Tag Archives: ipar liga

Zegama – Otzaurteko Orientazio Proba

Zegama, natura, mendia eta kirola ondo uztartzen diren hitzak direla ez dago zalantzarik. Bertako paisaia eta mendiek, inguruaz gozatzeko aukera paregabea eskaintzen dute, eta mendi maratoiaz gain, bestelako natura eta mendiko kirolak ere badute tokia Zegaman, nola ez!

Datorren ekainak 9 eta 10ean, Zegamako herria eta Otzaurteko inguruak, urteko Euskal Herriko orientazio probarik garrantzitsuenaren lekuko izango dira. GOT-ek (Gipuzkoako Orientazio Taldeak) Zegamako udala, Goierri Turismo, eta Gipuzkoako Parketxe Sarearen laguntzarekin ipar ligarako eta Pyrene ligarako baliagarria izango den asteburuko orientazio proba antolatuko du, bertan izango direlarik, Katalunia, Asturias, Gaztela edo Frantziako orientazio kirolaririk abilenak.

Kartela

Guztira 3 proba antolatuko dira. Lehena, ekainak 9 larunbatean izango da, distantzia ertaineko aldapa beherako proba bat, eta Beundako lepotik abiatu eta Otzaurteko lepoan amaituko da. Larunbat arratsaldean berriz, parte hartzaileak Zegamako herrira hurbilduko dira, eta herriko pilotalekuan zain egon ostean,  17.30tan herrian barrena, sprint modalitateko proba azkar eta dibertigarri bat izango dute zain.

Bukatzeko igande goizean, berriz ere Otzaurteko lepora igo, eta distantzia luzeko proba bat ospatuko da goiz guztian zehar. Amaitutakoan, sari banaketa  eguerdiko 14.00 tan izango delarik.

Orientazio kirola, maila eta gaitasun fisiko guztietako parte hartzaileentzako kirola da. Zegaman, 2 kilometroko ibilbide xamurrak edo 8 kilometroko mendiko buelta teknikoak. Eliteko orientazio kirolariekin batera, familia eta lagunek ere parte hartu ahal izango dute proba hauetan. Eta aukera paregabea izango da, mapa eta iparorratzarekin mendian edo herrian norberaren orientazio gaitasunak  ikusi eta ikasteko. Oinez, korrika, lagun artean edo lehiatzen, orientazio kirolaz gozatu ahal izango da.

Horretaz gain, azpimarratu behar da, orientazio kirola ezagutzeko, urte guztian zehar aukera dagoela Zegamako orientazio zirkuituaren bitartez, zehazki Anduetza parketxera hurbilduz eta bertan banatzen diren maparekin.

Informazioa eta izen ematea: http://gotorientazioa.org/zegama-otzaurte-2018-liga-norte/

Advertisements