Eta amets egin genuen…

Atzo, igandez, gauza oso bitxiak gertatu  ziren Lizarrustiko basoan. Goiz misteriotsua izan zen, hasiera-hasieratik amaierara arte. Misteriotsua, magikoa eta… mitologikoa.

500 pertsonatik gora elkartu ginen Aralarko Parketxean, Lizarrustiko baso berezitik ibilaldi eder bat egin asmoz. Eskuak hotzez, baina arnasa bero.

dsc_0084

Hantxe abiatu ginen maldan gora, goizeko 10:00ak aldera, eta hara non, jentil bat ikusi genuen mailoan gora igota, laino artean adarra joz. Lurralde magikoaren zaintzaileak dira eta gainontzeko jentilei abisu ematen ari zen, jende arrotza ari zela basoan sartzen eta adi ibiltzeko gurekin. Haurrak ezin sinetsirik zeuden.

dsc_0089

Laster, asto bat topatu genuen, bakar-bakarrik arrantzaka. Ze arraio ari zen gertatzen? Norena ote zen asto hori? Haurrek dagoeneko begiak erne zituzten, eta belarriak adi. Askok, Olentzeorena izango zela pentsatuko zuten, baina isil-isilik geratu ziren, zer gerta ere.

dsc_0097

Pausu batzuk aurrera, Martin Beltzekin egin genuen topo. Ikazkinak, ikatza urre bihurtzen zuela esan zigun eta baita urrezko txanponak erakutsi ere. Baso honetan ongietorriak ez ginela ere esan zigun, lurralde arriskutsua zela hau, basahuntz eta otsoez gain, sorginak, basajaunak eta torto bera ere inguruotan bizi zirela eta azti ibiltzeko!

Allekuazpiko behatokitik gertu, txondor eder baten ondoan, bi gizonekin egin genuen topo, nagusia eta morroia. Martin Beltzi zakua lapurtu zioten, baina, urrezko txanponak ikatz-errautsez eginak zeudela konturatu ziren gero. Arraioa! Hauek, Aralarko azken gaizkile eta kontrabandistak izango ziren, ziur asko…

bdr

Pagadi berde sakonetik jarraitu genuen guk eta neskatxa ilegorri batekin egin genuen topo. Zuhaitz-enbor batean eserita zegoen, ilea orrazten, patxada ederrean. Hark esan zigunez, Pagomari zen bere izena eta ikusitako astoa, Martin Beltzen andregaia zela argitu zigun. Ikustekoak izan ziren haurren harridura aurpegiak!

dsc_0135

Basoa arraro sumatu genuen, oilarrak kukurrukuka eguerdiz, otsoak uluka goizez…

Halako batean, galdutako neska txiki bat ikusi genuen, negarrez. Kobaren ataritik Torto agertu zen, neskatxari lagundu asmoz. Tortok pauso bat aurrera ematen zuen aldiro, haurrek, pausu bat atzera. Ez da ez makala, ez, begibakarra…

dsc_0159

Orbelezko sakonune batean, sorgin taldetxo bat aurkitu genuen, datorkigun negu latza igarotzeko egurra biltzen. Marimunduko ere bertan zen eta Pagomariri gertatutakoa kontatu zigun, ezusteko ederra… Sanmartin Txikirekin ere egin genuen topo, aurretik ikusitako gauza batzuk argitu zizkigun eta aurreraxeago gaztaiñerre usaia zegoela ohartarazi zigun. Haurrak urduri zeuden, susmatzen baitzuten nondik etor zitekeen usai hura…

dsc_0185

Allekuazpiko basoan aurrera, gaiztaiñerre usaiari jarraituz, hara non, Olentzero eta Mari Domingi! Ezin sinetsi. A ze zorte gurea. Haiekin kontu batzuk egin ondoren, gaztainak banatu zituzten, gutunen truk. Elkarrekin abestu genuen guztiok eta hantxe utzi genituen, opariak ekarriko dituen astoarekin batera, gaztainak erre eta ikatza eginez. Igandera arte, Olentzero!

dsc_0220

dsc_0230
Ederra izan zen ibilaldia, paregabea, hemen jarritakoez gain beste hamaika sorpresaz betea. Etzi Jose Migel Barandiaran hil zela 25 urte beteko dira, eta hari zor dizkiogu atzo ikusitakoak. Hark bildu zituen atzo bertatik-bertara gozatutako kondaira eta leiendak eta guk, bizia eman besterik ez diegu egin kondairoi. Ataunen bizirik dago mitologia, inoiz baino biziago.

dsc_0142

Aralarko Parketxetik, Barandiaran Museo eta Lizarrustitik, miloi bat esker eman nahi dizkiegu atzo Lizarrustira gerturatu ziren familia guztiei, izandako jarreragatik eta sortutako giro goxoagatik! Jentilbaratza Elkarteari, beste behin, zorionak, bikain aritu zineten, eta egindako lanaren ondorio dira atzoko haurren ilusio aurpegiak. Gauza ederragorik ba ote dago?

Sinesten dugun artean biziko dira sorginak, lamiak, torto, basajaunak, jentilak eta Marimunduko. Segi dezagun beraz ametsetan! Hurren arte!

 

 

Advertisements

Utzi iruzkin bat / Deja un comentario

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s