Tag Archives: bioaniztasuna

Mendiko larreen bioaniztasuna ezagutzeko ibilaldi gidatua Aralarren

20181021_114902Life Oreka Mendian, larreen kudeaketa jasangarria bultzatzeko 2016. urtean sortzen den proiektua da. Goi mendietako larre hauek Europako toki edo zonifikaziorik mehatxatuenak kontsideratzen dira eta estrategia amankomun bat garatu nahi da Natura 2000 Sarearen barruan aurkitzen direnak kontserbatzeko. Abeltzaintzaren eta artzaintzaren gainbeherak larre hauen erabilera falta ekarri du, eta, asko ez dira kontserbatzio egoera onean aurkitzen.

Proiektu honek Europa mailan oso mehatxatuta dauden mendiko larreak kudeatu eta kontserbatzeko oinarriak ezartzen ditu, beraz, habitat ezberdinen eta bertan bizi diren espezieen babesa bermatuz. Mendiko larreetan kudeaketa integratu eta jasangarrirako lur-jabeak, erabiltzaileak, naturguneetako kudeatzaileak, adituak eta tokiko eragileak inplikatu nahi dira.

Aurten HAZI-rekin lankidetzan Gipuzkoako Natura Parke guztietan ibilaldi gidatu bana eskaintzen ari da Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioa, larre hauek balioan jartzeko eta euren bioaniztasuna ezagutzera emateko. Ibilaldi gidatu hauek doakoak dira, eta Aitor Salaberria adituaren azalpenak entzun ahal dira guztietan. Lehendabizikoa Pagoeta Natura Parkean gauzatu zen pasa den igandean eta hurrengo hitzordua Aralarren izango da, maiatzaren 19an Lizarrustiko Parketxetik abiatuz.

Ibilaldiak 10:00etan hasten dira eta 3-4 orduko iraupena izaten dute. Hamaiketakoa, ura eta oinetako egokiak eramatea beharrezkoa da.  Hona hemen egingo diren ibilaldi guztien zehaztasunak eta harremanetarako kontaktuak, aldez aurretik izena ematea beharrezkoa baita.

OREKA MEDIAN2019

Advertisements

Bioaniztasuna bide-bazterrean

Zoritxarrez, errepidean harrapatu eta zauritutako animalien irudiak ohikoak dira urte sasoi honetan, batez ere natur-guneetatik hurbil. Milioika eta milioika dira gainera, auto-istripuz hiltzen direnak urtean zehar, mundu zabalean. Biktimak mota askotakoak izan ohi dira, zerrenda luzea osatuz: hegaztiak, trikuak, azeriak, azkonarrak, basurdeak, orkatzak, intsektuak, narrastiak, anfibioak…

Euskal Herrian harro egoteko moduko bioaniztasuna dugu, urrutira joan gabe hamaika animalia zein landare espezierekin goza dezakegu eta, baina mundu mailan aniztasun hori gainbehera doala ere gauza jakina da, eta Euskal Herriak ez dio errealitate horri ihes egiten. Aniztasun ekologikoa galtzearen arrazoi nagusietako bat habitataren zatiketa da eta errepideek zeresan handia dute egoera horretan. Geroz eta errepide gehiago dugun herrialde txiki honetan, asfalto horrek badu eraginik animaliengan, batez ere animalia eta gizakiok partekatzen ditugun espazioetan.

azkonarra errepideankatagorria errepidean

Nola igaro bidea alde batetik bestera? Zubi bat egitea irudi lezake konponbiderik errazena. Bai, bederen, kartelak irakurtzen dakigunontzat. Baina, animalien kasuan ez da horren erraza, ez baita nahikoa zubi orokor bat eraikitzearekin, espezie bakoitzak bere ohitura, mugimendu eta ezaugarrietara egokitutako bideak behar ditu eta.

Konponbidea gure eskuetan ere badago, edo arazoa gutxiagotzea behintzat. Frogatuta dago istripu ugariren eragile erabakigarria dela gehiegizko abiadura, eta abiadura handia egon ohi den errepideetan harrapaketa gehiago ematen direla abiadura mantsoagoa duten antzeko errepideetan baino. Izan ere, gidatzen ari garen abiaduraren mantsotzeak ezbehar baten aurrean dugun erantzuteko ahalmena handiagotzen du, bai gidariarena eta baita animaliarena ere. Honek garrantzia berezia hartzen du babestutako natur-guneen inguruan, esterako, Aralarko Natura Parkearen ingurabideetan. Gauez, herriguneetako pista zein errepideetan arreta areagotzea ere garrantzitsua da.

Sarrera honetan jarritako bi argazkiak, azkonarrarena eta katagorriarena alegia, atzo bertan Lizarrustiko Parketxera lanera gindoazela ateratakoak dira. Ez zaizkigu horrelako irudiak gustatzen. Denon ardura da gure herriko bioaniztasuna zaintzea, altxor ederrak ditugu Euskal Herrian eta haien biziraupena gure eskuetan, ere, badago.