Tag Archives: gaua gauezkoentzat

Beste behin ere, magikoa

Laugarren aldiz ospatu genuen atzo Ataunen Gau ibilaldi mitologikoa, eta beste behin ere, magikoa izan zen.

Sorginak, Torto, Lamiak, Joxemiel Barandiaran tartean, Sanmartintxiki, Jentilak… gure tradizio eta kulturaren zutabe handi bat izan den, eta oraino den, mitologiaren magiaren lekuko izan ginen atzo iluntzean Barandiaran Museora bertaratu ginenok. Eta ez ginen gutxi izan, 1.000 pertsona inguruk gozatu genuen atzoko esperientziaz eta. Bi taldetan ekin genion ibilaldiari eta nahiz eta bide estuetatik ibili, pazientziaz hartu eta martxa polit batean osatu genuen ibilbidea, pertsonaiak non ikusi zain, bi begiak erne eta zentzumenak adi-adi, etxeko txikienek batez ere.

Gure altxorra da mitologia, euskaldunon altxorra. Baina ez da isilpean gorde beharrekoa, ez da liburuetan soilik gorde behar den altxorra, ez horixe. Joxemielek “Mitologia Vasca” liburua idatzi zuen arte belaunaldiz-belaunaldi ahoz-aho trasmititzen genituen kondaira eta leienda hauek, baina ohitura hori makaltzearekin batera hauen ezagutza ere urritu da. Jentilbaratza Kultur Elkarte zein Barandiaran Museoaren helburu nagusia mundu mitologikoa lau haizetara hedatzea da, gure sustrai zein ohiturei eutsi eta Euskal Herri osoko haur eta helduei ezagutza hauek berreskuratzen laguntzea.

Atzokoa horren adibide garbia dugu. Ibilbidean zehar hainbat pertsonaia mitologiko ezagutu genituen, kondaira zaharrak antzeztu eta mundu mitologikoan barneratu zigutenak, Ataungo herri-bideak eskaintzen duen eszenatoki paregabean.

DSC_0084

Beste behin ere Jentilbaratza Elkarteko kide guztiak zoriondu nahi ditugu Barandiaran Museotik, beste behin ere lan bikaina egin zutelako eta beste behin ere herriko tradizio eta kulturaren hedapenari bultzada handia eman ziotelako. Beste behin, ZORIONAK!

Ziur gaude lami eder bat harro dagoela dagoen lekuan, atzoko ikuskizuna berari eskaini zitzaiola ikusita, zuregatik Irantzu!

Eta mila esker Euskal Herriko bazter guztietatik etorri zineten guztioi, izandako jarreragatik eta gurekin batera mitologiaz gozatzeko erakutsi zenuten prestutasunagatik. Joxemiel Barandiaranek esango lukeen bezala, mitologia, hizkuntza, ezagutza, tradizioa… ZABALDU, ZABALDU eta ZABALDU!

Ibilaldiko argazkiak ikusteko sakatu hemen.

Advertisements

Gau magikoa atzokoa Ataunen….

Atzo, GAUA GAUEZKOENTZAT ibilaldi magikoa ospatu genuen Ataunen eta 700 pertsona baino gehiago hurbildu ziren gurera Euskal Herriko bazter guztietatik. Ilargi betea bidelagun, gaueko mundu magiko eta harrigarrian murgildu ginen, heldu zein haur, gizaki zein pertsonaia mitologiko.

Gaua gauezkoentzat 2014

Guztiok batera, Jose Migel Barandiaran gertutik, oso gertutik, ezagutzeko aukera izan genuen eta berak jasotako hainbat kondaira mitologikoren antzezpenekin gozatzeko aukera ere izan genuen. Ustekabean topatu genituen Agauntza erreka-bazterretan Torto, Sorginak, Sanmartintxiki, Jentilak…

Benetan gau magikoa izan zen atzokoa, partehartzaileen aurpegietan ederki ikusi ahal izan genuen hori, eta hau guztia, noski, ez zen posible izango Ataungo herritarren parte-hartzea gabe. Eta noski, betiko moduan, Jentilbaratza Kultur Elkartearen lan bikaina zoriontzekoa da, beraz mila esker atzoko gaua magikoa izaten lagundu zenuten guztioi!

Atzoko ibilaldiko argazkiak ikusi nahi badituzue klikatu hemen.

Jarraian ibilaldiko bideoa duzue, gozatu!

Eta gogoratu… direnik ez da sinistu behar, ez direnik ez da esan behar… Ataunen ikusiko dugu elkar…

Gau Ibilaldi Magikoa Ataunen

Gaua Gauezkoanetzat…

Uztailaren 12an, iluntzean, garai bateko ipuin eta leienda harrigarrien munduan sartuko gara Ataunen bihotzean eta Joxemiel Barandiaran bizi izan zen inguruan.

Euskal mitologiako pertsonaia ezagunak izango ditugu bide-lagun.

Horretarako, garai bateko herribidean zehar, oinez egingo dugu Barandiaran Museotik abiatu eta Samartingo plazara  doan ibilaldi harrigarri eta sorpresaz betea.

Gau Ibilaldi Magikoa 2014 Ataun