Tag Archives: gabonak

Aralar, lurralde mitologiko hori

Magiaz eta ilusioz bete zen atzo Aralar. Mendez mende, ahoz aho transmititu eta Barandiaran, Arin edo Arratibeli esker idatziz jasotako leienda eta istorio ederrak bizi genituen Aralarko natur ingurune zoragarrian.

DSC_0160

Lizarrustiko parketxetik abiatuta, 600 lagun, hiru taldetan banatuta, Allekuko baso ederrean murgildu ziren. Izaki mitologikoak eta ipuinetako pertsonai ugari azaldu ziren ibilaldian zehar ipuin eta istorio ederrak kontatuz: Mateo txistu, Maribelar, Sorginmari, Martin beltz,  Aker beltz, Maridomingi, Sanmartin txiki, basagizona, lapurrak, haurrak, jentilak, Torto, Basajaun… eta nola ez, baita Olentzero ere!

Ataungo Jentilbaratza kultur elkarteko lagunek eskainitako ikuskizuna zoragarria izan zen. Eskerrik asko bihotzez egindako lanagatik eta mila esker hurbildutako guztiei. Lekurik gabe gelditutakoei adierazi nahi diegu, lanean jarraituko dugula guztiontzat aukera berriak sortzeko.

2019rako… Zaku bete plan, egitasmo eta ilusio

Eskerrik asko guregana hurbildu zareten guztioi 2018 honetan zehar, eta, hainbeste une eder gurekin batera partekatzeagatik; 2019an ere lanean jarraituko dugu gure artean gustura jarrai dezazuen.

EGUBERRI ETA URTEBERRI ON Gipuzkoako Parketxe Sareko lantalde guztiaren partez!

Olentzero

BIHAR, GOIZEKO 10:00ETAN, IREKIKO DA “JENTILAK ETA OLENTZERO” IBILALDI MAGIKORAKO IZEN EMATEA

Ataungo Lizarrusti Parketxean abenduaren 23rako antolatu dugun “Jentilak eta olentzero” ibilaldi magikoan izena emateko zerrenda bihar ostirala (abenduak 14) goizeko 10:00etan irekiko dela jakinarazten dizuegu. Erreserba egiteko bi bide daude, telefonoz (94318 03 35) edota emailez (barandiaran@gipuzkoamendizmendi.net).

Aurrez, esan, jakin badakigula oso denbora gutxian agortuko direla lekuak, urtero bezala ehunka eta ehunka pertsona ari zaretelako deitzen informazioa eskatuz, eta pena handiz, baina agortu ondoren ezin izango dugula izen gehiago hartu.

Hainbat ohar garrantzitsu:

  • Egunean bertan ez da onartuko sarrerarik ez duen inor. Jarduera honen kalitatea eta segurtasuna bermatu nahi ditugu, hortaz, sentitzen dugu kanpoan geratuko zareten guziongatik, bihotzez, eta ulertuko duzuelakoan gaude. Bai Barandiaran Museoan eta baita Lizarrustiko Parketxean ere, urte osoan zehar makina bat jarduera antolatzen ditugu, hemengo ondare kulturala zein naturala hedatu asmoz eta hurrengoan izango duzue aukera berriro ere.
  • Bi ordu eta erdi/hiru bat orduko ibilaldia izango dela aurreikusten dugu, nahiz eta zailtasun aldetik ez den ibilaldi zaila, 3 urtetik beherakoentzat ez da gomendagarria, baldin eta haurra ez badago mendian ohitua.
  • Ibilaldiaren hasieran eta amaieran 10-15 minutuko aldapa egongo da, baina tarteko ibilaldia baso lau batetik zehar egingo da, ia desnibelik gabekoa, pagadi eder eta magiko batetik hain zuzen, pertsonaia mitologikoen bizileku den Allekupeko basoetatik.
  • Lizarrustiko aparkalekua txiki geratzen zaigu horrelakoetan, hortaz, arren, sarrerak eskuratzea lortzen duzuenok ahalik eta kotxe gutxienetan etorri.
  • Mendiko arropa eta oinetako egokiak beharrezkoak izango dira eta noski, mundu mitologikoan murgiltzeko gogoz eta ilusioz etortzea!

Zorte on eta laster arte!

Jentilak eta Olentzero_2018

Aurrekoa bezain oparo betor 2015a Aralarren

Aralarko Parketxetik (Barandiaran Museo zein Lizarrsutiko Parketxea) gure eskerrik beroenak eman nahi dizkizuegu bisitari guztioi, 2014a urte ederra izan baita guretzat. Jarduera ugari antolatu ditugu, mota askotakoak eta publiko guztiei eskainiak, eta guztietan zuen esker onak bero-bero sentitu ditugu. Datorrena ere badoan hau bezain handia izan dadila!

Gabonak Aralar 2014

Gure etxeko ateak zabalik dituzue!

Arditurriko txondorra ETB 1-eko “Euskal Kantuen Gaua” saioan

Abenduaren 5ean  bisita berezi bat izan genuen Arditurrin. Gabon gauean ETB 1-ek emitituko duen  “Euskal Kantuen Gaua” saioan Juan Mari Arzak , Fernando Canales, Elena Arzak, Martin Berasategi , Ramon Roteta eta Ander Gonzalez sukaldariak ikusi ahal izango dituzue  Arditurriko txondorraren aurrean kantuan!

Euskal Kantuen Gaua txondorra

.