Gaztagintza eta arkumeen sekretuak

Hemen duzue familian ederto pasatzeko 2020. urteko lehen jarduera!

Ondarre gaztandegira (Segurara) bisita antolatu du datozen bi igandeetan, urtarrilaren 19an eta 26ean, Zegamako Anduetza Parketxeak. Ondarre baserriko artaldean arkumeak jaio berri dira eta artzainak Idiazabal gazta egiten hasten dira orain.

Goiza ukuiluan hasiko dugu, bisitariek Latxa ardia gertu-gertutik ikusi eta arkume jaio berriak besoetan goxo-goxo izango dituzte. Gero Ondarre baserrian, artzainek erabiltzen dituzten tresnen bilakaera ikusiko dute. Ondoren, gazta keztatua, keztatu gabea eta gazta-zarra dastatuko dituzte, sagardo eta uraz lagunduta beraien ezaugarriak komentatuko direlarik.

Ondarre baserriko ukuilu eta gaztandegiaren artean egingo den bisita hau, aterpean izango da eta oso egokia da adin guztietako herritarrentzat, baita familientzat ere. Aurrez izena ematea beharrezkoa da, leku mugatua baitago.

Etorri Goierrira, Ondarre baserrian gure zain daude eta!