Tag Archives: anfibio eta narrastiak

Sugez suge, biperakaratik eskulapioraino

Igande goizean, Oria ibaiaren ibilbideko biodibertsitatea aprobetxatuz, narrasti eta anfibioen bila ibili ginen Ander Izagirreren eskutik. Zentzumenak martxan jarri eta animaliak bilatzeari ekin genion. Hasieran, horma sugandilak eta musker berdeak ikusi genituen, baita arrabio eta suge gorbatadun gazte hil bat ere. Eguraldia lagun, narrastiak eguzkira ateratzen hasi eta sorpresez bete zen eguna: beste hiru suge espezie aurkitu genituen! Iparraldeko suge leuna, suge biperakara eta eskulapio sugea, besteak beste.

Anderren azalpenekin, animalia hauen ezaugarri zein bizi ohiturak ezagutu genituen eta nola ez, animalia hauek eskuetan edukitzeko aukera izan genuen! Egun zoragarria bilakatu zen, partaideok izugarri gozatu baikenuen.

Animalia hauen inguruko istorio beldurgarri asko igaro dira ahoz aho gureganaino helduz. Ondorioz, sortutako mamu eta beldur sentsazio horiek lausotzea izan zen helburu nagusietariko bat.

Ibilaldi hauetan parte hartu izanez gero, oraindik bi aukera gelditzen zaizkizu Arditurri eta Arantzazuko Parketxeetan. Beraz, animatu eta parte hartu, animaliak ikusi eta ikasiz, hauek maitatzen hasten gara eta!

Advertisements

Narrasti eta anfibioak, animalia ezezagunak?

Narrasti eta anfibioak animalia ezezagunak dira, ezkutuan bizi direnak eta ohitura harrigarriak dituztenak. Honenbestez, Anduetza Parketxeak aukera paregabea eskaintzen du Aizkorri-Aratz natura parkean ditugun anfibio eta narrastiei buruz gehiago ikasteko, ikusiz ikasten baita eta ezagutuz maitatzen delako.

Jarduerari hasiera emateko, Ander Izagirrek (gaian aditua) narrasti eta anfibioak ezagutzen lagunduko duten azalpenak emango ditu. Ondoren, zailtasunik gabeko ibilaldian, ekosistema hezeak ezagutzera emango dira; animalia hauek babesleku gisa erabiltzen dituzten bestelako lekuak ere izango dira ikusgai, baso, harkaitz, zelai eta sastraka besteak beste.

Irteera hauek adin guztietako pertsonentzat daude pentsatuta, helduak zein haurrak, familiak zein norbanakoak. Zatoz Aizkorriko animalia bitxi hauen sekretuak ezagutzera!

Aralarko herpetofaunaren atzetik

Aralarzale hori, badugu uko egin ezin diozun plan bat zuretzako. Ezagutzen al dituzu Aralarko mendigune zabal hauetan bizi diren anfibio eta narrastiak? Zenbat espezie daude hemen? Arriskutsuak al dira? Zein egoeratan aurkitzen dira?

Zatoz, entzun, ikusi, ikasi eta zaindu maite duzun hori. Maiatzaren 14an, igandearekin, Aralarko narrasti eta anfibioak ezagutzeko hitzordu bat dugu goizeko 10:00etan Ataungo Lizarrustiko Parketxetik abiatuta. Ander Izagirre adituak gidatuko du ibilaldia eta aurre-erreserba egitea ezinbestekoa izango da (943180335 edota barandiaran@gipuzkoamendizmendi.net), plaza mugatuak izango dira eta.

Hemen duzue ikusgai aurreko urteetako Aralarko ibilaldiko bideo txiki bat:

 

Narrastiak_Kartel orokorra2017 EUS (1)