Neguak edertzen du uda

Abenduko eguna, argitu orduko iluna. Hala dio esaera zahar batek. Eta ez du arrazoi gutxi. Abenduko egunak urteko egunik laburrenak izaten dira, argi-ordu gutxi izaten ditugu alegia.

Horrek aldaketa ugari ekartzen du gure aldartera, goibel sentitzen gara eta oro har, ganora gutxiago izaten dugu aire libreko jardueraren bat burutzerakoan. Baina ez gara, gu gizakiok, aldaketa hau sumatzen dugun bakarrak, izaki bizidun orok usaitzen du negua. Urte sasoi honen nortasun agiri dira egun larburrak, gau luzeak eta tenperatura baxuak. Honen hurbilerarekin naturaren koloreek beren diztira galtzen dute, dena ilunago bihurtzen da eta geldikortasuna, sosegua, nagusitzen da. Hotzerako, elurrerako, eguraldi goibelerako prestatzen hasten gara naturako elementu guztiok. Azken finean, negua, baldintza gogorren aurrean dugun egokitze-ahalmena jartzen du azterketapean.

negua zuhaitzaZuhaitzek, guk ez bezala, beren jantzi eta maskarak galtzen dituzte eta biluzik egiten diote aurre neguari. Izaki bizidun orok, biziraute teknika bat ala beste garatu besterik ezin du egin, biziraun nahi badu. Baserrietan neguari aurre egiteko gure altxor kuttunenak ganbaratan gordetzen ditugu, udazkenean jasotako uzta kasu (artoa, garia, gaztainak, intxaurrak, urrak…). Landare eta animalien erreinuek, urtaro gogor honi aurre egiteko beren aktibitatea gutxitzen dute, batzuk ia aktibitate deusa izan arte, esaterako  anfibio eta narrastiak, edota lozorroan sartzen diren hainbat ugaztun (muxarra, saguzaharra, trikua…).

Beste teknika eraginkor bat (milurteak badaramatzate mundu honetan, eraginkorra izango da…) azalpean koipeak batzea da, odol beroa dugunon artean bederen. Zuhaitzen kasuan, hazkuntza gelditu eta fotosintesi prozesua mantsotu egiten dute, energia aurreztu asmoz. Egokitzapen prozesu hauek mota askotakoan dira, zein baino zein interesgarriagoa. Naturaren behatzaile zaretenok, jakin badakizue lotura zuzena dutela izakien jokamoldeek eta urtaroek. Hau da, urtaroaren aldaketarekin batera izaki hauen jokatzeko modua ere aldatu egingo da eta honi bira erdi bat ematen badiogu, izaki bizidunen jokamoldeari erreparatuta urtaro aldaketa bat ondoriozta daiteke. Urte sasoien iragarle direla esan dezakegu. Zientzia honi fenologia deritzo.

Lotura eta harreman hau ulertzea ez da lan samurra. Ondo ezagutu beharra daude ingurua eta bertan bizi diren izakiak. Halabaina, interes pixka bat jarrita lotura hauek aisa egin ditzakegu gure kabuz. Norberak zientzia hau garatzen hasteko adibide bat jarriko dizuegu: kurruiloak azaro aldera euskal lurraldeko turista bilakatzen dira, iparraldeko guneetako negua sumatzen hasten denean hain zuzen. Hortaz, kurruiloak gure zeruetatik hegaka ikusten ditugunean, neguaren atarian guadela ondorioztatu behar dugu.  Badira honekin lotutako makina bat esaera zahar: Berriz ere negua atarian edo Antzarrak pasatu, negua etorri. Hori da gure arbasoek egin izan dutena beti, natura behatu, ondorioak atera eta ondorio horiek jakintza bilakatu. Fenologia urte askotako zientzia dela esan daiteke.

kurruilo

Parketxe Saretik, naturaren behatzaile izateko interesa bultzatu nahi dugu, eta negua ate joka dugunez, nahiz eta askok usaitu duten jada, inguruan gertatzen diren aldaketokin gozatzera animatu nahi zaituztegu. Hurbildu zaitezte gure natur guneetara, begiak zabaldu eta ea zer sekretu lapurtzen diogun naturari… Goza ezazue neguko giroaz, neguak edertzen baitu uda.

Advertisements

Utzi iruzkin bat / Deja un comentario

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s