Igaro berri dugun zubian ez dugu aspertzeko betarik izan Aralarko Parketxean.
Ostegun eta ostiralean bisita gidatuak izan ditugu Barandiaran Museoan zein errotatxon.
Larunbatean HipHip Urri ekimenaren barruan talo tailer goxo bat eskaini genuen; gure arbasoen elikaduraz mintzatu ginen, errotan irina nola egiten den ikusi genuen eta nola ez, talo goxo bat egin eta dastatuz amaitu genuen tailerra, hamaiketako ederra beraz!
Atzo, igandearekin, abentura egarria ere asetu nahi izan genuen eta 25 laguneko taldetxo bat Aralarko Troskaeta kobara egin genuen espeleologia irteera interesgarri bat. Aralarko lurrazpiko mundua kanpokoa bezain ederra dela egiaztatu genuen eta egundoko gozatua hartu genuen mendiotako erraietatik barrena.
Laster, sorpresa gehiago izango ditugu, badator eta I. MITOALDIA… egon zaitezte adi!