Tag Archives: gau ibilaldi mitologikoa

Gaua gauekoentzat… edo ez?

 

III. MITOALDIAren barruan, uztailaren 13an gau ibilaldi mitologikoaren txanda izango da beste behin, Ataunen, Barandiaran Museoaren eskutik. Sinesmen zaharrek diotenez, “eguna egunekoentzat eta gaua gauekoentzat”, baina urtero legez eta salbuespen gisa, beldur horiek gainditzen ahaleginduko gara. Ilargiaren argipean gaueko jeinuen artean murgilduko gara, haien bizipenak gertutik ezagutzeko.

Ibilaldia Barandiaran Museotik abiatuko da arratsaldeko 20:00etan eta Ataungo San Martin auzoraino iritsiko da, bi txanda desberdinetan. Hau hasi aurretik, Barandiaran Museoa eta errota zein zerrategia bisitatzeko aukera egongo da. Gainera, autobus zerbitzua eskainiko da San Martin eta San Gregorio artean.

Ibilaldian parte hartzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik sarrera hartzea. hauek,  Ekainaren 25ean 12:00etatik aurrera eskuragarri jarriko dira  http://www.jentilbaratza.eus web orrian.

Animatu eta bizi mitología Ataunen!!

Gau ibilaldi mitologikorako sarrerak, gaurtik aurrera eskuragarri

Garai bateko ipuin eta legenda harrigarrien munduan sartuko gara Ataunen bihotzean eta Joxemiel Barandiaran bizi izan zen inguruan.

Euskal mitologiako pertsonaia ezagunak izango ditugu lagun bidean zehar. Horretarako, garai bateko herri-bidean, oinez egingo dugu Barandiaran Museotik abiatu eta San Martingo plazara, 3 kilometroko ibilaldi harrigarri eta sorpresaz betea. Pertsona helduek, gazteek eta haurrek lasai asko egin dezakete ibilaldia.

Ataunen gorde eta galdu ez diren kontu zahar eta legendak, naturaren erdi-erdian txertatzen ditugu.

* BERRIKUNTZA: Urte honetan, ikusle kopurua mugatuai zango da. Aldez aurretik sarrerak hartu beharko dira.

* Hasiera eta amaieran jatekoak eta edatekoak izango dira.
Aurrez, Barandiaran Museoa, errota eta antigoaleko zerrategia zabalik.

* GARRAIOA:
· 18:30etik aurrera autobus zerbitzua San Martindik San Gregoriora (dohainik).
· Autoa San Gregorion (Museo inguruan) utziko dutenentzat, ibilaldia amaitzean abiapuntura auto bila itzultzeko garraio zerbitzua egongo da.

SARRERAK: Doan izango dira. Ekainaren 25etik aurrera www.jentilenetorrera.eus webgunean edo Ataungo ohiko lekuetan.

GauIbilaldia

Ilunak argitu ziren atzo Ataunen

Hala idatzi zuen Joxemiel Barandiaranek Euskal Herriaren Mitologia liburuan:

“Gizakiak, unibertso fisikoaren edo neurri batean bere zerbitzura jartzea lortu duen eragile naturalaren jokaera normalei dagozkien fenomenoen ikuskeraz gainera, eta aztertuak ditugun adierazpenen ikuskera magiko eta halabeharrezkoez gainera, bada munduaren beste ikuskera bat ere, non ustez espirituak edo jainkoek biziaraziak diren numenek eta indarrek zeregin garrantzizko bat betetzen duten eta herri sineskizun eta elezahar anitzetan gardentzen diren.”

Bart, iluntzean, hitz horiek inoizko zentzu handiena hartu zuten. Munduaren beste ikuskera hori, atzo gardendu eta bizitu izan genuen Ataungo Barandiaran Museoan elkartu ginen 1500 lagun baino gehiagok.

