Tag Archives: aralarko parketxea

Txorien orkestra sinfonikoa Ataunen

Ibilaldi berezia ospatu dugu gaur Barandiaran Museoan. 30 bat txoriren kantuak entzun, ezagutu eta desberdintzen ikasi dugu Mikel Olanoren eskutik Ataungo herri bidean zehar. Egia esateko, hori baino askoz gehiago ere egin dugu; natura entzuten ikasi dugu, gure inguruan gertatzen diren gauzak antzemateko belarriak soilik erabiliz eta esperientzia polita izan da benetan! Hemendik aurrera ikasitakoa praktikan jartzea soilik geratzen zaigu eta udaberria sasoi aproposa da horretarako!

DSC_0200

DSC_0205

Ataungo saioa galdu baduzue, gogoratu datorren igandean, maiatzak 3, izango duzuela beste aukera bat txori kantuak ezagutzeko. Zegamako Anduetza Parketxetik irtengo da ibilaldia goizeko 10:00etan. 

Advertisements

ITZALDU DA TXONDORRA LIZARRUSTIN

Atzo atera zuten ikatza txondorretik Joxe Ramon Agirrek eta bere lagunek ia hiru astez piztuta eduki ondoren. Irailaren 21ean piztu zutenetik ehundaka pertsona gerturatu dira antigoalean gure basoetan garrantzi handiko jarduera eta lanbidea izan zena ezagutzera. Ikastalde ugari etorri zaizkigu Lizarrustira Gipuzkoatik, Arabatik eta Nafarroatik. Txondorraz gain, argazki erakusketa, bideoen emanaldia, ibilaldiak eta haurrek muntatu duten txondor txikia izan dira programaren jarduera nagusiak. “Ikazkintza Aralarren” programaren helburua hezitzailea izan dela kontuan hartuz, oso balorazio positiboa egiten dugu; jada hurrengo urtekoa nola hobetu pentsatzen hasiak gara.

Eskerrik asko etorri zareten guztioi eta mila esker Joxe Ramoni eta bere lantaldeari egindako lan itzelagatik!

txondorraren itzaltzea

Denboran zehar bidaiatu genuen atzo Aralarren

Bazirudien astean zehar eguraldi iragarpenak ez zeudela gure alde, baina azkenean goiz ezinhobea izan zen atzokoa Aralarren, zentzu guztitan. Eguraldia, mendian ibiltzeko paregabea, eta Ondarrera gerturatu zen jendea, jatorra eta jakinminez betea.

Hortaz, faktore guzti horiek aldeko izanda, zer gehiago eska geniezaioke abuztuko goiz bati?… Jendeari azalpen egokiak ematea eta kultur ondarea helaraztea, noski. Lan hori ezinhobeto burutu zuen Luis Mari Zalduak. Berak egin zituen atzo gidari lanak eta denboran zehar bidaia interesgarri bat proposatu zigun Aralarko mendietatik barrena.

DSC_0135

Ondarre inguruko monolito, trikuharri, zista, bizileku, saroi zein cromlechak bisitatu genituen eta baita bakoitzaren sekretuak deskubritu ere. Irteerara bertaratu zirenak interes handia azaldu zuten aztarna hauen inguruan eta Zalduak galdera eta kezkak ezinhobe ebatzi zituen.

Zalantza izpirik gabe Ondarre inguruak aztarna asko ezkutatzen ditu oraino eta Jose Antonio Mujikaren gidaritzapean lanean diharduten adituek sekretu asko lurrazaleratu eta plazaratuko dituzte datozen urteetan. Gure asmoa zein eginkizuna jendeari Aralarko mendiguneak erakustea, ezagutaraztea eta maitatzen laguntzea denez, adi egongo gara azken aurkikuntzekin eta atzokoa irteera ezin interesgarriagoa izan zenez, gehiago antolatuko ditugu aurrerantzean.

Zenbat sekretu ezkutatzen ote ditu Aralarrek oraindik? Batek daki…

Atzoko irteerako argazkiak ikusteko klikatu hemen.

Aralarko lurrazpiko sekretuak ezagutu genituen atzo

Atzo larunbata, eguraldi zoragarria bidelagun, Aralarko Akaitz Txiki II kobazulora egin genuen irteera. Bi talde osatu genituen Liarrustiko Parketxean eta batzuk Enirio ingurura gerturatu bitartean beste batzuk Akaitz Txiki II kobazulora sartu ziren, gero taldeak txandatuz.

Akaitz Txiki Aralar

Felix Ugarte Elkartekoek azalpen politak eman zizkiguten Aralarko sorrera-prozesuaren inguruan eta Eniriotik ikusten diren tontor eta egitura geologiko aipagarrienak azaldu zizkiguten.

Akaitz Txiki II kobazulora gogotsu sartu ziren partehartzaileak, Aralarko lurrazpiak zer eskainiko zigun jakiteko irrikitan. Kobazuloak ez zuen hutsik egin eta aste honetako euriteen ondorioz belaunetaraino busti behar izan zuten partehartzaileek aurrera egiteko. Bertako isiltasunaz eta iluntasunaz gozatzeko aukera ere izan genuen.

Hortaz, irteera polita izan zen atzokoa, egitura karstiko eta geologiko nagusien inguruan asko ikasteaz gain, abenturarako tartea ere izan genuen. Egia esan, bi talde bikain osatu genituen eta partehartzaileak izugarri gozatu zuten esperientzia honekin. Mila esker partehartzaile guztiei Gipuzkoako Parketxe Sarea eta Felix Ugarte Elkartearen izenean. Hurrengora arte!

Atzo irteeran zehar ateratako argazkiak ikusi nahi badituzue klikatu hemen.

Artelatzeko lantaldeko Mirenek egindako bideoa duzue ikusgai jarraian (mila esker Miren!):

 

Gau Ibilaldi Magikoa Ataunen

Gaua Gauezkoanetzat…

Uztailaren 12an, iluntzean, garai bateko ipuin eta leienda harrigarrien munduan sartuko gara Ataunen bihotzean eta Joxemiel Barandiaran bizi izan zen inguruan.

Euskal mitologiako pertsonaia ezagunak izango ditugu bide-lagun.

Horretarako, garai bateko herribidean zehar, oinez egingo dugu Barandiaran Museotik abiatu eta Samartingo plazara  doan ibilaldi harrigarri eta sorpresaz betea.

Gau Ibilaldi Magikoa 2014 Ataun