Gaur Aizkorriko txori-kantuak ezagutzera atera gara Anduetza Parketxetik Mikel Olano adituaren eskutik. Giro ezin hobea izan dugu, elurra Aizkorri mendizerran, zelai hezea, haize eza … Hasieratik entzun dugu txoriak kontu kontari ari zirela, garai honetan txoriek kabia kokatzeko lurralde bila dabiltzalako, emea erakarri nahian alde batetik bestera.
Anduetza Parketxearen inguruan, landa ingurunean, hainbat txori espezie ezberdin ikusi eta entzun ditugu. 24 espezie kontabilizatu ditu Mikelek zehatz-mehatz gaur goizean, landa ekosistemaren biodibertsitate aberatsaren adibide garbia.
Bukaera aldera, eta sinestezina badirudi ere, sai zuriaren bikote batek gure gainetik hegan egin du. Sai zuria espezie mehatxatua da eta Mikel Olanok esan digunez Gipuzkoako lurraldean 11 sai zuri bikote daude kontrolpean. Hauetatik 5 bikote Aizkorri-Aratz Natura Parkean bizi dira eta guk horietako bikote bat ikusi dugu bertatik bertara. Goiza borobiltzeko bukaera ederra!