Tag Archives: euskal mitologia

BIHAR, GOIZEKO 10:00ETAN, IREKIKO DA “JENTILAK ETA OLENTZERO” IBILALDI MAGIKORAKO IZEN EMATEA

Ataungo Lizarrusti Parketxean abenduaren 23rako antolatu dugun “Jentilak eta olentzero” ibilaldi magikoan izena emateko zerrenda bihar ostirala (abenduak 14) goizeko 10:00etan irekiko dela jakinarazten dizuegu. Erreserba egiteko bi bide daude, telefonoz (94318 03 35) edota emailez (barandiaran@gipuzkoamendizmendi.net).

Aurrez, esan, jakin badakigula oso denbora gutxian agortuko direla lekuak, urtero bezala ehunka eta ehunka pertsona ari zaretelako deitzen informazioa eskatuz, eta pena handiz, baina agortu ondoren ezin izango dugula izen gehiago hartu.

Hainbat ohar garrantzitsu:

  • Egunean bertan ez da onartuko sarrerarik ez duen inor. Jarduera honen kalitatea eta segurtasuna bermatu nahi ditugu, hortaz, sentitzen dugu kanpoan geratuko zareten guziongatik, bihotzez, eta ulertuko duzuelakoan gaude. Bai Barandiaran Museoan eta baita Lizarrustiko Parketxean ere, urte osoan zehar makina bat jarduera antolatzen ditugu, hemengo ondare kulturala zein naturala hedatu asmoz eta hurrengoan izango duzue aukera berriro ere.
  • Bi ordu eta erdi/hiru bat orduko ibilaldia izango dela aurreikusten dugu, nahiz eta zailtasun aldetik ez den ibilaldi zaila, 3 urtetik beherakoentzat ez da gomendagarria, baldin eta haurra ez badago mendian ohitua.
  • Ibilaldiaren hasieran eta amaieran 10-15 minutuko aldapa egongo da, baina tarteko ibilaldia baso lau batetik zehar egingo da, ia desnibelik gabekoa, pagadi eder eta magiko batetik hain zuzen, pertsonaia mitologikoen bizileku den Allekupeko basoetatik.
  • Lizarrustiko aparkalekua txiki geratzen zaigu horrelakoetan, hortaz, arren, sarrerak eskuratzea lortzen duzuenok ahalik eta kotxe gutxienetan etorri.
  • Mendiko arropa eta oinetako egokiak beharrezkoak izango dira eta noski, mundu mitologikoan murgiltzeko gogoz eta ilusioz etortzea!

Zorte on eta laster arte!

Jentilak eta Olentzero_2018

Advertisements

Tartalo, Marimunduko Sorgina, Etsai…

nuevo-presentacion-de-microsoft-office-powerpoint
Hainbat pertsonai mitologikoen bisita izan genuen atzo arratsaldean Anduetza Parketxean eta hauen kontakizunak entzuteko irrikaz zeuden pertsonez bete zen. Haur zein heldu ahozabalik egon ziren emanaldi guztian zehar, ezustekoak eta algarak txandakatuz.

Eskerrak eman nahi diogu Anduetza Parketxetik Ataungo Jentilbaratza Kultur Elkarteari Euskal Herriko mitologia Zegamara ekartzeagatik, urtez urte kontakizunak berrituz. Baita, Anduetza Parketxera bertaratu zineten 150 lagunei ere. Eta Marimunduko sorginak esan zuen bezala, arren zuen haurrei ipuinak kontatzen jarraitu ezazue!

Euskal mitologian oinarritutako ipuinak protagonista

zur-eta-lur_marimundukoren-ipuinak

Ataungo Barandiaran museoan egindako ipuin kontaketa saiora joateko aukera galdu bazenuen, bigarren parada duzu Zegamako Anduetza Parketxean. Saio honetarako ere, Marimunduko (Maitane Aizpurua) izango da gonbidatua eta bere eskutik, Euskal Herriko ipuin eta mitoetara gerturatuko gara. Maitane Aizpurua, Ataungo Jentilbaratza Kultur Elkarteko kidea da eta Joxe Miel Barandiaranek bildutako hainbat ipuin eta kontakizun harrigarri azalduko ditu. Hainbat pertsonai mitologiko etorriko dira Anduetza Parketxera eta aurten Etsai dugu protagonista berria.

Haurrei zuzendua badago ere, adin guztiko bisitariek primeran pasako dute kontakizun berezi hauek entzuten. Emanaldia euskaraz izango da eta aurrez izena ematea ezinbestekoa da.

Gau magikoa atzokoa Ataunen….

Atzo, GAUA GAUEZKOENTZAT ibilaldi magikoa ospatu genuen Ataunen eta 700 pertsona baino gehiago hurbildu ziren gurera Euskal Herriko bazter guztietatik. Ilargi betea bidelagun, gaueko mundu magiko eta harrigarrian murgildu ginen, heldu zein haur, gizaki zein pertsonaia mitologiko.

Gaua gauezkoentzat 2014

Guztiok batera, Jose Migel Barandiaran gertutik, oso gertutik, ezagutzeko aukera izan genuen eta berak jasotako hainbat kondaira mitologikoren antzezpenekin gozatzeko aukera ere izan genuen. Ustekabean topatu genituen Agauntza erreka-bazterretan Torto, Sorginak, Sanmartintxiki, Jentilak…

Benetan gau magikoa izan zen atzokoa, partehartzaileen aurpegietan ederki ikusi ahal izan genuen hori, eta hau guztia, noski, ez zen posible izango Ataungo herritarren parte-hartzea gabe. Eta noski, betiko moduan, Jentilbaratza Kultur Elkartearen lan bikaina zoriontzekoa da, beraz mila esker atzoko gaua magikoa izaten lagundu zenuten guztioi!

Atzoko ibilaldiko argazkiak ikusi nahi badituzue klikatu hemen.

Jarraian ibilaldiko bideoa duzue, gozatu!

Eta gogoratu… direnik ez da sinistu behar, ez direnik ez da esan behar… Ataunen ikusiko dugu elkar…