Aste Santua eta Pazko Astea Gipuzkoako Natura Parkeetan

Burdinolak, erleak, meategiak, saroiak, errotak, mitologia, orientazio jolasak, gaztagintza…

Urtero bezala, aurtengoan ere, gipuzkoar asko irtengo da kanpora Aste Santuan eta Pazko Astean, baina ez dira gutxi (ematen duena baino gehiago) Probintzian geratzen diren herritarrak, eta horiei, jakina, kanpotik hona datozen bisitariak erantsi behar zaizkie.

Urrutira joan gabe natura-aisiaz gozatu nahi duten gipuzkoarrentzat eta ondoko lurraldeetatik nahiz urruneko herrialdeetatik gurera datozenentzat, egitarau aberatsa prestatu dute Gipuzkoako lau Natura Parkeen erakusleiho diren parketxeetan. Guztiontzako planak daude proposamenean: familian egitekoak, bakarka egitekoak, naturarekin loturikoak, kultur ondarea ezagutzera ematen dutenak…

Pagoetako Natur Parkean (Aian), adibidez, Aste Santuko egun guztietan eta Pazko Asteko asteburuan Agorregiko burdinola martxan jarriko da; oraindik hara bertaratu ez den norbait badago, zur eta lur geratuko da hango hauspo, gabia eta gurpil hidraulikoaren mugimendu eta hotsarekin. Iturrarango parketxean bertan borobildu daiteke goiza, erlauntzen irekierarekin harrituz, lorategi botanikoaz gozatuz edo orientazio zirkuitua frogatuz, bai familian, bai bakarka.

IRUDI HANDIA.jpg
Iturraran parketxea (Aia)

 

Aparteko beste aukera Aiako harriko Natura Parkean dagoen Arditurriko (Oiartzungo) meatze-gunea bisitatzea da: kaskoa jantzi, lurraren erraietara sartu eta garai batean ilunpearen isiltasunean han lan egin zuten meatzariek sentitzen zutena bizitzea. Gainera, aurten, txu-txua trenean gerturatu daiteke meategietara, Pagoaldea industrialdetik abiatuz. Beste egun-pasa bat Aiako harria Natura Parketik atera gabe: Hernanin, Akola inguruko trikuharri eta saroiak ikusi ondoren, nahi duenak, Larregaingo sagardotegian amaitu dezake goiza, upel artean, sagardo berria dastatuz.

Tren berdea 001
Txu-txu trena Arditurrin

 

Ataunen ere, Aralarko Natura parkean oraingoan, gorputzarenak ez ezik, izpirituaren beharrak asebetetzeko aukera dago, talo-tailerraren aitzakian, Barandiaran museoa nahiz hango errota eta zerrategi hidrauliko ikusgarria bisitatuz. Aurtengoan, gainera, mitologia orientazio jolasa izango da familientzat. Lizarrustiko parketxea ere hor dago, aterpetxe zein jatetxe eta guzti. Hain gertu, eta, era berean, hain urruti dagoen Natura Parke zoragarriaz gozatzeko mendi ibilaldia egiteko aukera izango dute nahi duten guztiek.

DSC_0048.JPG
Barandiaran Museoa (Ataun)

Eta Aizkorri-Aratzeko Natura parkean zer? Bada, berrikuntza franko. Batetik, Zegaman dagoen Anduetza parketxeak, Goierriko hainbat txoko eder bisitatzeko abiapuntu paregabea denak, zein baino zein erakargarriagoak diren bi jarduera antolatu ditu datozen egunotarako: familientzat orientazio ibilbidea eta “jaten den egurrik ba al dago” saio kitzikagarria, azken hau Anduetzan bertan.

image033 (1)
Orientazio jolasa familientzat

 

Aizkorri mendiaren beste aldean, azkenik, Arantzazu dago. Euskal arte garaikidearen erakuskari ezin hobea den Santutegiaz eta Natura Parkearen sekretuak erakutsiko dizkigun parketxeaz gainera, iaz irekitako aterpetxea dago han, Gandiaga I eraikinean, ondo lo egin eta egun batzuetan autoaz ahaztu nahi dutenentzat. Agerikoa da Arantzazun aisiarako aukerak ugariak direla, baina, labur beharrez, bat aukeratu behar eta honakoa gomendatzen dugu: ibilbide irisgarritik Gomiztegiraino joan, artzaintzaren eta gaztagintzaren nondik norakoak bertatik bertara ezagutu eta, Euskal Herrian gaudenez, nola ez, ardi latxaren esnearekin egindako gutiziekin sabelari atsegin eman.

20170415_110913 (1)
Artzain-zakur erakustaldia Gomiztegin

 

Hori guztia Gipuzkoan eskura izanda, merezi al du urrutira joatea?

Informazio gehiago:
943180335
barandiaran@gipuzkoamendizmendi.net

Udaberriko e-buletina ikusteko eta jardueren inguruko informazio gehiago eskuratzeko sakatu HEMEN.

Advertisements

Utzi iruzkin bat / Deja un comentario

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

w

Connecting to %s