Tag Archives: gazta

Baserriak jendez lepo

Gipuzkoako Parketxe Sareak, hainbat baserrirekin elkarlanean, bisita bereziak antolatu ditu bertako lanak eta bizimodua gertuagotik ezagutzeko helburuarekin, lehen sektorea balioan jarriz eta gure kultur paisaiekin duten lotura zuzena ulertuz.

Bisitak oso arrakastatsuak izan dira eta familian egiteko oso egokiak. Bertan, baserrietako instalakuntza desberdinak ikusi dira, bertako produktuak dastatzeko aukera ere egon da eta txikienek baserriko animaliekin kontaktu zuzenaz gozatu dute.

Ondarre Gaztandegia (Segura) Zegamako Anduetza Parketxearen eskutik

 

DSC_0050
Iztueta Baserria (Lazkaomendi) Aralarko Parketxearen eskutik
IMG_8112
Adarrazpi Gaztandegia (Urnieta) Arditurri Parketxearen eskutik

 

Ondarre, Iztueta edo Adarrazpi bisitatzeko aukera ez baldin baduzue izan, egon lasai, azken aukera Arantzazun kokatzen den Gomiztegi baserrian izangu duzue eta. Egon zaitezte adi datozen egunetan eta eman izena berandu baino lehen!

Argi, Gorri eta ardiak lagun

Modu ezin hobean hasi ditugu Aste Santuko jarduerak Arantzazun. Gaur 40 bisitari inguru elkartu gara eta Gomiztegiko Artzain Eskolan gauza asko ikasteaz gain, lagunak ere egin ditugu. Bikain ibili dira Argi eta Gorri Mikel artzainaren esanetan artzain txakur erakustaldia egiten. Ainhoaren eskutik instalakuntzak bisitatu, eta gazta nola egiten duten ulertu ostean, gazta desberdinak dastatzeko aukera izan dugu azkenik, goxoak benetan!

Mila esker eta laster arte Ainhoa, Mikel eta lau hankako Gomiztegiko lagun guztiei!

Montaje 3

Gaurkoan ezinezkoa suertatu baldin bazaizu etortzea, hau hasi besterik ez da egin. Pazko Astearako beste bi jarduera antolatu ditugu (apirilak 18 eta 19an) eta izen-emateak irekita daude. Ez ahaztu jardueretan parte-hartzeagatik Kalakan taldearen emanaldiarako (apirilak 21) sarrerak eskuratu ditzakezuela! Anima zaitezte!

ARANTZAZU Aste Santua 2017

Adarrazpi sakonean

Asteburu honetan Adarrazpi gaztandegian egin ditugu bi bisita bertako artzainak izan direlarik gidari. Ardi-latxa gertu gertu izanik, heldu zein umeak nahi adina ikusi eta ukitu dute. Artzainen bizimodua gertutik egutzeaz gain, praktikan ere jarri ahal izan dugu, gazta freskoa egin baitugu!

Datorren igandean, martxoaren 19an hain zuzen ere izango da azken eguna jarduera hau egin ahal izateko. Beraz, deitu lekurik gabe geratu baino lehen!

Informazio gehiagorako edo erreserba egiteko 943 49 50 69 / 688 89 50 68 arditurri@gipuzkoamendizmendi.net

Collage

Aralarko gazta xumea garaile

Beste behin Barandiaran Museotik gure lagun Joseba Insaustiri ZORIONIK BEROENAK eman nahi dizkiogu. Gaztagile eta artzain gazteari igaro den azaroan Espainiako Gazta Onenaren saria eman bazioten, errekonozimendu hori ez da hor gelditu. Atzo, Josebak Ordiziako 43. Idiazabal Gazta Txapelketako txapela jantzi zuen.

insausti

Saritutako gazta Aralarko Mendiko Gazta izan da eta horrek balio erantsia du gure ustez, gazta xumea baina berezia baita oso. Beraz, ez da nolanahiko saria atzokoa, eta pozik hartu dugu geronek ere albistea. Duela urte batzuk hasi ginen Josebaren bitartez Aralarko artzaintzaren eta gaztagintzaren berri ematen. Gazta dastaketa bat edo beste antolatu dugu Barandiaran Museoan Josebarekin eskutik eta Mendiko Gazta hori egiten duen bere Esnaurreta txabolara ere egin dugu ibilaldirik, gaztagintza eta artzaintza lan hori gizarteari gerturatu asmoz.

Izango duzue jarduera hauen berri.

Gazta saritu horren atzean dagoen lan eta esfortzu guzti hori txikia ez dela jakin badakigunez, zailtasunez eta dedikazioz beteriko bidea izan baitu, sari hau gozatzea soilik opa dizugu, Joseba, guk, zure bitartez, gozatzen dugun moduan. ZORIONAK!

 

 

Adi! Egun aldaketa Aralarren

Kaixo lagunak. Ohar garrantzitsu bat dugu Aralarzaleontzat. Igande honetarako artzaintza mundua gertutik ezagutzeko ibilaldi bat genuen aurrreikusita. Iganderako eguraldi iragarpenak ez dira batere onak, eta larunbaterako aldiz, ezinhobeak dira, eguzkia eta beroa iragarrita dago eta.

