Tag Archives: Aia

Yoga saio arrakastatsuak Iturraranen

Pasa den larunbatean, ekainak 9, lehendabiziko aldiz, naturan eta familian yoga saioa burutu genuen Pagoeta Natura Parkean Abelina Manso irakaslearen eskutik. Aukera polita izan zuen gerturatu zen orok, ume nahiz heldu, jostatuz yogaren onurez gozatzeko.

Jende asko parte hartu ezinik gelditu zenez, datorren larunbaterako, ekainak 16, beste saio bat antolatu dugu eta honetarako ere plaza guztiak erreserbatuak ditugu. Ea besteren bat antolatzeko aukera dugun!

Advertisements

Ekaina lur busti, hala ere Iturraranen ikasle ugari

Plista-plasta, plisti-plaust… ekaitz, euri eta eguzki artean 400 ikasle inguru Iturraranen aste honetan.

Gipuzkoar, Bizkaitar, Arabar eta Brasildarrak kolorez, zaporez eta usainez mela-mela eta blai-blai.

 

YOGAREKIN NATURAN MUGITUZ ITURRARANEN

Natura ezagutzeko beste modu bat aurkeztu nahi dizuegu oraingoan: entzun, sentitu, erlaxatu eta gozatzean datza 

Horretarako Yoga saio bat antolatu dugu Abelina Manso irakaslearen laguntzaz.

Eguraldi ona izan ezkero lorategi botanikoan burutuko genuke, txarrarekin berriz Iturraran Parketxeko ganbaran.

Tailer hau adin guztientzat dago pentsatua, zailtasunik gabea da, egokia familien arteko lotura eta komunikazioa sendotzeko.

Animatu eta etorri Pagoeta Natura Parkera!

Informazioa eta erreserbak: 943 83 53 89 – iturraran@gipuzkoamendizmendi.net

Anfibio eta narrastien bitxikeriak ezagutzen Pagoetan

Ander Izagirre ez da geldirik egotekoa, eta putzu nahiz harri azpiak ederki arakatu zituen, badaki non topatu altxorrak. Hala, apo arruntak, baso igelen zapaburuak, uhandre ar eta emeak, eta makina bat txantxiku ere ikusi genituen. Txantxiku arrak tartean, emeek aurrez ernaldutako arrautzak soinean zeramatzatela, aitak zamalari lanetan aritzen dira, jaio bitarteko metamorfosia ziurtatuz, arrautz horixkak ipur-gainean itsatsita dituztela.

Zenbat kontu entzun genuen Anderren ahotik, zein baina zein interesgarriago, eta bisitariak gehiagorako gogoz geratu ginen. Ea datorren urtean eguraldi epelagoa dugun eta narrastiek ere bisitaz gozatzelo aukera duten.

16. Landare Berezien Azokari adio…

 

5.500 bisitari, 5.000 landare ezberdin, 50 mintegi, ziento bat bolondres, hamaika irribarre eta zorion. Mila esker guztioi!

Urte guztian zehar Iturrarango ateak zabalik,  5 kontinentetako landareak eta paisaia zoragarria zain dituzue

Landare Azoka bezperan Iturraran edertzen

Lehenengo mintegizaleak hasi dira iristen eta dagoeneko koloreztatu zaigu, lehenez gain, lorategi botanikoa.

Aurten 50 mintegi ditugu, Frantzia, Italia, Espainia, Katalunia eta Euskal Herriko txoko ezberdinetatik etorriak. Guztien artean 3.500 landare mota ezberdin eta 35 espezialitate dakartzate. 

Azokan honako berrikuntzak izango ditugu:

Entresemillas: bildumako landareen haziak (Málaga)

Dorchain Paysages Miniatures: miniaturazko paisaiak (Frantzia)

Lacrouts Vivaces: landare bizikorrak (Frantzia)

Todoplant: sudafrikako uda eta udazkeneko bulboak (Murtzia)

Tres Turons: ur-bazterreko bertako landaretza (Barcelona)

Iturraranen Landare Berezien XVI. Azoka ate joka

Pagoeta Natur Parkean udaberria kolpetik lehertu da, eta Iturrarango Lorategi Botanikoan ere koloreak ugaritu zaizkigu.

Gogotsu ibili gara ikasle artean, erleen burrunbaz goxatuz , ezti, propoleo, erregin jele dastaketan, kandelagintzan, ogi orea eskutan itxuraldatuz, errotarako bidean txoriak entzunaz, bueltan labetik ateratako ogi epelak usainduz…

Eta aste honetan Landare Azokarako ilusio betean ari gara lanean, postuei estalkia jartzen, karteleri eta seinalizazioa antolatzen, biodibertsitate lorategira bisitak prestatzen… laister ditugu mintegizaleak furgonetak landarez gainezka, salmentarako prest.

Landare Berezien XVI. Azokarako ia dena prest!

Iturrarango Lorategi Botanikoa ari da itxuraz aldatzen. Mintegizaleen postuak tente daude dagoeneko eta laister landareez edertuta ikusiko ditugu.

Aurten gainera,  aurreko urteetan baina mintegi-landarezale gehiago eta eskaintza zabalagoaz goxatzeko aukera izango dugu.

Hurrengo asteburuan landareen festan murgiltzeko gogotsu gaude Pagoetako lan-talde desberdinak.