Gau magiko eta ziraragarria izango zela agindu genuen, eta hala izan zen hasiera-hasieratik. Etzen izaki magikorik falta izan: Torto, Sorginak, Lamiak, Izugarri, Sanmartintxiki, Jentilak…

Jentilbaratzako kideoi zer esan. Iaz hitzik gabe geratu ginen, oraingoan badugu elerik. Ez da Euskal Herri osoan horrelako herri-ekimenik, herri oso bat eskutik heldu eta mundu mitologikoa hedatzeko helburuz hainbeste bilera, entsegu eta prestaketa lanik egiten duenik. Bidelagun mundialak zarete eta esker oneko hitzak besterik ez ditugu zuentzat. Beste behin, huts egin ez ezik, goititu egin zarete. Zorionak bihotzez.

Zuei, bisitari maiteoi, eskerrak eman nahi dizkizuegu, atzoko egun ederra gurekin eta familiartean bizitzera etortzeagatik. Uste baino ausart gehiago gerturatu zineten eta eskertzekoa da ibilbide osoan izandako jarrera eta pazientzia. Bidenabar ohartxo bat, sekretutxo bat, txutxu-mutxu bat… badugu sorpresa gehiago urtea amaitu aurretik, Mundu Mitologikoan murgiltzeko aukera gehiago izango duzue Barandiaran Museoan… baina momentuz ezin dizuegu askoz gehiago aurreratu… soilik mundiala izango dela… shhhhhh….

Gogoratu: Gaua Gauezkoentzat da.

Hurren arte!

Barandiaran Museoa

 

 

Badator Gau Ibilaldi Mitologikoa

Gertu dugu eguna, gertu dugu garai bateko ipuin eta leienda harrigarrien munduan sartuko garen eguna, Ataungo bihotzean eta Joxemiel Barandiaran bizi izan zen inguruan. Euskal mitologiako pertsonaia ezagunak izango ditugu bidelagun.

Ibilaldian zehar, hainbat antzezpen egingo ditugu, eta bidean aurrera egin ahala, gauari ongi etorria emateko parada ere izango dugu.

2017ko GAU IBILALDI MITOLOGIKORAKO GOMENDIOAK:

  • Aurrez izena eman beharrik ez dago.
  • Jende kopuruaren arabera, ibilaldia bi taldeetan egin daiteke.
  • Ibilaldia hasi aurretik, Barandiaran Museoa irekita egongo da. Beraz, museoa, errotatxo eta zerrategia bisitatzeko aukera ere egongo da.
  • Ibilaldia hasi haurretik eta ondoren mokadutxo bat jateko aukera egongo da.
  • Ibilbidea herribide zaharretik izango da, beraz OINETAKO EGOKIA erabiltzea gomendatzen dugu.
  • Kotxeak San Martin auzoan (ibilbide amaiera) edo San Gregorio auzoan (ibilbide hasiera) utzi daitezke. Antolakuntzako jendea egongo da bi auzoetan laguntzeko.
    • Kotxeak San Martinen utziz gero autobusez igo daiteke San Gregorioa 19:00tatik aurrera. GARAIZ autobusa hartzea gomendatzen dugu.
    • Kotxeak San Gregorion utziz gero, antolakuntzak ibilaldi amaieran TXOFERRAK igoko ditu beraien kotxeen bila. Topagunea San Martingo udaletxe aurrean.
  • Haur txikiekin etorriz gero motxilan eramatea gomendatzen dugu.
  • Ibilbidean zehar antortxak banatuko dira EZ UTZI HAURREN ESKUETAN ANTORTXAK.
  • Gidarien aholku eta aginduei kasu egin beharko zaie.


Gau_Mitologikoa_2017

ibilaldiaren rutometroa

Gau magikoa atzokoa Ataunen

Zer esan, hitzik gabe uzten duen atzokoa bezalako gau baten ondorengo ajez. Hitz asko datozkigu burura; liluragarria, ikusgarria, txundigarria, harrigarria, magikoa… eta guztiak motz geratzen zaizkigu atzo Ataunen bizi genuena adierazteko.

V. Gau Ibilaldi Mitologikoa ospatu genuen bart, Joxemiel Barandiaranek jasotako kondaira eta esaunda zaharrak munduari zabaltzea helburu zuena.