Hortaz, IBILALDIA LARUNBAT HONETAN, maiatzak  21, egingo dugu.

Anima zaitez, giroa bikaina izango da eta Joseba Insausti artzain eta gaztagile gaztearen etxola ezagutu eta gazta nola egiten duen ere ikasiko dugu.

Ez ezazu aukera hau galdu! Erreserba egin behar da, beraz jarri zaitez gurekin harremanetan berandu baino lehen.

Aralarko artzaintza 2016 data berria

Artzaintza gaur egungo erara

Ez da makala Aralarren artzaintzak gaur egun duen garrantzia, iraganeko tradizioaren gordeleku paregabea baitira mendigune hauek. Baina, benetan ezagutzen al dugu lanbide honen barneko lana? Ardiak larretu, zaindu, jetzi, gazta egin…

Bada, ohorezko gidari baten eskutik sekretuok ezagutzeko aukera luzatu nahi dizuegu. Joseba Insausti Aralarko artzain eta gaztagile gazte bezain eskarmentatuak bere lana erakutsiko digu, bere mendiko etxolan bisita egingo diogu eta bere ahotik entzun ahal izango ditugu azalpenak. Josebak Espainiako Gazta Onenaren Saria jaso berri du eta beraz, zein, Joseba baino hobe sekretu guztiak azaleratzeko?

Aralarko artzaintza 2016 kartela

Ibilaldian parte hartzeko erreserba egin behar da, horretarako jarri gurekin harremanetan 943 18 03 35 / 688 89 50 69 telefonoetan edota barandiaran@gipuzkoamendizmendi.net helbidean.

Ez ezazu aukera hau galdu!

Goiz borobila Ondarre baserrian

P1070835

Gaurko giro ederraz lagundurik Eneko Goiburu artzain eta gaztagileak ederto eraman ditu bisitariak Ondarre baserrian zehar. Ukuiluan haurrak protagonista izan dira, arkume txikiak besoetan goxatu dituztelarik. Ondoren, denak elkarrekin, gazta nola egiten den ikasi dugu eta gaztandegia bidean taldeko haurrek txita familia bat topatu dute.

Eta azkenik gazta jateko ordua iritsi da! Denok hartu dugu parte gazta mozten, jaten, galderak egiten, sagardoa zerbitzatzen, zintzarriekin jolasten… Elkarrizketa interesgarria sortu da, giro ezin hobearekin bukatuz goiza.

P1070876

Hurrengo igandean, urtarrilak 31n “gaztagintzaren sekretuak” bisita antolatu da, baina berriro ere, taldea osatu dela jakinarazi nahi dizuegu. Honenbestez, hurrengo aukera otsailak 14ean duzue. Izena eman ezazue laster, taldea osatzen hasi da eta!

Bejondeikela Joseba!

“Joseba Insausti ordiziarraren Otatza gazta, Espainiako onena”. Hau irakurri genuenean sekulako poza sentitu genuen Aralarko Parketxean.

Espainiako Nekazaritza, Elikadura eta Ingurugiro ministeritzak “Gazta onenarentzako Espainiako elikagaiak” (Alimentos de España al Mejor Queso 2015) saria eman dio gure artzain gazteari. Gainera “ardi gazta ondu onena” saria ere Josebarentzako izan da.

Josebaren lana gertutik jarraitzen dugu azken aldian Ataungo Barandiaran Museo eta Lizarrustiko Parketxetik. Izan ere, maiatza aldera bere Esnaurretako mendiko gaztandegira antolatu genuen irteera bat, bere lana bertatik beratara ikusi eta jendeari ezagutarazteko asmoz. Irailaren bukaera aldera aldiz, berak bisitatu gintuen gure etxean; Josebak gidatutako gazta dastaketa bat antolatu genuen Barandiaran Museoan, eta bere gazten inguruko berezitasun eta desberdintasunak antzematen ikasi genuen.

gazta dastaketa Joseba Insausti 036

Gertutik ezagutzen dugulako eta bere lana goraipatzekoa iruditzen zaigulako, mila zorion Joseba! Jarrai ezak bide horretatik, hik balio dek!

 

Gazta usaina Barandiaran Museoan

Gaur goizean jarduera berezi bat izan dugu Barandiaran Museoan. Joseba Insausti Aralarko artzain eta gaztagile gaztearen eskutik gazta dastatze gidatu bat egin dugu, bakoitzaren ezaugarriez mintzatu gara eta batetik bestera dagoen aldea ikusi, usaindu eta dastatu ahal izan dugu.

gazta dastaketa Joseba Insausti 036

Oro har, Josebak Aralarren egiten duen “Mendiko Gazta” izan da arrakasta gehien izan duena, nahiz eta familiako txikienei gazta guztiak gustatu zaizkien!

Eskerrikasko Joseba egindako saioagatik, zorte handia da gaur egun gure mendietako ekoizleekin aurrez-aurre hitz egin eta zure lan egiteko modua ezagutu ahal izatea. Segi horrela!