Tag Archives: esnaurreta

Bejondeikela Joseba!

“Joseba Insausti ordiziarraren Otatza gazta, Espainiako onena”. Hau irakurri genuenean sekulako poza sentitu genuen Aralarko Parketxean.

Espainiako Nekazaritza, Elikadura eta Ingurugiro ministeritzak “Gazta onenarentzako Espainiako elikagaiak” (Alimentos de España al Mejor Queso 2015) saria eman dio gure artzain gazteari. Gainera “ardi gazta ondu onena” saria ere Josebarentzako izan da.

Josebaren lana gertutik jarraitzen dugu azken aldian Ataungo Barandiaran Museo eta Lizarrustiko Parketxetik. Izan ere, maiatza aldera bere Esnaurretako mendiko gaztandegira antolatu genuen irteera bat, bere lana bertatik beratara ikusi eta jendeari ezagutarazteko asmoz. Irailaren bukaera aldera aldiz, berak bisitatu gintuen gure etxean; Josebak gidatutako gazta dastaketa bat antolatu genuen Barandiaran Museoan, eta bere gazten inguruko berezitasun eta desberdintasunak antzematen ikasi genuen.

gazta dastaketa Joseba Insausti 036

Gertutik ezagutzen dugulako eta bere lana goraipatzekoa iruditzen zaigulako, mila zorion Joseba! Jarrai ezak bide horretatik, hik balio dek!

 

Aralarko artzaintza eta gazta

Jarduera berezi-berezi bat prestatu dugu Maiatzaren azken egunerako, hilak 31, igandea. Artzaintza ogibide garrantzitsua izan da aspalditik Aralarko mendiguneotan eta gaur egun ere bere lekua izaten jarraitzen du. Mundu hau gertutik ezagutzeko Joseba Insausti artzain gazteari bisita bat egingo diogu bere etxolan, eta gazta nola egiten duen ere kontatuko digu. Izan ere, Joseba da “Idiazabal” denominazioaren barruan “mendiko gazta” deritzona egiten duen bakarrenetakoa.

Irteeraren abiapuntua Lizarrustiko Parketxea izango da, goizeko 9:30ean. Zailtasun ertaineko ibilaldia izango da, 4 ordu eta erdi iraungo duena eta guztira, joan-etorrian 11 km ibiliko dira. Aralarko paraje desberdinetatik igaroko gara; basoa, larreak, urtegia…

10703722_812914095396851_8308034796757174401_n

12 urtetik gorakoentzat gomendatzen da ibilaldi hau, duen luzeera dela eta. Familiak,  taldeak, norbanakoak… Denak zaudete gonbidatuak!

Jardueraren prezioa 5€-koa izango da parte hartzaile bakoitzeko ta euskaraz emango dira azalpenak.

Izena emateko edo informazio gehiagorako honako telefono zenbakiak daude bisitarien eskura: 943 18 03 35 / 688 89 50 69, nola helbide elektronikoa barandiaran@gipuzkoamendizmendi.net