Urteroko legez eta inoiz baino ozenago, Barandiaran Museotik gure eskerrik beroenak eta zorionik zintzoenak Jentilbaratzako kideei, hilabeteetan egindako lan izugarriagatik. Atzokoa iraupen-karrera baten azken txanpa izan bazen ere, atzetik datorren lanaren emaitza izan zen azken finean. Zorionak. Luxu handia da Joxemielen eta mundu mitologikoa hedatzeko lanetan horrelako bidelagunak edukitzea.

Eta nola ez, mila esker ere, atzoko egunez Ataunera etorritako familia eta partehartzaile guztiei (1.000 pertsonatik gora elkartu ginen), izandako jarreragatik, pazientziagatik eta gure ondare kulturalaz gozatzeko egindako ahaleginagatik!

Joxemielek hau ikusiko balu!…

Hona hemen atzoko argazki batzuk.

 

Beste behin ere, magikoa

Laugarren aldiz ospatu genuen atzo Ataunen Gau ibilaldi mitologikoa, eta beste behin ere, magikoa izan zen.

Sorginak, Torto, Lamiak, Joxemiel Barandiaran tartean, Sanmartintxiki, Jentilak… gure tradizio eta kulturaren zutabe handi bat izan den, eta oraino den, mitologiaren magiaren lekuko izan ginen atzo iluntzean Barandiaran Museora bertaratu ginenok. Eta ez ginen gutxi izan, 1.000 pertsona inguruk gozatu genuen atzoko esperientziaz eta. Bi taldetan ekin genion ibilaldiari eta nahiz eta bide estuetatik ibili, pazientziaz hartu eta martxa polit batean osatu genuen ibilbidea, pertsonaiak non ikusi zain, bi begiak erne eta zentzumenak adi-adi, etxeko txikienek batez ere.

Gure altxorra da mitologia, euskaldunon altxorra. Baina ez da isilpean gorde beharrekoa, ez da liburuetan soilik gorde behar den altxorra, ez horixe. Joxemielek “Mitologia Vasca” liburua idatzi zuen arte belaunaldiz-belaunaldi ahoz-aho trasmititzen genituen kondaira eta leienda hauek, baina ohitura hori makaltzearekin batera hauen ezagutza ere urritu da. Jentilbaratza Kultur Elkarte zein Barandiaran Museoaren helburu nagusia mundu mitologikoa lau haizetara hedatzea da, gure sustrai zein ohiturei eutsi eta Euskal Herri osoko haur eta helduei ezagutza hauek berreskuratzen laguntzea.

Atzokoa horren adibide garbia dugu. Ibilbidean zehar hainbat pertsonaia mitologiko ezagutu genituen, kondaira zaharrak antzeztu eta mundu mitologikoan barneratu zigutenak, Ataungo herri-bideak eskaintzen duen eszenatoki paregabean.

DSC_0084

Beste behin ere Jentilbaratza Elkarteko kide guztiak zoriondu nahi ditugu Barandiaran Museotik, beste behin ere lan bikaina egin zutelako eta beste behin ere herriko tradizio eta kulturaren hedapenari bultzada handia eman ziotelako. Beste behin, ZORIONAK!

Ziur gaude lami eder bat harro dagoela dagoen lekuan, atzoko ikuskizuna berari eskaini zitzaiola ikusita, zuregatik Irantzu!

Eta mila esker Euskal Herriko bazter guztietatik etorri zineten guztioi, izandako jarreragatik eta gurekin batera mitologiaz gozatzeko erakutsi zenuten prestutasunagatik. Joxemiel Barandiaranek esango lukeen bezala, mitologia, hizkuntza, ezagutza, tradizioa… ZABALDU, ZABALDU eta ZABALDU!

Ibilaldiko argazkiak ikusteko sakatu hemen.

Gaua Gauekoentzat

Hemen da, badator, eguna iristear da…

Uztailaren 11, larunbata, IV. Gau ibilaldi mitologikoa ospatuko dugu Ataunen.

Herribide zaharrean ibiliko gara, egunetik gauera, kontu eta ipuin, jentil eta sorgin, mundu harrigarria lagun. 20:30ean abiatuko gara Barandiaran Museotik, galduko duzu?

Gau_Mitologikoa_2015

“ Direnik ez da sinistu behar, ez direnik ez da esan behar.”

Hemen duzue Jentilbaratza Elkartekoek emandako aurrerapen bat: