Tag Archives: basoaren kultura

Ikuskizun bikaina, goreneko egur ikatza

Gaur txondorraren inguruan jendetza elkartu gara Zegaman, txondorretik egur ikatza nola ateratzen zen ikusteko. Jose Ramon, Marron, ikazkinak esplikatu digu nola izan den prozesu guztia eta egur ikatza nola atera behar zuen.

Zegamako haurrak ere kontatu digute ze ikasi duten egindako tailerretan Anduetza parketxearen eskutik. Zegamako Nikolas Zabaleta ere izan dugu, bera gazte zenean ikazkinen artean basoan izandako bizipenak kontatzen.  Elkarrizketa hauek bideratzeko Julian Belokiren laguntza izan dugu, gidari aparta. Eta nola ez, jai giroa osatzeko Tobera musika eskolaren eta Orkatz abesbatzaren dantza eta soinuak izan ditugu lagun.

Mila esker denoi Udala eta Anduetza parketxearen partetik!

Advertisements

Txondorraren itzalera jaialdia

Datorren azaroaren 11ean, igandean, Txondorra itzaltzeko jaialdia izango da Zegaman. Etorri txondorraren ingurura eta parte hartu jai giroan burutuko dugun itzalera honetan eta egur ikatza ateratzeko lanetan!!

Udazken honetan zehar, txondorraren prozesu guztia ikusi da Zegaman; eraikuntzaren prozesua, piztea, itzalera eta egur ikatzaren ateratzea hain zuzen ere. Antzinako garaietan hasi eta duela hamarkada gutxi arte gure basoetan garrantzi handia izan du ikazkintzak. Izan ere, txondorrak erabiltzen ziren egur-ikatza ateratzeko, honako hau bero-ahalmen handiko erregaia baitzen. Egun, ogibide hau desagertu egin den arren, oraindik ere baditugu txondorren aztarnak Aizkorriko basoetan. Honela bada, urtetan zehar Aizkorri-Aratz Natura Parkeko basoetan horren garrantzitsua izan den ogibidea gaur egunera ekartzeko asmoz, txondorra eraiki, piztu eta itzali da Zegaman.

Jai giroan piztutako txondorra

Atzo, urriak 13, Zegaman, Anduetza parketxearen ondoan kokatu den txondorra jai giroan piztu genuen. Zegama eta Gipuzkoa osoko jendea bertaratu zen jaialdira Jose Ramon, Marron, ikazkina lanean ikusteko asmoz.

Zegamako plazatik kalejiran igo ginen Tobera musika eskolaren partaidetzari esker. Ondoren txondorraren inguruan, gitarra joleak izan genituen lagun. Bukatzeko, Zegamako dantzariak Agurra eskeini zioten txondorrari, Tobera musika eskolako doinuarekin eta Orkatz abesbatzaren ahotsekin.

Jai giro aparta honetan, txingarrak prest zeudelarik txondorra pizten hasi ginen, ikazkinaren laguntzaileak medio. Txingarrak sartu eta gero, tximinia osatzeko egurra eta lurra sartu zuen ikazkinak. Bukatzeko tapa jarri eta txondorrak arnasa hartu zezan zuloak egin zizkion.

Gogoratu datorren igandean, urriaren 21ean, zuhaitz lepatuak ezagutzeko ibilaldi gidatua dugula Alvaro Aragon Ruanoren eskutik. Zuhaitz lepatuak, txondorrak, eraikitzeko ezinbestea den egurra ematen zuten zuhaitzak dira besteak beste. Honetarako 200 urte inguru izango dituen pago motza bisitatuko dugu. Animatu zaitez!