzeko aukera eskainiko da Museoan, Marimunduko pertsonaiaren eskutik eta Jentilbaratza Kultur Elkartearen laguntzaz. Prezioa: 2€-koa izango da.

Abenduak 14, igandea. “Jentilak eta Olentzero Aralarren” ibilaldi magikoa. Urteroko legea bihurtu den ibilaldi berezi hau, berrikuntza ugarirekin dakarkizuegu aurtengoan. Barandiaranek hain ondo ezagutzen zituen basoetatik zehar ibiliko gara, haur eta heldu, pertsona zein izaki mitologiko. Jentilbaratza Kultur Elkarteko kideen laguntzaz magikoa bihurtuko dugu Aralarko Natur Parkea. Prezioa: 3€ helduak eta 2€ 12 urte azpiko haurrak. Goiz magikoa igarotzeko aukera duzue, ausartzen zarete?

Ekimen hauetan guztietan Jose Migel Barandiaranen figura presente egongo da, bere izaera eta lanak hobeto ulertu eta ezagutuko ditugu eta Barandiaran Museotik figura honen bultzatzaileak izan nahi dugu.

Ekimenetan parte hartzeko, nahitaezkoa izango da aurrez izena ematea, plaza mugatuak egongo dira eta. Erreserbak egiteko  943 18 03 35 / 688 89 50 69 telefonoetara deitu dezakezue edota barandiaran@gipuzkoamendizmendi.net helbidera idatzi.

Izan zaitez 125. urteurren honen partaide eta eman diezaiogun Jose Migel Barandiarani merezitako festa!

Marimundukoren ipuinak entzun dira Anduetza Parketxean

 

Ipuin-kontaketa

Udazken giroan murgildurik gerturatu dira 100 bat ikusle Marimundukoren ipuin kontaketara. Marimundukok Euskal Herriko ipuin eta mitoen inguruko istorio bitxiak kontatu dizkigu, hainbat pertsonaien laguntzarekin noski. Guraso, haur eta gaztetxoak adi-adi egon dira gaur goizean Anduetza Parketxean. Gogoratu beste aukera bat izango duzuela Ataungo Barandiaran Museoan Azaroak 30ean.