Tag Archives: amiamoko zuria

Jakinmina piztu zuen Lizarrustiko hegazti askatzeak

Igandean, eguraldia lagun, jende ugari bildu zen Lizarrustiko parketxean hegaztiak askatzeko jardueraren inguruan! Amiamoko zuria, usapala eta bi zapelatz izan ziren goizeko protagonistak, baina, harridura gehien sortu zuena amiamokoa izan zen zalantzarik gabe, batez ere, bere tamainarengatik.

20190929_114652

Bi zapelatzak kolpatuta iritsi ziren Arrano Etxera, usapalak beste hegazti harrapari batek erasotu izanaren tankera zeukan eta amiamokoa Sasietako zabortegiaren inguruan topatu zuten migratzen ari zelarik oso ahulduta.

Jarduera hauek benetan interesgarriak izaten dira hegazti guzti hauek dituzten arriskuez jabetzeko eta baita ere, horrelako kasuren batekin topo eginez gero, nola jokatu behar dugun jakiteko.

Mila esker Gorka basozainari emandako azalpenengatik eta bertaratutako guztiei! Hona hemen eguneko beste argazki batzuk:

 

Aralarko hegazti askatzearen DATA BERRIA

Jarduera honen lehenbiziko data irailaren 22rako txertatuta bazegoen ere, igande honetarako aurreikusita dagoen eguraldi txarra dela eta datorren igandera atzeratzea erabaki dela jakinarazten dugu. Beraz, Lizarrustiko Parketxean elkartuko gara datorren irailaren 29an, goizeko 11:00etan, eta basozainen azalpen batzuk entzun ostean, Lizarrusti inguruetako leku egoki eta eder batean askatuko dira bi zapelatzak eta amiamoko zuria.

Anima zaitezte!

Hegazti askatzea (data berria)2019

Hegaztiak berriro aske hegan Aralarren

Igeldoko Arrano Etxean sendatutako bi zapelatz eta amiamoko zuri bat askatuko dira

Hegazti askatzea 2019

Datorren irailaren 22an, igandearekin, Lizarrustiko Parketxeko inguruetan, Igeldoko Arrano Etxean sendatutako amiamokoa eta zapelatz batzuk askatuko dira.

Arrano Etxean, askotariko arrazoiak direla medio, zauritutako edo gaixotutako animaliak sendatzen dituzte eta haiek ahalik eta lasterren euren ingurune naturalera itzultzea da xedea. Jarduera berezi honetara bertaratzen direnak, Lizarrustiko Parketxean elkartuko dira goizeko 11:00etan eta azalpen batzuk entzun ostean, Lizarrusti inguruetako leku egoki eta eder batean askatuko dira hegaztiok (15 minutu egin beharko dira oinez).

Plan ederra proposatzen du beraz Gipuzkoako Parketxe Sareak, hegazti hauen inguruan zerbait gehiago ikasteko eta askatasunean euren natura ingurunera nola itzultzen diren ikusteko.

Jarduera doakoa izango da.

Izena emateko edota informazioa osatzeko: 943 18 03 35 / 688 895 069, barandiaran@gipuzkoamendizmendi.net