Tag Archives: gaztandegia

Azken plazak gaztagintza eta arkumeen sekretuak ezagutzeko

Iganderako, urtarrilaren 19rako azken plazak gelditzen dira Ondarre gaztandegia (Segurara) bisitatzeko.

Ondarre baserriko artaldean arkumeak jaio berri dira eta artzainak Idiazabal gazta egiten hasten dira orain. Goiza ukuiluan hasiko dugu, bisitariek Latxa ardia gertu-gertutik ikusi eta arkume jaio berriak besoetan goxo-goxo izango dituzte. Gero Ondarre baserrian, gaztagintzaren sekretuak ezagutzera emango dira. Ondoren, gazta keztatua, keztatu gabea eta gazta-zarra dastatuko dituzte, sagardo eta uraz lagunduta beraien ezaugarriak komentatuko direlarik.

Ondarre baserriko ukuilu eta gaztandegiaren artean egingo den bisita hau, aterpean izango da eta oso egokia da adin guztietako herritarrentzat, baita familientzat ere.

Azaroko hotzarekin ere, harrera beroa jaso dugu Adarrazpin

Azaroak 16 eta 17an Adarrazpi gaztandegia ezagutzeko bisitak antolatu ditugu, eta egiten ari duen hotz honekin ere harrera benetan beroa jaso dugu bisitarien aldetik. Izan ere, bi egunetako txandak bete beteak izan ditugu, eta beste asko lekurik gabe ere geratu dira. Arrakasta handia duten bisitak dira, geroz eta zailagoa egiten baita seme-alabak baserrietara hurbiltzea. Guraso zein helduak ongi pasatzeko aukera izaten dute, baita gazta eta bestelako produktuak nola egiten dituzten ikasteko ere.