Tag Archives: hip hip urri

Galtzak bete lan Ataunen!

Igaro berri dugun zubian ez dugu aspertzeko betarik izan Aralarko Parketxean.

Ostegun eta ostiralean bisita gidatuak izan ditugu Barandiaran Museoan zein errotatxon.

Larunbatean HipHip Urri ekimenaren barruan talo tailer goxo bat eskaini genuen; gure arbasoen elikaduraz mintzatu ginen, errotan irina nola egiten den ikusi genuen eta nola ez, talo goxo bat egin eta dastatuz amaitu genuen tailerra, hamaiketako ederra beraz!

Atzo, igandearekin, abentura egarria ere asetu nahi izan genuen eta 25 laguneko taldetxo bat Aralarko Troskaeta kobara egin genuen espeleologia irteera interesgarri bat. Aralarko lurrazpiko mundua kanpokoa bezain ederra  dela egiaztatu genuen eta egundoko gozatua hartu genuen mendiotako erraietatik barrena.

IMG-20171014-WA0007IMG-20171015-WA0013

Laster, sorpresa gehiago izango ditugu, badator eta I. MITOALDIA… egon zaitezte adi!

 

Ez izan artaburua!

Ez zaitez artaburua izan eta zatoz bihar Barandiaran Museora artoaren mundua ezagutzera. Talo tailer goxo bat egingo dugu; errota martxan ikusiko dugu, zenbait zereal ezagutuko ditugu, taloa egiten ikasiko dugu eta hura dastatuz amaituko dugu biharko goiza. Animatuko al zara?

          Noiz: urriak 14, larunbata. 11:00-12:30

          Non: Ataungo Barandiaran Museoan

DSC_0657