Tag Archives: ibilaldi magikoa

Irekita “Jentilak eta Olentzero” ibilaldi magikorako izen ematea

Ataungo Lizarrusti Parketxean abenduaren 23rako antolatu dugun “Jentilak eta olentzero” ibilaldi magikoan izena emateko zerrenda irekita dagoela jakinarazten dizuegu. Erreserba egiteko bi bide daude, telefonoz (94318 03 35) edota emailez (barandiaran@gipuzkoamendizmendi.net).

Aurrez, esan, jakin badakigula oso denbora gutxian agortuko direla lekuak, ehunka eta ehunka pertsona ari zaretelako deitzen informazioa eskatuz, eta pena handiz, baina agortu ondoren ezin izango dugula izen gehiago hartu. Egunean bertan ez da onartuko sarrerarik ez duen inor. Jarduera honen kalitatea eta segurtasuna bermatu nahi ditugu, hortaz, sentitzen dugu kanpoan geratuko zareten guziongatik, bihotzez, eta ulertuko duzuelakoan gaude. Bai Barandiaran Museoan eta baita Lizarrustiko Parketxean ere, urte osoan zehar makina bat jarduera antolatzen ditugu, hemengo ondare kulturala zein naturala hedatu asmoz eta hurrengoan izango duzue aukera berriro ere.

Bi ordu eta erdi/hiru bat orduko ibilaldia izango dela aurreikusten dugu, nahiz eta zailtasun aldetik ez den ibilaldi zaila, 5 urtetik beherakoentzat ez da gomendagarria, baldin eta haurra ez badago mendian ohitua. Ibilaldiaren hasieran eta amaieran 10-15 minutuko aldapa egongo da, baina tarteko ibilaldia baso lau batetik zehar egingo da, ia desnibelik gabekoa, pagadi eder eta magiko batetik hain zuzen, pertsonaia mitologikoen bizileku den Allekupeko basoetatik.

Lizarrustiko aparkalekua txiki geratzen zaigu horrelakoetan, hortaz, arren, ahalik eta kotxe gutxienetan etorri.

Mendiko arroparekin etor zaitezte eta noski, mundu mitologikoan murgiltzeko gogoz eta ilusioz! Olentzerori eskutitza eskura emateko aukera izango duzue, hura topatuko bagenu behintzat!

Advertisements

“Jentilak eta Olentzero”, izen-ematea zabalik

Abenduaren 18an, igandez, “Jentilak eta Olentzero” ibilaldi magikoa ospatuko dugu Aralarko Parketxean, inguruotako mundu mitologikoa hedatzea helburu izango duena.

Izen-ematea zabalik egongo da gaurtik aurrera, eta antolakuntzatik erreserba berandu baino lehen egitea gomendatzen dizuegu, plazak mugatuak izango direnez, hauek azkar beteko direla aurreikusten baitugu.

Ausartuko al zara?

jentilak-eta-olentzero_2016

Gau magikoa atzokoa Ataunen….

Atzo, GAUA GAUEZKOENTZAT ibilaldi magikoa ospatu genuen Ataunen eta 700 pertsona baino gehiago hurbildu ziren gurera Euskal Herriko bazter guztietatik. Ilargi betea bidelagun, gaueko mundu magiko eta harrigarrian murgildu ginen, heldu zein haur, gizaki zein pertsonaia mitologiko.

Gaua gauezkoentzat 2014

Guztiok batera, Jose Migel Barandiaran gertutik, oso gertutik, ezagutzeko aukera izan genuen eta berak jasotako hainbat kondaira mitologikoren antzezpenekin gozatzeko aukera ere izan genuen. Ustekabean topatu genituen Agauntza erreka-bazterretan Torto, Sorginak, Sanmartintxiki, Jentilak…

Benetan gau magikoa izan zen atzokoa, partehartzaileen aurpegietan ederki ikusi ahal izan genuen hori, eta hau guztia, noski, ez zen posible izango Ataungo herritarren parte-hartzea gabe. Eta noski, betiko moduan, Jentilbaratza Kultur Elkartearen lan bikaina zoriontzekoa da, beraz mila esker atzoko gaua magikoa izaten lagundu zenuten guztioi!

Atzoko ibilaldiko argazkiak ikusi nahi badituzue klikatu hemen.

Jarraian ibilaldiko bideoa duzue, gozatu!

Eta gogoratu… direnik ez da sinistu behar, ez direnik ez da esan behar… Ataunen ikusiko dugu elkar…